Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Gata sombra'

Dokumentuaren akzioak

'Gata sombra'

Letra jorran

Egilea
Ixiar Rozas
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2006/01/24

Gorputzari buruzko hausnarketa nagusi egin da azken urteotan, eta diziplina artistikoetan barrena hedatzen doa ezinbestean. Dantza egiterakoan, gorputzarekin idazten da nolabait, batez ere praktika testualetik abiatzen den dantza garaikidean. Egungo sorkuntzak erakusten du kristau tradizioan burua eta gorputzaren artean egin ohi den banaketa antzua dela, eta bien ahalmenak bat egiterakoan indartu egiten dela, eta biderka daitekeela bideoaren erabilpenarekin.



Gorputzaren presentzia erabatekoa egiten da Moare taldeak aurkeztu berri duen Gata sombra dantza eta bideo piezan. Baina aurretik begiratutako gorputza da aurkezten zaiguna, ez da begiratua izateko eskaintzen, duen ahalmen guztia kanporatzeko prest dagoen indarra bezala baizik. Indar sotila, autosufizientea, eta ondorioz sobran dago gure ekarpena begirada horretan. Bere gorputzarekin eroso ikusten ditugu, beraz, Idoia Zabaleta, Sara Paniagua eta Leticia Morales, batez ere azken hau, biluztasunak eta gorputzak bat egiten baitute bere kasuan modu probokatzailean. Azken honek agintzen du, «tú, no me mires», pieza osoan esaten den esaldi bakarrean.



Hiru dantzariak katu bilakatzen doaz, animali, norbere gorputzaren itzala. Piezan zehar Artiumeko aretoan proiektatzen doazen bideo eta itzaletan eta gorputz zatien bikoizketarekin jolasten doaz sortzaileak. Eta presentzi bilakatzen doaz, katuaren dotorezia eta duintasunarekin mugitzen dira espazioan, hura bereganatu arte. Ikuslearen begiradaren nagusi egiten dira, eurek agintzen dute horretarako propio sortutako espazio mugikorrean. Lurrean dauden linoleo zatiekin harrapatzen dituzte une batez, konturatzeke, txundituta zeudelako mugitzeko ahalmenik gabe geratu direnak. Karratu baten barruan geratzen da orduan ikuslea, begiraden kaiola batean harrapaturik. Animaliak kanpoan, gizon-emakumeak barruan. Egina dago metamorfosia: ni animalia bilakatu naiz, ez dut zure beharrik ezertarako esanez bezala. Ez dagoela erdibiderik, alegia, edo animalia edo emakumea.

Dokumentuaren akzioak