Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garaikidearen aldeko apustua

Dokumentuaren akzioak

Garaikidearen aldeko apustua

Kritika, Gulbenkian Baleta

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/05/17

Garaikidearen aldeko apustu sendoa eginda etorri zaigu Lisboako Ballet Gulbenkian konpainia. Despistatu askoren asmoak zapuztu egin dira, Arriaga antzokira ekarritako pieza biak balet klasikotik erabat urrun daudelako baina, trukean, soberan asetu da gehienon dantza egarria.



Cantata izeneko pieza emakume berriaren gaineko gogoeta aberasgarria da. Mauro Bigonzettiren koreografia honetan zortzi emakume eta zortzi gizon aritzen dira, baina emakumeengan zentratuko dugu begirada, beraiek direlako piezako protagonistak: haiek urratzen dituzte bide berriak, haiek matxinatzen dira ohiturak agindutakoaren kontra, haiek bilatzen dute gizonezkoekin izan nahi duten harreman-estiloa. Gizonezkoek, bitartean, haienganako desira, jakingura eta jarrera zuhurrak adierazten dituzte, jakitun direlako emakumeen funtsezko bilaketa horretan ezinbesteko lagungarriak direla. Orri asko idatzi ahalko genuke egunerokotasunaren keinuei emandako garrantziaz, oin eta eskuen bidez lortutako adierazkortasunaz, emakumeen gaineko ikuspegi bereziaz oso nabaria da haien eskortzoaren erabilera eta gorputz-enborraren behealdearen aldarrikapena, baina lan hunkigarri honetatik hiru gauza gogoratuko ditugu betiko: emozioak sakonetik pizten dituen argiztapen tragikoa, Cristina Vetronek italiar nekazari kantuekin sortutako soinu-banda zirraragarria eta dantzari guztien teknika itzela, barne berotasunarekin ederki konbinatzen dena eta amaiera aldeko bikoteak ezin hobeto adierazten duena.



Hogei minutuko pausa dibertigarria



Emanaldiaren bigarren zatia ez dakigu zehatz-mehatz noiz hasi zen, erdiko atsedenaldian dantzari bat agertu zelako oihalaren aurrean, hogei minutuko solo harrigarria eskaintzeko. Trapuzko panpina baten legez mugitzen zen, kanpotik zetorren ikusleei keinu-txantxa lotsagabeak eginez eta era guztietako bihurrikatzeak, itzulipurdi ezinezkoak eta clown estiloko gag-ak tartekatuz.



Soloaren erdialdera-edo altxatu zen oihala, baina berak berdin jarraitu zuen, bera bezala jantzitako beste hogeita hiru dantzari eszenan sartu ziren arte. Orduan bai, orduan konturatu ginen Ohad Naharinen koreografian sartuak ginela, bete-betean gainera.



Minus 7 izeneko koreografia honetan aurretiaz erabilitako hainbat lan solte elkartu ditu israeldar koreografoak bizi izatearen poztasunari kantatzeko. Ikuslerik zaletuenek gogoratuko zutenez, aulki tolesgarriekin burututako strep-tease kolektiboa, hebrear kantu errepikakor batek lagunduta, duela hamar urte inguru ikusi genuen orduko Maiatza Dantzan-en agian, baina piezako zati guztiak izan dira gordetzeko modukoak. Adibidez, Green Sleeves eta beste abesti errenazentista batzuekin egindako bikote dantza zoragarria, zenbait ikuslerekin dantzatutako pasarteak eta, zelan ez, azken belaunaldiko techno musikarekin hornitutako amaiera harrigarria.

Dokumentuaren akzioak