Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gatazkek tradizioa biziberritu dezakete»

Dokumentuaren akzioak

«Gatazkek tradizioa biziberritu dezakete»

Atzekoz aurrera. Oier Araolaza. Dantzaria

Euskal dantza tradizionalean emakumea baztertzeko XX. mendean harturiko neurriak eta horiek atzera botatzeko eginiko ahaleginak aztertuko ditu dantzari eta antropologo elgoibartarrak gaur.
Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/02/25
Lotura
Berria

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, Gipuzkoa, 1972) Eibarko Kezka Dantza Taldeko arduradun eta dantzaria izan da, eta Elgoibarko Haritz zein Donostiako Argia taldeetan egin du dantza. Antropologoa ere bada, eta dantzaren inguruan idatzi du. Dantzan.com Interneteko gunea kudeatzen du. Izaskun Ellakuriagak elkarrizketatuko du gaur, Generoa dantza tradizionalean izenburupean, 19:00etan, Durangoko (Bizkaia) Plateruenan.

Garaia heldu da poxpolin jantzia sutara botatzeko eta genero markarik gabeko dantzari arropak erabiltzeko?

Ez da erraza. Gizartean ere kontrako joerak agertzen zaizkigu, behin eta berriz. Testuinguru batzuetan, egunerokoan, esaterako, erabiltzen ditugu jantzi androginoak, edo genero markarik nabarmenik gabekoak. Baina geure burua atondu nahi dugunean, genero marka berehala agertzen da, oso gordin, eta batzuetan muturrera eramaten dugu, ezkontzetan esaterako. Ezkontzetako jantzi zuria zakarretara botatzen dugunean, agian orduan helduko da unea.

Mutilek dantzarako erabiltzen duten arropa ez dela berez gizonezkoena, baizik eta «dantzari jantzia»; hori esana duzu lehen ere. Eredu hori proposatzen duzu?

Poxpolin jantzia asmakizun berria da, XX. mendearen hasierakoa. Asmatu egin zuten, emakumeek har ez zezaten dantzari jantzia. Orduan hartu zuen ezpata dantzari jantziak mutilen arroparen genero marka. Bereizketa hori ardatza da, oso garrantzitsua, eta horren gainean dago eraikita diskurtso osoa. Horretaz jabetzea kostatu egiten zaigu, eta askotan ez dugu nahi izaten.

Nork egin du jantzi androginoen kontra gogorrenen, gizonezkoek edo emakumezkoek?

Emakumezko gazteek. Oso polita da kontua, geure kontraesanak agerian uzten dituelako. Batzuetan, pentsatzen dugu geure kontzientzia oso aurreratuta dagoela; baina ez. Oso oinarrizko sentimenduak askatzen dira honetan. Ez da erresistentzia gogorra, dena den, eta ez da beti agertzen. Baina, hortxe dago. Genero markarik gabeko jantziak erabiltzeko saioak egin ditugu, bien osagaiak zituztenak, denak eroso sentitzeko modukoak. Baina dantzari batzuk ez dira eroso sentitu, euren gorputzei behar bezalako distira ateratzen ez diolakoan, gorputz bakoitzaren ezaugarriak lausotu egiten dituztelakoan.

Are gogorragoa litzateke aurkakotasuna, mutilek aldatu beharko balute?

Gona erabiltzen dute, esaterako Oñatiko [Gipuzkoa] Corpus jaietan. Ez du arazorik sortzen testuinguru horretan genero markarik ez duelako, ez da emakumezkoen jantzia. dantzari marka du. Ondarroan [Bizkaia], Zapato Azule jaian, mutil batzuk hasi dira gona urdina erabiltzen, euren kasa. Horrek badu probokazio eta inauteri puntu bat, baina izan daiteke saio bat genero marka kentzeko dantzarako arropari.

Zein da biderik egokiena berdintasuna txertatzeko tradizioa madarikazio bihurturiko alorretan?

Ikusmolde zurrunak malgutu eta deseraiki behar ditugu, konturatuta horiek berriak direla eta emakumea baztertzeko sortu zituztela, jaietako dantza errituak boterearen agerraldi uneak izan direlako. Emakumea botere espazio horietatik baztertua bazegoen, logikoa da horien irudikapen erritualetik ere baztertuak izatea. Ez dakit ausardia den hitza, baina behintzat zintzotasuna behar genuke geure helburuak berriz planteatzeko. Urrats hori egin dezakegula jakin behar dugu, eta ez pentsatu nahitaezko tradizio bati lotuta gaudela.

Gatazka planteatzeak ez dio kalte egingo dantza munduaren giroari?

Irun eta Hondarribiko [Gipuzkoa] kasuetan ikusi da gatazkak berak alardeen osasuna sendotu egin duela. Sutara egurra botatzea bezala da. Tradizioak hiltzen dira inori axola ez zaizkionean.

Dokumentuaren akzioak