Dokumentuaren akzioak
Gau afrikarraren lilura
Kriktika, 'Boyakodah'
Georges Momboye konpainiak Miarritzera ekarri du gau afrikarraren lilura, Maitaldiaren baitan. Ikusgarria erabateko iluntasunean hasten da, eszenako atzealdean izarrez beteriko zerua irudikatzen dela eta gaueko hots misteriotsuak entzuten ditugula.
Apurka-apurka musika tresnek osatutako lerroa agertuko da. Bertatik bost perkusio mota, zeharkako flauta eta gitarra joko dute taldeko sei musikariek, erritmo harrigarriak eta jazz afrikarra maisuki tartekatuz. Instrumentu haien pean eta, behar denean, emakume ahots eder baten laguntzaz murgilduko gaituzte beren dantzaren munduan.
Jatorria Boli Kostan duen talde honek ez du, baina, afrikar dantza folklorikoa egiten, konpainiaren estiloa askoz garaikideagoa baita. Dena dela, zaila da marra batekin bereiztea zer den garaikidea eta zer tradizionala Momboyeren koreografietan, mundu biak etengabeko elkarrizketan daudelako emanaldian zehar: antzinakoak espiritua, jatorriekiko maitasuna eta erroetatik datorren bizia ematen dizkio garaikideari. Gaurko lengoaiak, aldiz, biziberritu egiten du beste era batean fosil bihurtzeko arriskuan egongo zena.
Gauzak horrela, koreografoak distantzia eta urreneko perspektibatik hartzen ditu bere kontinenteko ikur ezagunak Ðaleak ehotzeko egur-ontzia, ehizarako makila luzeak...Ð eta edertasun pasarte ugariak eraikitzen ditu erritmo frenetikoetan eta koloretasunean oinarrituta. Bestalde, ez dira ahaztu behar umoreari eskainitako momentuak, publikoaren txalo zaparradak piztu zituztenak. Haien artean bereziki gogoratzen ditut bi hauek: hiru gizonen aurpegi liluratua emakume baten dantza probokatzailearen aurrean, eta dantzari batek eskuekin irudikatutako animalien arteko jolasa.
Azkenik, konpainiak badu berariazko ezaugarri bat, neronek asko estimatzen dudana, alegia, norbanakoen askatasunak bere tokia duela mugimenduen garapenean, batzutan dantza egiteko gogoa eta gorputzen energia nagusitu egiten direlako talde diziplinaren gainetik. g Agus Perez
Dokumentuaren akzioak