Dokumentuaren akzioak
Garazi Etxaburu Aulestia: “Kanpora joatea da dantzaz bizi ahal izateko dudan aukera”
Gaztea den arren, dantza munduan esperientzia handikoa da ondarrutarra. 3 urtegaz Ondarroako ballet eskolan hasi zen Maitane Uribegaz ikasten, eta hasiera batean atsalde pasa modura hasi zena, gaur ogibide du Etxaburuk. Egun, Dantzaz gazte konpainiako kidea da.
12 urtegaz Arriaga antzokian dantzan egin zuenez geroztik, argi du dantzaria izan nahi zuela. Emanaldi hura bere bizian inflexio puntu bat izan da, eta oraindik ere, jendaurrean Ondarroatik kanpora dantzan egin zuen lehen emanaldi hartako oroitzapen ederrak gordetzen ditu. “Ni moduko 12 urteko neskato batentzako Arriagan bakarka denen aurrean dantzan egin ahal izatea, ikaragarria izan zen. Hango ikuslego guztia nire begira egoteak asko txunditu ninduen”.
Bere bizitza osoan dantzak «asko» eman diola nabarmendu du Etxaburuk, baina horretarako diziplina zer den gazte-gaztetatik ezagutu behar izan du.
Ondarroan bere dantza ikasketekin jarraitzeko aukerarik ez, eta 15 urte besterik ez zituela ordura arteko bizitza alde batera utzi, eta Gasteizera joan zen bere dantza ikasketekin jarraitzera. Kanpora joateko erabakia bere adinagaz hartzea ez zen erraza izan, baina bizitzak trukean aukera asko eman dizkiola azpimarratu du.
Gasteizko kontserbatorioan ikasten eman zituen hiru urteetan zaila egin zitzaion dantza ikasketak eta batxillera batera egitea, baina esperientzia hartatik asko ikasi du, baita pertsonalki ere. «Egia esan, Gasteizen bizitako esperientziak asko erakutsi dit. Teknika mailan asko ikasi nuen, eta ateak Ondarroatik irten nuenean baino zabalago ikusten nituen».
Behin kontserbatorioko ikasketak amaituta, etorkizuneko bidea aurkitzen hasteko garaia heldu zitzaion Etxabururi, baina bizitzako kasualidadeak medio, bere sormenari ateak irekitzeko «leku aproposa» aurkitu zuen Dantzaz gazte konpainian. «Gasteizko kontserbatorioan ezagutu nuen lagun bat nuen konpainian, eta hark taldea ezagutzera joateko astebeteko gonbitea egin zidan».
Eskolak amaitu eta udako oporraldian konpainiako kideek zer egiten zuten hurre-hurretik ezagutzera joan zen Donostiara. Astebeteko esperientziagaz gozatu eta besteengandik ikasteko asmoagaz joan bazen ere, bukaeran ezusteko handia izan zuen Etxaburuk. Handik hilabetera bidalitako posta elektroniko batean konpainiako kide izan nahi zuen proposatu zioten, eta baiezkoa eman zuen.
Atzera begira, aukera «ona» egin zuela aitortu du. Hiru urte daramatza konpainian, eta bizipena orain arte «gertaturikorik onena» modura deskribatu du. Esperientzia «erabat aberasgarria» ari da bizitzen konpainian. «Maila artistikoan asko ikasi dut, eta konpainiako kideengandik zer ikasi egunero egoten da. Egia esan, asko nago ikasten berton».
Horrez gainera, gusturen sentitzen den dantza estiloan sakontzeko aukera ere izan du azken hiru urteotan. Hain zuzen ere, konpainian dabilenetik balleta bigarren plano batean laga, eta dantza garaikidean aurkitu du bere burua. «Dantza garaikidea politagoa eta biziagoa da. Neu ere, askosaz erosoago sentitzen naiz. Norbere sormena lantzeko aukera handiagoa eskaintzen dizu».
Hala ere, konpainiari agur esateko ordua iritsi zaio Etxabururi. Aurtengoa konpainian egingo duen azken urtea da, eta aste gutxi batzuk barru bidaide izan dituen lagun eta irakasleak utzi beharko ditu.
Hemendik aurrera, konpainia berri baten bila hasi beharko denaren jakitun da. Euskal Herri mailan dantzan egiteko aukera gutxi dago, eta ziurrenik kanpora joan beharko du dantza etorkizun oparoago baten bila.«Dantzan egitea da nire nahia. Hemendik bizi ahalko dudan konpainia bat aurkitu nahiko nuke, baina hori guztia hemendik urruti daukat».
Europa aldean horretarako aukera badela dio, eta hainbat konpainiatan entzunaldiak egiten dabil aspaldi honetan. Momentuz ez du baiezkorik jaso, baina ez du amore emateko asmorik ere. Bere ametsagaz aurrera jarraituko du; itxaropentsu dago nonbaiten bere tokia aurkituko duelakoan. Alemania aldean aukera asko daudela dio, eta hantxe bere lekua egiten saiatuko da.
Argi du, beste behin ere, bere bizitzako gauza asko atzean utzi beharko dituela. Baina kanpora irtetzen ez badu behintzat, dantzarako aukerarik izango ez duela ere argi du ondarrutarrak. Kanpora joateko apustua egiteko prest dago. «Gauza batzuk albo batera utzi beharko ditut, baina, nire ustez orain momentuan nire karrera profesionaean merezi duten beste hainbat gauza hantxe aurkituko ditudala uste dut».
Bere ametsa betetzeko garaian, eta orain arte hartutako erabakietan gertatu modura, etxekoen laguntza eta «miresmena» izango ditu. «Euren babesa izatea oso garrantzitsua izan da nire dantza ibilbidean, zortekoa naiz. Nire jarraitzailerik handienak eurak dira».
Dokumentuaren akzioak