Egunotan buru-belarri ari gara Gau Beltzaren prestaketa lanetan. Zaila izaten da azaltzea dendari, tabernari, haur eta gizarteari, oro har, Gau Beltza ez dela Halloween-en euskarazko itzulpen hutsa, horrela saltzen baitigute auzo elkarte eta taberna askok. "Baina hori berria da, ezta?", entzun behar izan dut egunotan, Halloween betikoa eta oso gurea balitz bezala... Baina azter ditzagun gau magiko honen sustraiak.
Europako herri zaharren sinesmenetan bizidun guztien barnean bizi-indar bat zela pentsatzen zuten. Euskaldun zaharrek gogoa deitzen zioten bizi-indar horri. Gorputza hiltzean, gogoa libratzen zen beste bizidun baten barruan sartzeko. Erleek laguntzen zuten gogoa betiereko gurpil horretan sartzen, eta argizaiolak pizten zituzten bide horretan laguntzeko. Urriaren bukaeran familiaren gogoei dei egiten zieten, bide horretako bazterretan ezkutaturik ziren indar ezkorrak uxatzeko. Izpiritu gaiztoengandik babesteko arropa zaharrez janzten ziren, horrela jantzirik, espiritu txar baten itxura harturik, ezagutuko ez zituztelakoan eta min eginen ez zietelakoan.
Kristautasunak jai pagano zaharrak bereganatu eta Domu Saindua eta Hilen Eguna ezarri zituen. Irlandar eta eskoziarrek Halloween eraman zuten, eta handik itzuli da kontsumismoaren bidez, gure ohitura zaharrak lausotuz.
Zorionez, Topaguneak (Taupa) herriz herri ekimenak abiatu zituen ohitura horiek berreskuratzeko. Testigantzak, dokumentalak eta esperientziak bildu dituzte, gure jaiaren oinarriak finkatuz: euskararen erabilera, komunitatearen indarra, iluntasunaren bizipenak edota naturarekiko lotura. Eta nola ospatzen zuten gau hau 1940 eta 1950eko hamarkadetan? Nire aitona-amonen testigantzak dakarzkizuet:
Aitxitxa (Oñati, 95 urte): "Kanposantura joan eta kandelak pizten genduzan. Gero etxian danbolinan gaztaina erreak jan eta sagardauakin kantuan ibiltzen ginan. Txikitan basoan jasotako gaztainekin negu osorako gaztainak izaten genduzan. Gauero gaztainak esne baso batekin eta ohera".
Amama (Guardia, 88 urte): "Arimen gaua (Noche de las ánimas) ospatzen genuen. Arimak purgatoriotik pasa behar ziren, arazteko. Patatak eta kalabazak hustu eta eskaileretan jartzen genituen. Gero, kalera atera eta bizilagunak beldurtzen aritzen ginen, bihurrikeriatan".
Gertukoen oroitzapenek lagun diezagutela galdutako memoria berreskuratzen. Auzoz auzo, herriz herri, jarrai dezagun lanean: iluntasuna bizi, beldurrei aurre egin!
Mitxel Elortza Exea.



