Dokumentuaren akzioak
Garaiko Rufina
Emakume pertxenta iruditu zait. Plazandre itxura hartu diot. Adi begiratzen die andreak aurrean dantzan ari zaizkion gizonei. Nire irakasle senak eraginda edo, zera etorri zait burua: dantza irakaslea ote?
Antza denez, ez naiz ni argazkiari erreparatu diodan bakarra, laster heldu zait WhatsApp taldera ere. Taldekide batek zera idatzi du «Begire dauenak be dantzan badaki segurutik» . Atoan heldu zaigu argazkiko andrearen ilobaren erantzuna «Garaiko jaixek die, eztakit ze urtetan, andrie nire amama da, dantzan baño gehixau erregeletako eta dantzari dantzako koplak kantatzen zan trebie»
Horraino helduta ezin izan diot jakinminari eutsi. Kopla kantari honek izango zuen izena ba, pentsatu neure kautan. Eta jakina, erraz lortu dut erantzuna. Rufina Duñabeitia zuen izena. Rufinaren aitte Antonio Duñabeitia izan zen, aurreskulari famatue inguruan, Durangoko Euskal Jaietan, Garaiko dantza taldeak garaipena lortu zueneko dantzaria. Horrez gain, Antoniok gure eskualdean galdu zen «Napartxoak» dantza ere bazekien.
«Zelako zura, halako ezpala» dio esaera zaharrak. Ez ote zuen alabak aittegandik dantzan ikasi? Ez dakit aurreskua dantzatzen ikasi zuen. Plazan ez zuen inoiz egin, antza. Koplak ere etxeko eremuan kantatzen zituela kontatu didate: «Nik akorduan deket umetan jolasten edo dantza saikeraren bat egiten genuenean bera (Rufina) abesten hasten zala, guk dantzan jarraitzeko». «Sueltoan ederto egiten eban» diñoe etxekoek.
Adierazpen hauek entzunda, Garaiko plazan fandango eta ariñ-ariñ dantzatzen imaginatu dut Rufina, aurreskua eskaini dion Balentin Negugogorrekin batera.
Aupa Rufina, zuk ereindako hazia ari da fruituak ematen.
Dokumentuaren akzioak