Dokumentuaren akzioak
Garbiñe Aizpitarte: "Zoriontsu izan naiz Gabotan"
Gaur emango du Gabotan azken dantza eskola Aizpitartek. (Amaia Urbieta Arruti)
Hogeita hamaika urteko ibilbidearen ondoren, gaur emango du Garbiñe Aizpitartek (Tolosa, 1958) azken dantza klasea Gabota dantza eskolan. Ehunka gaztetxo zarauztarrek ikasi dute berarekin, izan dantza klasikoa, izan euskal dantzak. Gabota izan da Aizpitarte dantzarekin lotu duen proiektu handiena eta pertsonalena, baina hamaika saltsatan sartuta ibili da beti. Erretiroa hartzear denez, atzera begira jartzeko garaia heldu zaio, eta dantzari lotutako erabakiekin bete-betean asmatu duela irizten dio: “Zoriontsu izan naiz Gabotan”.
Txiki-txikitatik aritu da dantzan Aizpitarte. 12 urterekin joan zen Zarautzera bizitzera, eta berandu baino lehen Hodeiertz dantza taldean sartu zen. Oroitzen du “oso gustura” aritu zela. “Klasikoko barra egiten genuen, baita euskal dantzak ere”. Xabier Landaburu zen taldeko zuzendaria, eta Maria Antonia Urangak irakasten zien dantza klasikoa. Bi haien eskutik jaso zuen formakuntza Aizpitartek. Beste hainbat zarauztarrekin batera, Zinema pilotalekuko goiko solairuan entseatzen zuen. “Gustatzen zitzaidan, garai hartarako koreografia berriagoak egiten genituelako, gaur egun egiten direnen antzekoak; ez ginen talde oso tradizionala”, esan du.
Baionako Etorki dantza taldean sartu zen handik urte gutxira, Philippe Oihanbururen zuzendaritzapean. Zarautzen beste lan bat zuen, eta dantza eta biak uztartzen zituen. 1981ean, ordea, munduan barrena bira egitekoa zen Etorki, eta orduan erabaki zuen Aizpitartek Zarauzko lana laga eta haiekin joatea. “Orduan hasi zen dantzari lotutako nire bizitza profesionala”. Erabakia hartzea “erraza” izan zela kontatu du. “Beti gustatu izan zait dantza egitea; pasioa izan da. Beti sentitu naiz ondo dantzatzen”. Zenbaiten iritziz “zorokeria” zen uneko lana laga eta dantzara joatea, baina asmatu zuela uste du.
Hurrengo urteetan beste hainbat antzerki eta dantza taldetan ere aritu zen: Bilboko Akelarren Luis Iturri zuzendariarekin, nahiz hiri bereko Karrakan, Ramon Barearekin. Dantza garaikideko konpainia bat ere sortu zuen bi lagunekin: Ekarle.
“Asebeteta”
Hamar bat urtez hainbat talderekin dantzan aritu ostean, 1991n, Gabota dantza eskola zabaldu zuen Zarautzen. Gustura zegoen hartutako erabakiarekin, baina hasierako urteak “gogorrak” izan ziren. “Eskola bat zabaltzen duzunean, jendeak artean ez zaitu ezagutzen. Negozio guztietan bezala, ez da erraza hasiera”. Hiru urtez ia-ia geratu ere egin gabe ibili zen, lanaren “oso esklabu”. Dena den, urte haien ondoren ikusi zuen martxa hartu zuela eskolak.
Irakasten oso gustura aritu zen, baina bere beste “drogatxoa” dantzatzea zuen, eta noizbehinka deitzen bazioten gustura joaten zen dantza taldeekin bidaiatzera eta emanaldiak eskaintzera. Ordurako, gainera, bere ikasle izandako Mireia Alberdi hasia zen irakasle lanetan berekin. Dantza eskolaren ibilbidea “oso ondo” joan dela azaldu du, ez dela gatazkarik izan eta “diskrezioz” jardun dutela beti. “Badaude pertsona batzuk nirekin hasi zirenak duela 31 urte, eta hemen jarraitzen dutenak. Trantsizioa nirekin batera egin dute, eta horrek asko asebetetzen nau”. Aizpitarteren erretiroaren ondoren, Alberdik helduko dio haren lekukoari, eta horrek ere asko pozten du.
Askotariko ikasleak
Gabotako ikaslerik gazteenek 5 urte dituzte, eta hortik hasita, adin guztietakoak joaten dira, gazteenak dantza egitera, eta helduagoak luzaketak egitera. Aizpitartek dio jendeak galdetu ohi diola ea dantzari profesionalik atera den Gabotatik, eta hor “nahasmena” egon ohi dela azaldu du dantzariak. “Ikusten badugu baten bat ona dela, hori Mentxu Medelen Thalia dantza eskolara bidaltzen dugu”. Eskola ezaguna da Thalia; esaterako, bertan ikasi zuen Lucia Lakarra dantzari zumaiarrak. “Hurrengo fasea, audizioena eta, Mentxuk badaki nola egin. Hori beste mundu bat da, oso-oso gogorra”, azaldu du Aizpitartek.
Gabotaz gain, ordea, ikastetxeetan ere aritu da euskal dantzak irakasten Aizpitarte. Eskola zabaldu zuen urte berean hasi zen herriko ikastetxe guztietako LH 4ko ikasleei dantzan irakasten, eta hogei urte egin ditu horretan. Beraz, gaur egun 21 eta 41 urte artean dituzten zarauztar guztiei –bertako ikastetxeetan ikasi dutenei– eman dizkie eskolak. Udalaren programa bat zen hura, eta 2011n amaitu bazen ere, La Salle ikastetxean aurtengo ikasturtera arte jarraitu du.
Gustura aritu da horretan ere. Badaki irakasle zorrotza izatearen fama duela, baina nahita egiten duela esan du: “Matematika edo beste edozein irakasgai balitz bezala irakatsi nahi nuen. Ikasleei ez nien notarik jartzen, baina zorrotza nintzen klaseetan, kurtso bukaeran denek egin behar zutelako dantza. Hori zen nire erronka”. Zerbait lortzeko, irakasle bezala “distantzia” hartu behar du Aizpitartek; horixe da bere funtzionatzeko modua.
Alprojan, sorreratik
Hodeiertz taldean zebilela, Aizpitartek eta beste hainbat taldekidek Alproja Zarauzko antzerki taldea sortu zuten, 1978an. Ordutik, urtero-urtero Euskal Jai eguneko antzerkia antolatu du taldeak, eta sorreratik 2005era arte, Aizpitarte izan zen koreografien arduradun. Lehen urtean, 1978an, Ezkontza Zaharra irudikatzeko desfilea egin zuten. “Ez genuen ez oholtzarik ez ezer, baina beste talde batzuekin elkartu ginen, eta lehengo ezkontza bat antzeztu genuen, pertsonaia guztiekin. Munoan bukatu zen, eta oso polita izan zen”.
Behin hazia ereinda, antzerkian aritzen zen Zarauzko talde batekin elkartu ziren hurrengo urtean. Batek gidoia osatu zuen, eta haren inguruan sortu zituzten dantzak eta gainontzekoak. “Dantza potenteak” sortzen zituztela dio Aizpitartek: “32 lagun ibiltzen ginen dantzatzen zortzikoak eta ezpata dantzak, eta landutako saioak egiten genituen”.
Gogoratzen du ia astero elkartzen zirela Alprojako hainbat kide antzerkia prestatzeko: Inaxio Martiarena eta bera dantza arlotik –beste hainbaten artean–, Mikel Elortza gidoilari, Mitxel Gorrotxategi eta Patxi Santamaria antzerkitik… “Bakoitzak bere arlotik egiten zuen ekarpena, eta forma ematen genion denari”. Gaur egun ere jendetzak hartzen du parte antzezlanean baina, Aizpitarteren arabera, 100 lagunetik gora aritu izan ziren zenbait urtetan. 2005ean lekukoa pasatu zien belaunaldi berriei, eta orduan hasiberriak ziren gazte haiek “zoragarriak” direla dio. Beste batzuekin batera, haiek jarraitzen dute antzezlan hori zuzentzen egun.
Dantzan jarraitzeko asmoz
Etorkizunaz galdetuta, Aizpitartek garbi dauka behin erretiroa hartuta, lan izaerako loturarik ez duela nahi. Dantzarekin lotutako “kapritxoak” baditu, ordea, eta hainbat saltsatan dabil han-hemenka.
Esaterako, urrian estreinatzekoak diren Mayi pastoraleko koreografiak berak egin ditu, eta horretan dabil murgilduta. Zugarramurdiko (Nafarroa) kobetan egingo dute pastorala lehen aldiz, eta esperientzia ederra ari da izaten zarauztarrarentzat. Pastoraletan “zenbait arau errespetatu” behar dira, ez da antzezlan libre bat. Halako kontuen berri izatea, ikastea eta jende berria ezagutzea izugarri gustatzen zaio, eta beste erritmo batean bada ere, Euskal Herriko dantza munduari ekarpenak egiten jarraituko du aurrerantzean.
Dokumentuaren akzioak