Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garazi Etxaburu: “Dantza garaikidean aurkitu dut nire lekua, nire estiloa”

Dokumentuaren akzioak

Garazi Etxaburu: “Dantza garaikidean aurkitu dut nire lekua, nire estiloa”

Dantza esatea bizitza esatea da Garazi Etxaburu Aulestiarentzat (Ondarroa, 1993). Horregatik dantzari estu-estu lotuta dago umetatik. Balletean hasitako ibilbideari dantza garaikideagaz eman dio jarraipena, pausoz pauso, bere lekua aurkitu arte.
Egilea
Larraitz Ibaibarriaga
Komunikabidea
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/10/31
Lotura
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Donostian, Nazioarteko Dantzaz konpainian ari zara orain momentuan. Noiz hasi zinen bertan, eta zelan sartu zinen konpainian?
Orain dela urtebete sartu nintzen konpainian. Astebete egon nintzen beraiekin klaseak hartzen, nire maila ikus zezaten, audizio erako bat egiten. Udako egun batean bertako zuzendari artistikoaren mezu bat jaso nuen konpainian sartzeko proposamenagaz.
Aurretik, dantzari lotutako ibilbide  luzea eduki duzu.
Aurretik, Gasteizen bizi izan nintzen hiru urtez. 15 urte nituela joan nintzen hara, nire dantza ikasketei jarraipena emateko asmoz. Goizez, Jose Uruñuela dantza kontserbatorioan, dantzako eskolak hartzen nituen, eta arratsaldez ohiko ikasketak egiten nituen, nire gurasoen laguntza handiagaz. Bertan asko ikasi nuen, bai dantzaz eta bai bizitzaz ere.
Oinarri-oinarrian, balleta, dantza klasikoa dago. Maitane Uribegaz hasi zinen.
3 urte nituenean hasi nintzen Maitanegaz balletean, berari esker gaur daukadan dantzarekiko lotura. 15 urtera arte jarraitu nuen dantzagaz Ondarroan: balleta, jazz dantza eta dantza garaikidea egiten nituen. Momentu batean, Maitanek gomendatu modura, Gasteizera joan nintzen.  Eskerrak eman nahi dizkiot Maitaneri.
Garaikidean zoriontsu ikusten zaituztela diote hurrekoek, klasikoak ez modura, barruan daukazuna ateratzeko aukera eskaintzen dizula…
Esan daiteke dantza garaikidean aurkitu dudala nire lekua. Nik pentsatzen dut orain aurkitu dudala nire estiloa eta benetan etorkizunerako nahi dudan bizitza mota.
Beti eduki duzu argi zure ogibidea dantzari lotuta egongo zela?
Bai, txikitatik izan dut oso argi nire bizitza dantzari lotuta egongo zela, beti izan dut balleteko irakasle izateko ametsa, eta orain ere bai. Egunetik egunera argiago daukat hori. Aurretik, dena dela, mundu osoko konpainia ezberdinetan dantzatzea gustatuko litzaidake.
Nongoetan, adibidez?
Egia esan, oraindik ez daukat oso argi zein konpainiatara joango naizen, baina ez dut ezer baztertzen: Frantzia, Alemania, Norbegia… Audizioa egin eta onartzen nauten lekuan izan beharko da,  ze gaur egun krisia dela eta, konpainia asko galdu dira, eta daudenak motel dabiltza.
Dantzaz-en nongo dantzariak zabiltzate, zein herrietakoak?
Mundu osoko dantzariak dauzkagu: Norbegiakoak, Holandakoak, Suediakoak, Italiakoak, Australiakoak…
Gazteena izango zara, ala?
Ikasturte honetan ez naiz gazteena. Ni baino gazteagoa den neska bat ailegatu da orain dela gutxi konpainiara.
Emanaldiz emanaldi, nondik ibili zarete eta nora joatekoak zarete?
Ba leku guztietatik ibili izan gara: Biarritzen, Madriden, Huescan,  Frantziako pila bat herri txikitan… Argeliara goaz laster. Aurreko asteburuan Alicanten egon ginen, Villena herrian Arte-an gure ikuskizuna aurkezten. Bidaia oso luzea izan zen, zazpi-zortzi ordukoa, eta, noski, oso nekatuta heldu ginen, baina gogo handiagaz. Eta jendeak ere oso ondo hartu gintuen, publiko oso ona eduki genuen, egia esan.
Publiko guztiak ezberdinak direla esaten da. Nongo jendeak harritu zaitu zu gehien, onerako ala txarrerako izan.
Frantsesa, normalean, oso publiko ona izaten da. Beti txalotzen zaituzte, Euskal Herrian baino gehiago. Baina hori gure esku ere badago askotan, emanaldia ondo ateratzea, eta jendea emozionatzea. Guk geuk ere igartzen dugu noiz geratu den publikoa pozik eta noiz ez hain pozik.
Eta azaroaren 30ean, Barakaldon egongo zarete. Ondarroatik joatekoak dira zu ikustera.
Azaroaren 30ean espero dut jendea oso pozik ateratzea antzokitik. Jende guztia etortzera animatzen dut, gauza oso ezberdina delako, ziurrena inoiz ikusi ez duten emanaldi estiloa izango da.
II. Marabilli festibalean ikusi ahal izan zintuzten askok eta askok. Zelakoa izan zen esperientzia?
Marabilli festibalean parte hartzea oso aukera ona izan da, beti ez da-eta egoten herrian dantzatzeko aukerarik. Gustukoa dut herriko jendeak nire ibilbidea jarraitzea.
Euskal Herrian dantzan egiteko nahikoa aukerarik badago?
Suertez, nahikoa emanaldi ditugu Euskal Herrian. Gehienak herri txikietako teatroetan izaten dira. Egia esan, jendeak ez dauka dantza ikustera joateko zaletasun handirik, baina hori aldatzea da gure nahia, eta espero dugu lortzea. Azken batean, gure lana ezin da aurrera joan eurak barik.
Sormen, intuizio eta sentsibilitate handiko dantzaria zarela iritzi diote zure irakasleek.
Bai, hori diote. Gustukoa dut nire koreografiak asmatzea, imajinazio handia daukat. Historio bat pentsatu eta dantzaren bitartez kontatzea asko gustatzen zait.
Zeintzuk dira zure jarraitzaile lehialenak?
Nire gurasoak eta nire osaba Gorka, Arte-an ikuskizuna 30 aldiz edo ikusi dute dagoeneko, baina, dirudienez, ez dira inoiz aspertzen, eta han egoten dira beti. Noizean behin nik ezer ez dakidala etortzen dira, ezustean. Azkenean, konpainiako guraso bihurtu dira. Eskerrak eman nahi diet nire gurasoei eman ditudan pauso guztietan laguntzearren eta diren bezalakoak izatearren.
Zer da dantza zuretzat?
Dantza nire bizitza da

IMG-20131029-WA0002

 

 

 

Dokumentuaren akzioak