Azken urteotan adinekoentzako dantza klaseak ere ematen ditu, eta, Alain Mayarekin batera, Garazi Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia, 1993) da irakaslea.
Dantzaria zara. Zein izan da zure bidea?
Dantza nire bizitza da, haren inguruan doa nire bizitza. Zaletasun bezala hasi nintzen dantzan, baina denborarekin, 18 urte nituenetik, lanbide ere badut. Konpainia askotan ibili naiz, eta zorte handia izan dut, egia esan.
Ez da erraza izango kultur arlotik bizitzea...
Esaten didate zortea bai, badudala, baina lana ondo egin dudan seinale dela. Hori ere sinetsi nahi dut. Zortea izan dut, baina zereginean erne eta tinko aritzea ere ez da erraza. Eta egon behar duzu, arlo honetan, kultur arloan, ogibidea topatzea ez baita erraza. Proiektu asko hartzen ditut neure gain, klaseak ematen ditut eta dantzari profesional bezala aritzen naiz, bestela ezin delako hemendik bizi.
Dantza eskolak ere ematen dituzu.
Orain bospasei urte hasi nintzen. Zumaian hasi nintzen eskolak ematen, hemen izan nuen nire estreinaldia irakasle bezala; dantza garaikidea irakasten hasi nintzen.
Orain adinekoei ematen dizkiezu dantza eskolak.
Duela hiru bat urte-edo sortu zitzaidan adinekoei dantza klaseak emateko aukera. Hasieran proba modura hasi ginen, ez genekien-eta ondo jendeak nola hartuko zuen proposamen berria. Denborarekin ikusi dugu ondo funtzionatu duela. Hasieran jende gutxik izena eman zuen, baina orain hogei lagun aritzen dira dantza ikasten, hogei emakume, denak. XXI. mendean gaude eta oraindik dantza emakumeen irudiarekin lotzen dugu, eta ez gizonezkoenarekin; ez dut ulertzen.
Zer nolako lanketa egiten duzue?
Lanketa pertsonal moduko bat izaten da. Ohituta nago oso txikiei eta helduei eskolak ematen, baina ez hainbeste adinekoei. Ikasteko modu bat ere izan da niretzako. Mugimenduak lantzen ditugu, gimnasia, eta memoria ere bai. Garrantzitsua iruditzen zait memoria gorputzarekin konektatzea, beraiek koreografia txikiak sortzea, eta gogoratzea nik erakutsitako koreografiak. Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait mugimenduaren bidez askatzea ere, mugituz ondo pasatzea. Adinekoekin eta txikiekin, helburuak ez dira berdinak izaten. Txikiekin helburuak anbiziotsuagoak dira, baina adinekoekin eskolak beste era batekoak dira, beraien ongizaterako lanketa egiten dugu; denbora-pasa bat da beste ezer baino.
Nola moldatzen dira adinekoak eurak?
Ez dizute esaten proposatutakoa zaila denik, baina, nolabait, muga batzuk jartzen dizkizute. Hala ere, batzuetan asko harritu naute proposamen berriak eraman ditudanean. Oso era naturalean joan gara elkarri neurria hartzen; ni beraiei, baita beraiek niri ere.
Eskoletara jende berria joaten al da edo urtero berdinak izaten dira?
Hasieratik dabiltzan hiruzpalau lagunek jarraitzen dute oraindik, baina, batez ere aurten, ikasleen kopurua handituz joan da, ahoz ahokoagatik edo. Hogei lagunean jarri dugu muga, bestela ez garelako sartzen.
Adinekoei zer onura ekartzen dizkie dantza eskoletara joateak?
Saioek irauten duten 45 minutuetan ez dute beste ezertan pentsatzen. Beraien egunerokoan parentesi bat dira dantza saioak. Oso aktiboak dira; batzuetan neu joaten naiz alferkeria puntu batekin, eta beraiek ematen didate indarra. Esan ohi da txikiekin gertatzen dela hori, baina adinekoekin ere hala gertatzen da. Hain dira esker onekoak, hain jatorrak...
Ikasturte amaierako ikuskizunik egingo al duzue?
Iaz Alain Mayaren ikasleek koreografia bat egin zuten; ea aurten gutako inor animatzen den gu prestatzen ari garen koreografia dantzatzera. Hala ere, helburua ez da ikasturte amaieran ezin hobeto dantza egitea; ondo pasatzera datoz, ez ekaineko ikuskizuna prestatzera.