Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garai txarrak dantzarientzat

Dokumentuaren akzioak

Garai txarrak dantzarientzat

Artista izan nahi duten euskal gazteak uste baino gehiago daude hiri eta herrietan

Egilea
Eider Jauregi
Komunikabidea
Zabalik
Mota
Erreportajea
Data
2002/02/09

Antena 3ek duela gutxi estreinatu duen Un paso adelante telesailaren jarraitzaile direnek gogoan izango dute Lola Herrerak (Carmen, telesaileko Arte Eszenikoen Eskolako zuzendariak) lehen egunean ikasleei esandakoa: «Zuek guztiok ilusio handiz etorri zarete, baina bakar batek bakarrik lortuko du mundu honetan aurrera egitea».



«Fantasian oinarrituriko telesaila da, baina baditu errealak izan daitezkeen gertakari eta hitzak ere». Halaxe uste du Karlos Ngemak, azken 10 urteetan dantzaren munduan buru-belarri dabilen euskal dantzari gazteak.



Mundu honetan sartu zenetik, lan asko egiteko zortea izan du Karlosek; baina, «borroka latz eginda eta ate joka sarri ibilita, jakina». Gaur egun Sorginen Laratzan aritzen da bertan abesten duen Marife Nogalesen dantza laguntzaile gisa, eta hip hop nahiz funky eskolak ere ematen ditu Donostiako bi zentrotan.



Dantza motak



Dantzaren munduan sartu eta bere gorputz-mugimenduak landu nahi dituenak baditu hainbat akademia eta dantza eskola Euskal Herrian. Baleta eta areto dan-tzak izaten dira ohikoenak, baina bestelako estiloak ere topa daitezke: gim, funkya, jazza, flamenkoa, latinoa, sevillanak, hip hopa, dantza garaikideak, sabel dantza, etab.



Non ikasia badagoen arren, ikasitakoa non erakutsia izaten da, askotan, zailena. Ez daude izan ere modan, gaur egun, garai bateko diskoteka, jai eta bestelakoetan egiten ziren erakustaldiak. Dantzaren alorrean lan egin nahi dutenei asko zaildu zaie lanbidea, eta irtenbide berriak aurkitu behar izan dizkiote beren arteari. Dantza erotikoa bihurtu da azken aldian, adibidez, dantzari hauen beste lan aukeretako bat.



Musikala da, hala ere, dantzari modernoei lan aukera gehien eskaintzen dien arlo edo generoa. Madril edo Bartzelonako musikal handietan (Grease, Cats, La jaula de las locas...) parte hartzea da egun dantzari gazte askoren ametsa, oso zaila baita beste edozein arlotan (artista bati laguntzen, talde koreografia batean...) beren dohainak erakustea.



Lan eskasiak guztiengan eragina izan arren, emakumezkoak dira dantza munduan lana aurkitzeko arazorik gehien dituztenak. Ez eurentzako paper gutxiago daudelako, paper horien atzetik doazenak mutilen kasuan baino askoz ere gehiago direlako baizik. Dantzan diharduten mutilak neskak baino askoz ere gutxiago dira, izan ere konkurrentzia gutxiago dute, ondorioz, euren artean. «Galetarako, baleterako, musikaletarako... talde mistoak eskatzen dituzte normalean, eta mutilok errazago izaten dugu» dio Karlos Ngemak.



Dantzaren alorrean gertatzen den fenomeno hau ez da arrotza abeslari eta antzezleen munduan ere. Frogaturik dago, izan ere, bai abeslari izateko ikasten ari direnen artean, bai antzezle izateko ikasten ari direnen artean ere emakumeak direla gehienak. ETB1eko abeslarientzako Izar bila programan parte hartu zuten abeslarien %97 emakumezkoak izan ziren, adibidez.



Dantzaki



Bere garaian Izar bila programarekin egin zuen bezala (abeslarien kasuan), areto dantzaren alorrean punta-puntan ibil zitezkeen bikoteei ere aukera bat eman nahi izan zien ETBk Dantzaki programarekin. Aurten bertan behera geratu den arren, gazte askoren talentua ezagutzera emateko balio izan du programa horrek. Dantzaki 2000ko irabazle izan ziren Bakartxo Arabaolaza eta Joseba Pagola, adibidez, Tangoaren Gailur Mundialean parte hartzeko aukeratuak izan ziren.



Karlos Ngema, Dantzaria

«Pixka bat mugitzen diren modeloek ordezkatu egin dituzte dantzariak»



E.J./DONOSTIA



- Nola hasi zinen dantzan?



- Nahiko berandu hasi nintzen, 18 urterekin edo. Ezagutu nituen pertsona batzuen bidez akademia batera joan, eta han jazz eskolak hartzen hasi nintzen. Hasieran bazeuden gehiegi gustatzen ez zi- tzaizkidan gauza batzuk, formazioa eta teknikarekin zerikusia zutenak, batez ere; eta orduan garrantzi handirik ematen ez banien ere, gero eta garrantzitsuagoak iruditzen zaizkit orain.



- Zer ikasten da klase horietan?



- Jazzean, adibidez, ez dizute dantzan bakarrik irakasten, jarrera, lineak... gauza asko ikasten dira. Gogaikarri samarrak diren ariketa batzuk egin behar izaten dira, baina horrekin guztiarekin zeure burua garbitzen ikasten duzu, eta hori nabaritu egiten da dantza egiten duzunean. Segituan antzematen da nork hartzen dituen eskolak eta nork ez.



- Jazzetik nora pasatu zinen?



- Funkyan, hip hopean eta horrelakoetan aritu nintzen. Dantza klasikoko eskola batzuk ere har- tu nituen denboraldi batez; han- txe ibiltzen nintzen ni 23-24 urterekin 12 urteko neska koskorrekin batera ikasten. Zuk baino hobeto egiten duten dantzariei begiratu, eta klasikoa dakitela konturatzen zara eta, hala, zeuk ere klaseak hartu behar dituzu, klaseak oso garrantzitsuak baitira hobetu nahi izanez gero.



- Akademiatik hasi beharra al dago beti?



- Ez dut uste. Lehen kontaktua ez da, gainera, akademian izaten, inauterietako desfileetan, diskoteketan eta horrelakoetan konturatzen zara gustatu egiten zaizula dantza egitea, eta orduan joaten zara akademiara. Ni txiki-txikitatik dantzan aritzen nintzen etxean anai-arrebekin, eta gero talde bat osatu nuen diskoteketara joaten hasi nintzenean; horrelaxe hasi nintzen.



- Eta klaseen ondoren zer?



- Klaseen kontuarekin hasiberria nintzela casting batera aurkeztu nintzen, eta José Luis Morenoren Entre amigos programan figurante aritzeko hartu ninduten. José Luis Morenoren baleteko jendea ezagutu, eta izugarri gustatu zi- tzaidan haien lana, inbidia handia eman zidaten: astero koreografia ezberdin bat egiten zuten, jantzi berriekin, girotze ezberdin batekin... Morenoren programaren ostean beste gauza pare bat ere egin nuen telebistan, Ikimilikiliklip programa aurkeztu, kasu; eta kontratua berritu ez berritu nenbilela, Madrilgo audizio baten berri izan, ‘orain edo inoiz ez’ pentsatu, eta bertara joan nintzen.



- Zer aurkitu zenuen Madrilen?



- Audizioa pasatu, eta lau eguneko gala bat eman zidaten Sevillan. Madrilen geratu nintzen gero, eta lana erruz egin nuen bertako artistekin: Raffaela Carrárekin, adibidez. Garai hartan bazen dantzarien boom halako bat, ni iritsi nintzenean itzaltzen hasia zegoen baina, eta bi urteren buruan asko jaitsi zen. Hona itzultzea erabaki nuen orduan, eta dantza eskolak ematea eskaini zidaten. Dantzari baten bizimodua 35 edo 40 urterekin amaitzen da -lehenago batzuetan-, eta eskolak ematea mundu horretan jarraitzeko modu bat da.



- Zergatik jaitsi da dantzari eskaria?



- Eskaera aldatu egin da. Konpainia, talde edo diskoteketan nahiago dute askoz ere pixka bat mugitzen den neska edo mutil polit bat benetako dantzaria baino. Frustratzekoa da hori dantzari batentzat. Orain ez dago gauza gehiegirik eta asko borrokatu beharra dago.



- Klaseak hartzen jarraitzen al duzu?



- Bai, bai. Uzten duzunean asko nabaritzen da, eta lehian jardun nahi baduzu prestatu beharra duzu. Hemen gutxiago gaude eta lehia ere apalagoa da; baina, atera eta lehian aritu nahi baduzu, prestatuta egon beharra duzu.

Dokumentuaren akzioak