Dokumentuaren akzioak
Garazi Egiguren: "Genero ikuspegia ardatz hartu eta eremu ezberdinetako kateen inguruko hausnarketa egin nahi dugu"
2020an sortu zen Kimua dantza kolektiboa, aurrez beste konpainia batzuetan aritzen ziren zenbait dantzarik bat eginda. Dantza oinarri harturik, egungo gizartean eragingo duten proposamenak eraiki nahi ditu taldeak, ikuskizun hezitzaileak sortuz. Kolektibo horretako kide da Garazi Egiguren Urkola (Tolosa, Gipuzkoa, 1992), eta hark nabarmendu duenez, "euskal kultura eta nortasuna" taldearen esentziaren parte dira. "Identitate hori dantza diziplinara aplikatuz, euskal dantzak oinarri dituen estilo artistikoa garatzen dihardugu". Beasainen (Gipuzkoa) estreinatu zuten Generorantz ikuskizuna, eta ondoren, Sopelan (Bizkaia) taularatu zuten; emanaldiak Azpeitian egingo du hirugarren geldialdia.
Zerekin egingo du topo bihar Soreasu antzokira joaten denak?
Genero ikuspegiaren inguruko lanketa oinarritzat hartuta, emanaldi proposamen original eta berritzailea taularatu nahi dugu. Dantzak, gorputz mugimenduak, interpretazioak, olerkiak, testuak eta ikus-entzunezkoek gidatuta, genero ikuspegia ardatz hartu eta eremu zein arlo ezberdinetan ditugun loturen, motxilen eta kateen inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena izango da.
Dantza emanaldia den arren, bestelako diziplina batzuk ere uztartzen dituzue emanaldian, beraz. Nola azaleratuko dira horiek ikuskizunean?
Dantza eta mugimendua ardatz izan arren eta euskal dantza tradizionalen oinarritik abiatu bagara ere, dantza diziplina ezberdinen ukituez gain –garaikidearenak, esaterako–, beste arte diziplina batzuek ere presentzia handia dute emanaldian. Besteak beste, Ekaitz Goikoetxea idazle eta bertsolariak zuzenean abestuko ditu bertsoak, errezitatutako testuak eta olerkiak entzun ahal izango dira... Horiek emanaldia gidatzeaz gain, dantzarien eta ikus-entzuleen arteko zubia eraikiko dute etengabe, ikus-entzuleengan hausnarketak eraginez. Horrez gain, oholtzan ikusiko den atrezzoak eta argi diseinuak beste dimentsio batean murgiltzeko aukera emango diote ikus-entzuleari, gai ezberdinak jorratzerakoan sortuko diren testuinguru ezberdinei esker. Horrez gain, musikak ere lotura eta testuinguru ezberdinen lanketan barneratzen lagunduko du, eta oso eskertuta gaude Euskal Herriko musikari askoren laguntza eta babesa izan ditugulako proiektu hau aurrera eramaterakoan; besteak beste, Aitor Etxeberria, Oreka TX, We are Standard, Kherau, Huntza, Neomak, Onkixin, Alos Quartet eta Apolllo Chamber Players taldeen laguntza jaso dugu.
Zazpi interprete ariko zarete oholtzaren gainean. Haietako bakoitzak rol ezberdina izango al du emanaldian?
Hala da, bai. Dantzariok zenbaitetan gizartea osatzen dugun elementu gisa jokatuko badugu ere, beste batzuetan gutako bakoitzak rol jakin bat interpretatuko du, generoaren auzian aurki ditzakegun azpi gaietan sakondu eta esperientzia kolektiboetatik pertsonaletara salto egiteko ariketa gisa. Azalerazi nahi ditugun gaien artean honako hauek daude: amatasuna, botere harremanak, indarkeria matxista, estereotipoek buru osasunean eragin ditzaketen elikadura asaldurak, arlo profesionaleko arrakalak...
Ikuskizunaren izenburuak dioen moduan, generoaren gaia jorratuko duzue taula gainean. Nola landu gai hori dantzaren bidez?
Erronka handia izan da bolo-bolo dabilen auzia hitzetatik mugimendura eta dantzako hizkuntzara 'itzultzea'. Egunerokotasunean asko jorratzen den gaia izanik eta dantzarion hizkuntza naturala mugimendua eta dantza direla kontuan hartuta, ariketa hori egiten jarri nahi izan dugu gure burua. Asko entzuten dugu generoaren gaiaz, baina nola dantzatuko genuke hori? Generoari lotutako bizipenek eragiten dizkiguten sentsazioek eta sentimenduek nola mugiarazten gaituzte? Zer koreografia sekuentziak edota geldiunek trasmiti dezakete sentitzen dugun hori? Hitzak gorpuztea izan da lan nagusia, eta koreografien osaketaz gain, lanketa berezia egin nahi izan dugu interpretazioan, askotan mugimenduak beste trasmititzen baitu geldiuneak, gorputz adierazpenak... Hori lantzeko Kepa Errastiren laguntza izan dugu. Oso pozik gaude hark bideratu gaituen moduarekin, landu dugun horretatik sortu dugunarekin.
"Benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke?". Galdera hori egin duzue emanaldia iragartzeko idatzi duzuen testuan. Gizartea ez al da benetan aske?
Eta zein da galdera horren erantzuna? Uste dugu askatasunaz asko hitz egiten dugula, baina dantzatzeko eta mugitzeko moduetan oso garbi ikusten da zenbateraino gauden mugatuta, zenbateraino mugatzen gaituen gizarteak eta zenbateraino mugatzen gaituen geure buruak berak –autozentsura–. Kultura Eskola programaren bidez, ikastetxe askotako ikasleekin gai hori lantzeko aukera izan dugu, eta oso adierazgarria da gure gorputzek, gure mugitzeko moduek, zenbat adierazten duten, hitzik egiteko beharrik gabe. Emanaldia ikusi eta bizi ostean, uste dut publikoak oso argi sentituko duela zein den galdera horren erantzuna.
Zergatik aukeratu duzue gai hori oholtzaren gainean lantzeko?
Kimua dantza kolektiboko kideak, dantzari zein interprete izateaz gain, hezitzaileak ere bagara gehiengoa. Genero ikuspegiaren gaiak duen garrantzia zein urgentzia plazaratu eta lantzeko beharra identifikatuta genuen aspalditik. Izan ere, egunerokotasunean bizi eta ikusten ditugun errealitateak oso bestelakoak dira saldu nahi den ikuspegi aurrerakoi eta optimistarekiko. Kontua da hasieratik oso kontuan izan dugula gu ez garela gai honetan adituak; beraz, gaian aditu eta aritu direnen ekarpenak bildu nahi izan ditugu gure ekarpena egiterakoan.
Zergatik animatuko zenituzke herritarrak emanaldia ikustera?
Tamalez, egunerokoan ikusi eta bizi dugu genero auziaren egoerak zer errealitate sortzen dituen; diskurtsoak ondo ikasiak ditugu, baina errealitateak beste modu batean hitz egiten du. Hitzak beste plano batean utzi eta gorputzak hitz egiten duenean, askotan oso bestelako komunikazio bideak irekitzen dira, eta gai hori lantzerakoan, transmisio mota honen potentzialtasuna erabili nahi da, sentipenetatik, emozioetatik, hausnarketa sakonak eragiteko. Harrituta geratzen gara emanaldiaren ostean iristen zaizkigun mezuekin; jendeari iritsi egiten zaio ikuskizuna. Modu batera edo bestera guztiok bizi ditugu generoari lotutako egoerak, eta hori gordin-gordin taulan ikusteak sentimenduak pizten ditu, hausnarketak eragiten ditu eta emanaldi osteko elkarrizketak pizten ditu. Oso ariketa interesgarria eta beharrezkoa deritzogu horri, eta horretara animatzen zaituztegu; sentitzera, hausnartzera, elkarbanatzera.
Dokumentuaren akzioak