Dokumentuaren akzioak
Garaikidearen eta tradizionalaren arteko mugetan
Bi Harriz Lau Xori jaialdiak hemengo bi dantzari elkartu ditu joan den astean Miarritzen. Mizel Theretek Dorrea
bakarkako lana estreinatu du. Hamar urte «sukaldean bakarrik dantzatuz»
iragan eta, hark dioen bezala erdi irriz, 50 urte bete eta igo da
berriz taula gainera. Adinaren zabaltasuna lagun, euskal kulturarekin
duen harremana aztertzen du sorkuntza horretan. Asier Zabaletak,
berriz, Ertza konpainiarekin irailean estreinatu lana ekarri du
Lapurdira: Bihar jaio nintzen. «Ohitura zaharretatik irekitzen den ate berri bat» izatea nahi du, «euskal dantzekin beste norabide batzuetan abiatzea».
Bi koreografoek dantza garaikidea deitzen den mundu zabal
horretako bi ikuspuntu ekartzen dituzte. Bi adin, bi esperientzia, bi
begirada, Miarritzen kafearen tenorean elkartu direnak. Biak euskal
dantzarekin sartu dira dantzaren munduan. Euskal dantza tradizionalaz
eta garaikideaz solastatzeko parada izan da hitzordua. Bi lan horietan
euskal dantzak ere bere lekutxoa baitauka, nahiz eta ez horretan
mugatu. Mugak, preseski, biek partekatzen dituzten kezkak dira. Asier
Zabaletak modernitatearen eta tradizioaren arteko mugak jorratu izan
ditu Bihar jaio nintzen-en: «Hain urrun dauden tradizioa eta
modernitatea elkartu eta mugak ez daudela hain argi erakutsi nahi nuen
lan horretan. Batak bestearen beharra duela bizitzeko».
Daukagunarekin jostatuz
Modernitatearen esklusibitate hori zalantzan eman nahi izan du:
«Badirudi modernoa izateko modu batera jantzi behar dela, ez dakit zer
entzun behar dela. Askotan, niretzat behintzat, daukagunarekin bide
berriak bilatzea jadanik modernoa izatea da. Niretzat modernoena nire
ama da, 73 urterekin edozein gauza onartzen duelako. Bizitako
guztiarekin, bere esperientzia eta transmisio guztiarekin. Moderno
izatea muga horiekin jolastea da. Tarte horietan irekitzea, konplexurik
gabe, beldurrik gabe eta beti errespetuz, bata edo bestearen
ezaugarriak errespetatuz».
Mizel Thereten iritziz, ikuspuntua da garrantzitsua: «Euskal
dantza material bat da, beste edozer gauza bezala. Zein ikuspegitatik
landuko dugun, horrek eginen du dantza arras garaikidea dela ala arras
zaharkitua. Ikuspegi hori subjektiboa da. Baina badira erabiltzen ahal
diren tresna batzuk». Kontrapuntuaren kontua, adibidez: «Euskal dantza
tradizionalean soinu bakarra da. Gehienetan, musika bakarra eta denek
berdin. Musika berarekin eta urrats berekin baina kontrapuntua ekarriz,
dantzariek ez dute batere gauza bera eginen. Hori da beste ikuspegi bat
ekartzea. Nire ustez, kontrapuntua erabiltzea idazkera garaikidea da».
Indibidualitateekin jolastea: «Zaila zaigu ni erratea. Alta,
nartzisismorik gabe, baina inportanta da ni hori». Uzkurtasuna
sentitzen du hemen Theretek dantza garaikideari begira.
Uzkurtasuna, eta hor ere, mugak, hausturak: «Euskal Herrian
haustura anitz daude, euskaldun, ez-euskaldun, politikan, kulturan...
Dantzan ere, tradizionala eta besteak. Haustura horiek zinez
arranguratzen naute. Nire azken obra honetan, amildegi horiek
gainditzen ahalegintzeko gogoa ukan dut. Dantza garaikidea egiten dut,
baina aldi berean nire kulturaz interesatzen naiz. Nahiko nuke dantza
garaikidekoak lan horren ikustera etortzea. Eta, aldi berean, hemengo
kulturaz interesatzen direnak ere, dantza garaikidea den zerbait ikus
dezaten». Zalantza horien guztien erdian, gorputzak zer hausnarketa
ekar dezake? Hizkuntzatik haratago, gorputzen arteko mintzairak teorian
errazago izan beharko luke: «Bai, hala izan beharko luke. Baina, aldi
berean, gaurko munduan dantza, gorputza mintzaraztea, arrunt
anakronikoa da. Objektuz inguratuak gaude beti. Sakelako telefono,
ordenagailu edo beste», damutu da, beste behin, Theret. Ezberdina
denaren ulertzeko ez gara gehiago gai nonbait, Zabaletaren ustez: «Beti
informatu, informatu. Abiadura laster hori baino emekiago doan
proposamen bat egiten baduzu, beste denbora bat erabiltzen baduzu,
publikoa enoatuko da. Ez da gehiago ohitua. Horren aurka joatea oso
zaila da»
Baina bada aterabiderik, Thereten ustez: «Gorputza
deuseztatzen den mundu honetan dantzatzen segitzea erresistitzea da.
Mugimenduaren artean sinesten dut nik, hitzak gainditzen ahal
dituelako. Interpretazio bat baino gehiago eskaintzen dizkigu dantzak».
Dokumentuaren akzioak