Dokumentuaren akzioak
Gau Beltzaren tradizioa berpizten ari da Ipar Euskal Herrian
Urtez urte, Euskal Herriko herri ugarik beren egutegian markatu dute Arimen gaua edo Gau Beltza izenarekin ezagutzen den ospakizuna. Baiona, Senpere, Itsasu eta beste hainbat herritan ospakizun bereziak antolatu dituzte aurtengoan. Ohitura hau Estatu Batuetatik heldu den Halloween bestaren aitzinean alternatiba gisa sortu zen.
Gau Beltza ez da soilik haurrei zuzendutako ekimena: urriaren 31n, Euskal Herriko hainbat herritan berpizten ari diren erritual zahar honek, jatorrian, hildakoak gogoratzeko eta udazkenetik negurako trantsizioa irudikatzeko helburua zuen. Gaur egun, tokian tokiko elkarteek eta herritarrek ahalegina egiten dute belaunaldi berriei tradizio hau ezagutarazteko eta berpizteko, horrela, Halloween ospatu beharrean, bertako kulturari eusten diote.
Geroz eta herri gehiagok bat egiten dute Gau Beltza antolatzeko. Egun honen baitan hainbat ekimen eta aktibitate antolatzen dira haur eta helduentzat, hala nola, desfile, kontzertu eta tailerrak. Hona hemen ospakizunerako hitzordu nagusien bilduma.
Ipar Euskal Herriko ospakizunak
Lehen hitzordua Baionan izanen da, urriaren 25ean, ostiralarekin, 19:00etan, espainiako atean. Hortik, desfilea eginen da Baionako karriketan gaindi.
Baina hitzordu gehienak ondotik heldu dira, urriaren 31n, ostegunarekin. Kanbo herrian, arratsaldean zehar, ikastolako eta eskola publikoko buraso elkarteek antolatzen dute Arimen Gaua. Iaz, 200 haurrek parte hartu zuten desfilean eta aurten ere antzeko giroa espero da. Bernadette Jougleux merkatu estalian hainbat jarduera izanen dira. Armiarma sareak eta gau argiak egiteko tailerrak, haurrei makillaje tailerrak eta herriko kaleetan musika eta dantzak izanen dira.
Urruñan, berriz, Gau Beltza ospatzeko eragile anitz bildu dira. Berttoli elkarteak sustaturik, Hazia, Airoski eta beste zenbait talderen lankidetzarekin, ospakizunaren bigarren edizioa antolatu dute. Aurten ere, haurrei tailer bereziak eskainiko dizkiete, besteak beste, mozorroak egitea, makillaje saioak eta ipuin kontaketak. Eguna bukatzeko, su baten inguruan elkartuko dira, dantza, kantu eta musikaz gozatzeko.
Bide beretik, Itsasun 10:00etan eman du Arimen gaua ospatzeko hitzordua, kuien apainketa tailerra proposatuz. 17:30etan desfilea izanen da Plazatik Atharrirat. Itsasuko hiru eskoletako haurrek bertsu, kantu eta dantzak emanen dituzte eta aperitifa batekin borobilduko da eguna.
Senperen eta Hendaian ere emanen diote garrantzia ospakizunari. Senpereko pilota plazan, tailerrak, kalabaza lehiaketa, eta aperitifa partekatua izanen da 18:00etatik goiti. Hendaian, sorginen dantzaldiarekin hasiko da ekitaldia, ikusgarri eta musikarekin segituz.
Dokumentuaren akzioak