Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garaia maitatzeko urratsak

Dokumentuaren akzioak

Garaia maitatzeko urratsak

Maitaldia dantza festibalaren 31. aldia abiatuko da bihar Miarritzen. Sekula baino emanaldi haboro izanen ditu. Euskal konpainiek presentzia handia izanen dute.
Egilea
Ainize Madariaga
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/09/10
Lotura
Berria
Lucia Lakarra eta Matthew Goldwingek <em>Fordlandia</em> ikusgarria emanen dute irailaren 15ean, 21:00etan, Miarritzeko Gare du Midi aretoan.
Lucia Lakarra eta Matthew Goldwingek Fordlandia ikusgarria emanen dute irailaren 15ean, 21:00etan, Miarritzeko Gare du Midi aretoan. MAITALDIA FESTIBALA

Miarritzeko (Lapurdi) Maitaldia dantza festibala bihar abiatuko da, eta irailaren 19ra arte iraunen du. 31. aldira gomitatu dituzten konpainia gehienak Frantziakoak dira, eta Euskal Herrikoak hamar bat. Epizentroa Miarritzen izanen bada ere, festibala hiritik aterako da lehen aldikoz: Angelu, Senpere (Lapurdi), Donapaleu (Nafarroa Beherea), Baiona eta Mauleko aretoetara ere zabalduko baititu emanaldiak.

Orotara, 76 ekitaldi izanen dira Maitaldia festibalean, sekula baino gehiago; usaian, berrogei bat izaten dira.

COVID-19ak errotik baldintzatu du programazioa; Euskal Herrikoez bestalde, dantzatuko duten nazioarteko konpainia guziak Frantziakoak baitira, Bordeleko bat (Okzitania) eta Naonedeko bat (Bretainia) kendurik: «Aurtengo berezitasuna da frantses eta euskal konpainiak bakarrik ditugula errezibituko. Martxoan, programazioa lantzen hasi ginelarik, ez baikenekien konpainiek bidaiatu ahal izanen zutenetz. Horregatik, Frantzian zentratu gara batez ere. Lucia Lakarra euskal herritarra, berriz, Munichetik jinen da», xehatu du Thierry Malandain festibaleko zuzendari artistiko eta Biarritz Ballet konpainiako koreografoak. Aitzinerat eman du sekula estreinatu gabeko piezak ikusgai izanen direla: Rhingo (Frantzia) balletaren Les ailes du désir, adibidez, zeinak festibala zerratuko baitu, eta Biarritz Balletak irekieran erakutsiko dituen biak. Pandemiak muga batzuk ezarri badizkie ere, elkartasunari bide eman diote; bultzada bat emanez frantses eta euskal dantza konpainiei: «Parada zen euskal dantza eta frantsesa laguntzeko, egoera dorpetik ilkitzen ari baikara: normala da».

Etxekoak plazan

Hala, Elirale, Dantzaz, Kukai, Bilaka, Maritzuli, Amaia Elizaran, Led Silhouette, Malandain Biarritz Ballet eta Irrintzi euskal konpainiek parte hartuko dute, bertzeak bertze, bihartik aitzina.

Balleten kopuru handiaz ohartarazi du Malandainek: Bordelekoa, Rhinekoa, Metzekoa, Naonedekoa.... Eta Miarritzen emanaldiak zer tokitan eginen dituzten ere azpimarratu du: mediatekan, Atabal aretoan, Kasinoan, Mazon parkean, Clemanceau plazan, Santa Eugenia kriptan eta hondartza handian izanen dira. Plazaberrin, koreografo amateurren lehiaketa antolatua dute. Gehitu du usaian baino bilkura haboro eginen direla profesionalendako.

 

 

Tokiko eta ahal bezain hurbileko taldeak jinaraztea aurtengo bertze helburu baten kide da: ingurumenaren zaintzea. Izan ere, partaidetza berriek «ekoarduratsuak» izateko nahia ekarri dute; horregatik, igande osoa ekologiari lotuko diote bereziki. Hala ere, Malandainek azpimarratu du ez dela berria beren filosofian: «Guk urte osoan kontuan hartzen dugu ingurumena; ez da berria guretzat, aspalditik ari baikara elkarlanean Surf Rider elkartearekin, konparazione».

Aurtengo afixan igel dantzaria da nagusi. Hain justu ere, festibalak trantsizio ekologikoaren alde hartzen dituen engaiamenduak islatu nahi ditu metafora anizkoitzak, bai festibalaren lantaldearen berrantolaketa ere. Igelak horiek guziak irudikatu nahi dituela erran du zuzendari artistikoak.

Izan ere, orain arteko antolatzailea zen Biarritz Culture elkartea herriko etxeak xurgatu du osoki. Jakes Abeberri hautetsi abertzaleak zuen sortu, Didier Borotra garaiko auzapezarekin batera, duela hiru hamarkada. Hark bultzatu zuen Miarritzeko dantza konpainiaren sorrera ere. Aldaketa gatazkatsua izan da, Abeberri bera kanpo ezarri baitute. Malandainek ohore egin nahi izan dio: «Jakes Abeberrirengatik eta Biarritz Culture elkartearengatik arranguratua nintzen. Baina, taldea integratu denez, trantsizioa ongi gertatzen ari da, nahiz ez den gure nahia izan, herriko etxearena baizik. Hori bai, Jakes Abeberriri halabeharrez omenaldia egin nahi nion, behartua ez banintzen ere; baina hark zuen Maitaldia sortu Borotrarekin batera, eta dantza konpainia bat errezibitzeko nahikeria erakutsi zuen, gure koreografia zentroarena, alegia. Egin nezakeen gutxienekoa da».

Stravinskiren nota

Ez da Malandainek egin duen guzia. Antolaketa lanetan aritzeaz gain, bere koreografia dohainak ere erakutsiko baititu Igor Stravinski konpositorearen bi piezetako batean: Oiseau de feu (Suzko txoria) —bigarrena, Le sacre du temps (Denboraren sagaratzea), Martin Harriagak diseinatu du—. Stravinskiren presentzia azkarrak badu zentzurik, Miarritzen bizi izan baitzen ehun urte badirela, xuxen: «Stranvinski hemen bizi izan zen 1921 eta 1924 bitartean. Aurten, beraz, Miarritzerat jin zen mendeurrena da, eta parada zen horren azpimarratzeko. Parisko Chaillot dantza konpainiarentzat dantzatuko dugu azaroan; hango zuzendariari proposatu nion Harriagak eta biok programa bat osa genezan konpositorearen inguruan. Nahi dut Harriaga han ezagutarazi. Horrela hautatu ditugu Stravinskiren bi obrak. Bi dantza ikusgarriez gain, hitzaldi bat ere emanen da». Biak estreinatuko dira, beraz.

Maitaldia dantza klasikoak ezaugarritzen badu ere, garaikidearen mozorropean ageri da usu. Euskal dantza tradizionala bezal-bezala. Claude Iruretagoienaren sorkuntza izanen da tradizional huts bakarra: «Garrantzitsua zait garaikidea eta tradizionala edo klasikoa laguntzea», azpimarratu du Malandainek.

Obra bat hautatzekotan, «delikatua» bada ere, Matthew Goldwing eta Lucia Lakarra dantzarien ikusgarria hartuko luke: «Oraindik oso dantzari ederra baita Lakarra». Horregatik harritzen du sarrera guziak oraindik saldu ez izanak; izan ere, Lakarrak Miarritzen arrakasta gaitza lortu baitu beti. «Osagarri egoera konplexua da, ziurtagiria behar da... Ez da aisa».

Dokumentuaren akzioak