Dokumentuaren akzioak
Gari Otamendi: «Filma bisualki oso indartsua da»
Zinema aretoetan dagoen 'Dantza' pelikularen protagonistetako bat da Gari Otamendi (Añorga, 1980).
Noiz erabaki zenuen dantzari izan nahi zenuela?
Bospasei urterekin hasi nintzen dantzan Añorgan bertan, Arkaitz dantza taldean. Lau anai-arrebetatik gazteena naiz eta laurok egiten dugu dantza. Askotan iruditzen zait kontzientzia izan aurretik ere, dantza taldearen inguruan nenbilela. Nire buruari oso berandu galdetu diot dantza ea zergatik egiten dudan. Añorgan Josema Mendiola geneukan dantza-maisu eta garai hartan Argia dantza taldeko dantza-maisuetako bat zen. Haren bitartez Argiaren ikuskizunetan parte hartzen hasi ginen.
Nik lehenengoa 1987an egin nuen, 7 urte nituela, eta ordutik Argian nabil. Josemak erakutsi zizkigun oinarrizkoak diren gauza guztiak, eta oso eskertuta nago horregatik. Berak Argian jaso zuen Euskal Herriko dantzen errepertorio zabal bat, eta guri erakutsi zigun. 12 edo 13 urterekin Argiarekin entseatzen hasi nintzen, eta orduan errepertorio hori gehiago landu eta findu nuen Jexus Larrea, Iñaki Arregi eta Fernando Aristizabal dantza-maisuekin. Urteak aurrera joan ahala eta Argiak ikuskizunak egin ahala, ni ere urteak betetzen joan naiz.
Argiaren ikuskizunak eta sormen prozesuak, Juan Antoni Urbeltz eta Marian Arregiren ikerketa prozesuaren erritmo berean joan izan dira, eta ikerketa horietatik ateratako sortze eta birsortze lanetan parte hartu izan dut. Nire ustez Dantza pelikulan ateratzen diren dantzak, eta batez ere, dantzaera, urte hauetan guztietan landutakoaren ondorioa dira.
Nola iritsi zitzaizun Dantza pelikulan parte hartzeko aukera?
Telmo Esnal dantzari moduan ezagutu nuen umea nintzenean. Oso dantzari ona zen. Film laburrak egiten hasi zenean eta Aupa Etxebeste! egin zuenean ezagutu nuen bere zuzendari papera. Koldobika Jauregirekin batera hasi zuen proiektua, eta beraiek argi zeukaten Dantza pelikula egiteko orduan Juan Antonio Urbeltzekin eta Argia dantza taldearekin egin nahi zutela. Orduan, proiektuaren parte izateko proposamena modu kolektiboan iritsi zitzaigun: taldeari egin zioten. 2013an egin ziguten proposamena eta niretzat oso erakargarria izan zen. Ni ez naiz zineman aditua, baina asko gustatzen zait.
Nolakoak izan ziren grabaketaren hilabeteak?
Grabatzen hasi aurreko bidea neketsua izan zen animo aldetik. 2014an eszena bat grabatu genuen, gaur egun nahiko ezaguna izan dena. Igartubeitiko dolarean grabatu genuen eszena bat izan zen, sagar artean egindakoa. Zati hori zabaldu zuten, eta jende askok film labur bat zela pentsatu zuen. Finantziazioa lortzeko asmoz grabatu zuten, baina pelikula bat egiteko dirua lortzea kosta egiten da. Gorabeheraz betetako bizpahiru urte izan ziren, batzuetan grabatuko zela esaten zuten, beste batzuetan ezetz… Azkenean 2016ko irailean dirua lortu zuten eta proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. 2017an grabatu genuen beste guztia, urtarriletik abendura bitartean.
Pelikulan agertzen zareten pertsonak ez zarete aktoreak, dantzariak baizik. Zailtasunik izan zenuten grabatzerako orduan?
Gu ez gara dantza egitetik bizi eta horregatik asteburuetan eta jaiegunetan egin genituen grabaketak. Bi arazo nagusi izan ditugu. Alde batetik, eszena gehienetan hogei eta berrogei pertsona artean daude, eta denak norberaren lan orduetatik kanpo elkartu behar izan genuen. Askok jai egunak eskatu behar izan zituzten horretarako.
Bestetik, urtaroek garrantzia handia dute pelikulan, eta eszena askok urte sasoi zehatz bat eskatzen zuten. Ekuazio horri erantzuna ematea ez da erraza izan. Gainera, zinema munduko pertsonak ohituta daude grabazio jarraituak egiten, sei edo zazpi astekoak, eta alde horretatik beraientzat konplexua izan da proiektu hau. Hala ere, zinemagileen lan taldearekin oso ondo moldatu gara. Ikustea pelikula bat nola egiten den eta horren parte izatea, sekulako esperientzia izan da.
Era berean, dantzari taldekoek urte asko daramatzagu batera dantzatzen, eta parte hartu dugunak lagunak gara. Batzuek paper protagonistagoa dugu, eta ni horrekin oso pribilegiatua sentitzen naiz, baina niretzat garrantzitsuena da belaunaldi oso bat irudikatzen dela pelikulan. Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik egin duten ibilbidean, beraien inguruan sortu den egitura eta paradigman murgilduta urte asko daramatzagu batzuk, dantza lengoai oso bat sortzen eta birsortzen. Dantza pelikula lengoaia hori erakusteko eta anplifikatzeko aukera izan da.
Zinemagintzan ohikoak ez diren lengoaiak erabili dira pelikulan. Dantzak, musikak, irudiak eta jantziek berebiziko garrantzia dute…
Gai horri buruz hitz egiteko abiapuntu polita izan daiteke Urbeltzek dantzari buruz beti egin izan duen definizioa. Dantzak mugimenduan dauden sinbolo gisa definitzen ditu. Horren atzean dagoen mundu ikuskeraren atzean metaforak daude. Alde horretatik Koldobika Jauregik eta Javi Agirrek argazkiarekin, sekulako lana egin dute.
Egia esan, lotsak alde batera utzita, jantziak lehen aldiz ikusi nituenean itsusiak iruditu zitzaizkidan, baina pantailan ikusi ditudanean, kromatismo aldetik, esaterako, asko gustatu zaizkit. Argia konpainian garatu dugun dantza egiteko era tradizionala da, eta era berean onduta, birsortuta eta landuta dago. Korronte horretako elementuak, dantza, musika, argazkia eta mugimendua, pantailan ezkontzen dira. Emaitza bisualki oso indartsua da.
Pascal Gaigneren musika hasiera ere hasiera batean arrotza egin zitzaigun, grabatzen ari ginen bitartean guk ez genuelako musika entzuten. Ohituraz orkestra-ereduekin lana egiten dugu, eta aldaketa hori da, agian, gehien kostatu zaiguna. Baina pelikula muntatuta ikusi nuenean emaitza izugarria iruditu zitzaidan.
Gustura zaudete pelikulak izan duen harrerarekin?
Nik, egia esan, uste nuen pelikulak arrakasta izango zuela gure lurraldetik kanpora ateratzerakoan, baina ez da horrela izan. Oso harrera ona izan du, eta honekin lotuta Añorgari aipamen txiki bat egitea gustatuko litzaidake. Pelikula estreinatu zenetik auzoko batek baino gehiagok komentatu digu sekulako harrotasuna sentitu duela, zinera sartu eta Añorgako horrenbeste jende ikustean. Josema Mendiola maisuari esker, Añorgako askok Argian jarraitzen dugu dantzan, eta pelikulan parte hartu ahal izan dugu, paper nagusiak eginez. Gainera, Leitzan grabatu genuen eszena batean, auzoko dantzari gehiagok parte hartu zuten.
Joseba Astarbe, esaterako, Astigarragakoa izan arren, Añorgako dantza taldean ibiltzen da, eta oso lan ona egin du filmean. Egoitz Irazabeitia ere asko ateratzen da, eta orain bera da Añorgako dantza maisua. Auzotar askok esan digute, ilusio berezia egin diela aurpegi ezagunak ikusteak, eta nolabait, bere sentitu dutela pelikularen arrakasta. Ni horrek bereziki poztu nau.
Zigor Etxebeste zinema kritikaria eta IRUTXULOKO HITZAren kolaboratzaileak Dantzapelikularen kritika idatzi zuen asteakri berriko lehen alean.
Dokumentuaren akzioak