Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garazi Etxaburu: “Dantzan egiteko aukera ez da lehen nuen modukoa”

Dokumentuaren akzioak

Garazi Etxaburu: “Dantzan egiteko aukera ez da lehen nuen modukoa”

Artea zainetan darama Garazi Etxaburu Aulestia (Ondarroa, 1993) dantzariak. Dantzaz gazte konpainian hiru urtez dantza garaikidean sakontzen aritu ondoren, Poloniako Gdansk hiriko Baltic Dance Theatre konpainia ezaguneko kide gazteenetako bat da ondarrutarra, urte hasieratik. Modu horretara, bere ametsetako bat egia bihurtzea lortu du.
Egilea
Nerea Bedialauneta Alkorta
Komunikabidea
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/06/03
Lotura
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Urtarrilean zure bizitza profesionalean bide berria hasi zenuen Baltic Dance Theatre konpainian. Bertan sartzeko aukera zelan sortu zitzaizun?
Proba bat egin nuen iazko irailean, baina ez nuen zorterik izan. Niregaz harremanetan jarriko zirela eta deituko zidatela esan zidaten, baina ezer zehatzik argitu barik.

Orduan, ateak ez zitzaizkizun guztiz itxi.
Nik egindakoa, gutxienez, kontuan eduki zutela pentsatu nuen. Aurretik beste hainbat proba egin nituen Europako hainbat dantza konpainiatan, eta ez nuen inongo erantzunik jaso, eta honek, akaso, esperantza piztu zidan. Gero, abenduan, beste sarrera proba bat egingo zutela ikusi nuen, eta berriro aurkeztea erabaki nuen. Nire curriculuma bidali eta astebetera, berriro proba egin nahiko nukeen deitu zidaten. Kasu honetan, gainera, sarrera proba pribatua egingo zidatela aipatu zidaten.

Eta?
Niri eta beste bati proba egingo zigutela ikusirik, sartzeko aukera gehiago izango nituela pentsatu nuen, eta hor joan nintzen berriro Polonia aldera.

Sarrera probarako ezer berezirik prestatu behar izan zenuen?
Bertara joatean zarenean eurek  nahi dutena erakusten dizue, eta gero erakutsitako koreografia horren zati bat defendatu behar duzu. Modu horretara, euren dantza estilora egokitzen zaren edo ez ikusteko aukera dute.

Eta zelan joan zen proba bera?
Sarrera proba amaitzeagaz batera, urtarrilaren hasieran eurekin hasi ahal nintzela esan zidaten. Egia esan, erantzuna hain arin jakin ostean, pixka bat harrituta ere geratu ginen beste mutila eta ni. Lehenengo momentuan, konpainian sartzea lortu nuela barneratzea kosta ere egin zitzaidan, baina gerora, oso gustura geratu nintzen lortutako emaitzagaz.

Garazi Etxaburu

Garazi Etxaburu, Ondarroako portuan

Lau bat hilabete daramazu konpainian. Bertako bizitzara eta diziplinara zelan egokitu zara?
Beste lankideen laguntzagaz oso ondo egokitu naiz. Lehenengo asteak bertako jendea ezagutzen eta zelan beharra egiten zuten ezagutzen ibili nintzen. Egia esan, nahikoa erraza izan da hango bizitzara eta taldera egokitzea. Nire kasuan, gainera, berak konpainiak antzokian bertan logelak ditu eskura, eta nire lantaldeko beste dantzari batzuekin batera bizitzeko aukera daukat.

Izadora Weiss zuzendari artistikoaren eta koreografoaren eskutik, hainbat koreografia ari zarete prestatzen. Zelan doa esperientzia?
Konpainiak berak hainbat ikuskizun ditu sortuta, eta aldi berean, bi edo hiru programatzen dituzte. Orain momentuan, The tempest eta Phaedra antzezten ari gara.

Zelako ikuskizunak dira?
Nik uste dut ikuslearentzako ikusteko moduko ikuskizun errazak direla; beti dago atzetik kontakizun bat. Maitasunezko istorio bat, bat besteagaz maitemintzen dela, eta atzetik, beti dago borroka baten modukoa.

Eta ikuskizun horietan ze paper jokatzen duzu?
Jende asko gara taldean, eta dantzan egiteko aukera ere ez da lehen nuen modukoa. Jende askoren artean denontzat ez dago aukera berdinik. Baina, gutxienez, beti dago zerbait egin ahal dudana. The tempest ikuskizunean, esaterako, istorioa ulertzen laguntzen eta jarraitzen duten aingeru batzuk agertzen dira, eta horko aingeru bat izan naiz.

Garazi Etxaburu (eskuman), The tempest ikuskizunean parte hartzen

Garazi Etxaburu (eskuman), The tempest ikuskizunean parte hartzen. Iturria: Baltic Dance Theatre

Ikuskizun asko egin dituzue?
Bai, nahikoa ikuskizun egin ditugu, eta gustura nago esperientzia berriagaz. Bestalde, konpainiak opera talde bat ere badauka, eta opera batzuetan ere parte hartu dugu, koreografia txikiren bat edo beste egiten. Konpainia honek, egia esan, gauza asko egiteko aukera eman dit.

Ikuskizun horiekin zer toki ezagutzeko aukera izan duzu?
Honek konpainiak, batez ere, bere antzokian egiten du dantzan hilean lau bat bider, baina tartean, kanpoan ere egin dugu ikuskizunen bat edo beste. Batez ere, Polonian bertan egiten ditu konpainiak ikuskizunak. Varsovian egoteko aukera izan dugu, esaterako, eta udan, ziurrenik, Txinako errepublikan zehar bira bat egiteko aukera izango dugu.

Konpainian bertan noiz arte egoteko aukera duzu?
Sartu nintzenean, ohikoa den legez, hiru hilabeteko proba egin zidaten, eta orain, proba hori gainditu ostean, denboraldi bukaera arteko kontratu sinatu dut; hau da, abuztuaren bukaera arte. Orain ikusi egin beharko da ea hurrengo denboraldirako kontratua berrizten didaten edo ez. Nire asmoa kontratua berritu eta bertan jarraitzea da.

Dantzaz gazte konpainiatik zatoz, eta hiru urte egin dituzu bertan. Esperientzia horrek zelan lagundu dizu orain bizitzen ari zaren guztian?
Arlo guztietan lagundu didala esango nuke, eta bizitza profesionalera begira asko lagundu dit. Dantza mailan, esaterako, asko lagundu dit. Konpainian hasi nintzenean eta irten nuenean neukan maila ezin daitezke alderatu. Dantzaz konpainian bizitako esperientzia, egia esan, bete-betekoa izan da. Nire ustez, horrelako gazte konpainia gehiago egon beharko lirateke. Jende askok irteten du eskolatik dantza oinarriagaz, baina hortik zuzenean konpainia handi baterako jauzia ematea oso zaila da. Alde batetik, adinean oso gaztea zarelako, eta, bestetik, ez duzulako inolako esperientziarik. Eta Dantzaz konpainiak, oro har, esperientzia hartzeko eta hainbat arlotan gehiago hazteko aukera ematen dizu. Horrek guztiak asko laguntzen du konpainia handi batera joateko orduan.

Dokumentuaren akzioak