Dokumentuaren akzioak
Garizumaren ziabogan
Marc Hanssens Antwerpenen bizi da. Ondare historiko-artistiko aberatsa,
portu erraldoiaren inguruko merkataritza eta modako azken joerak
biltzen dituen hiri ederrean hiritar arrunta da Marc Hanssens, baina
badu ohitura berezi bat. Urtero, garizuma erdian izaten da. 1971n egin
zuen estraineko saioa, eta ordutik 36 urtetan ez du kalerik egin Der Antwerpener Schwerttanz delakoan. Orain egun batzuk egin du berriz. Inauteri eta Aste Santu bitartean, garizumaren ziabogan izaten da data.
Marc Hanssens eta beste 24 lagun alkondara eta praka zuriz jantzi dira,
belaun azpian kaskabiloak zintzilikatu dituzte, ezpata bana hartu eta
goizeko lehen orduan elizaren aurrean elkartu dira. Ezpatak elkarri
eman eta danborraren erritmora dantzan hasi dira; goiz osoa eman dute
Antwerpen hiri zaharraren kaleetan gora eta behera, ezpata-dantzan.
Markina izan zitekeen. Edo Deba, edo Zumarraga, edo Lesaka... Baina
Anberes da, eta eliza baino katedrala da aurrean dutena. Gutxienez XV.
mendetik dantzatu dira ezpata-dantzak Flandesen. Euskal Herrian ere hor
ingurukoak ditugu datu zaharrenak. Estrofa zahar batean jaso zuen
norbaitek: “Carlos quintoren baratzan Aquerrac espata dantzan”.
Antzekotasun izugarriak dituzte Flandeseko eta Euskal Herriko
ezpata-dantzek. Jantzi zuriak, gerriko eta apaingarri koloretsuak,
txintxarriak belaunazpian, eta ezpatak eskuan. Ezpatak elkarri emanez
taldea osatzeko modua ere antzekoa da. Flandesen eta Euskal Herrian
egiten dira mota horretako ezpata-dantzak, baita Kantabrian, Galizian,
Alsazian, Tirolen, Txekian, Silesian, Transilvanian, Gaztelan,
Katalunian, Valentzian, Portugalen, Eskozian eta Ingalaterran ere.
Marc Hanssens-ek harrotasunez kontatzen ditu garizuma erdiko
ospakizunean ezpata-dantza eginez daramatzan urteak. Bera da egungo
taldeko beteranoena, eta hori ohoretzat du. Gazteek begirunez ikusten
dituzte adineko ezpata-dantzariak. Ez dute gazteen sasoirik, baina
gazteek badakite beteranoekin asko dutela ikasteko.
XX. mende hasieran izan ziren aguretzen hasitako aurreskularien
norgehiagoka batzuk. 1912an, Zarauzko Euskal Jaietan, Manuel Txapartegi
Amuña
atera zen plaza erdira bere dantzari trebetasunak erakustera. 70 urte
zituen. Iurretan, bost urtetik behin egiten den Urrijena jaian,
plazerra izaten da 50 eta 60 urtetik gorako gizonak dantzari-dantza eta
erregelak egiten ikustea. Ez dut ahazteko orain urte batzuk Garaiko
adineko gizon talde bat dantzan ikusi nuenekoa. Eta aldian behin,
hunkigarria izaten da 70 urteak urruti ez dituen Kepa Artetxe
galdakaorra dantza soltean ikustea. Gatza eta piperra zer den erakusten
du aititek. Nik 35 urte bete ditut oraintsu. Nire garizumaren
ziabogan ote nago? Badauzkat urte batzuk aurretik dantzan hobetzen eta
gozatzen jarraitzeko.
Dokumentuaren akzioak