Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garai batekoa, gaur egunera

Dokumentuaren akzioak

Garai batekoa, gaur egunera

Egilea
Irati Saizar Artola
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Ibarra, Tolosa
Mota
Albistea
Data
2023/06/02
Lotura
Ataria
Alurren 'Laia' ikuskizuna. ATARIA

Euskal tradizioan oinarritutako Laia emanaldia estreinatuko du Alurr dantza taldeak, gaur, 20:00etan, Topic aretoan; 22 dantzarik hartuko dute parte, Nagore Zabalaren gidaritzapean. 

Alurr dantza taldeak ikuskizun berri bat estreinatuko du gaur, 20:00etan, Tolosako Topic aretoan. 22 bi dantzari izango dira protagonista, euskal kulturaren historia bilduko duen Laia emanaldian, euskal dantzak oinarri hartuta.


Joanes Zubia, Arrate Goikoetxea eta Nagore Zabala. I.S.A.


Nagore Zabala dantzari eta dantza irakasleak sortu du pieza osoa, «ustekabean». Ikasleekin «formatu txikiko» zerbait egitea zuen buruan: «Alurrek aurrez egindako ikuskizun batetik, Lanabesak emanalditik, pare bat dantza hartu eta herri desberdinetan dantza horiek eskaintzea zen asmoa». Ikasturtea hastearekin batera, entseguekin hasi ziren irailean, eta behin dantza horiek ikasita, materiala falta zitzaiela kontatu du Zabalak. «Klaseek jarraitu behar zuten eta pieza berriak behar zituzten ikasleek». Dantza berriak sortzen hasi zen, musika bilatzen, sorkuntza horretan lanean, nolabait.

Nagore Zabala: «Pieza berriak behar zituzten ikasleek, eta konturatzerako ur handitan geunden»

«Konturatzerako ur handitan sartuta geunden». Eskuartean 50 minutu inguruko ikuskizun bat zutela konturatu ziren, eta atzera bueltarik gabe heldu zioten, gaur oholtzara eramango duten horri. Materiala sortu ahala, forma hartzen joan da, eta gero, detaileak gehitzen aritu direla esan du.

Laia du izena ikuskizunak. «Euskal tradizioan, nekazaritza munduan ikusi daitekeen tresnetako bat da laia, lurrari buelta emateko erabiltzen den tresna da». Hortik hasita, euskal tresna ezberdinak agertuko dira emanaldian zehar, laia bera agertuko ez bada ere. Emanaldiak lau multzo izango ditu eta multzo bakoitzean dagozkion tresnak eta materialak erabiliko dituzte: nekazaritza izango da bat, arotza beste bat, burdina ere bai eta itsasoa bestea. «Itsasoa da urrunen geratzen zaigun multzoa, baina Euskal Herrian garrantzia izan duen sektorea da eta ikuskizunean sartzea erabaki genuen». Multzo bakoitzean bizpahiru dantza egingo dituzte.



Material horien esanahia dantzarekin lotzen saiatuko direla esan du Zabalak. Besteak beste, saskiak, aitzurrak, makilak edota ezpatak erabiliko dituzte. Multzo bakoitzeko dantzak hasi aurretik, gainera, hitz batzuk entzungo dira, azalpen gisa: «Dantzari baten ahotsa entzungo da, eta garaian kokatzeko balioko du, garai hartan egoera nolakoa zen deskribatuko du eta esaten duen hori dantzariek oholtzan irudikatuko dute».

Euskal dantzetan oinarritutako pausoak izango dira ardatz emanaldian. 22 dantzarik osatutako taldea da, baina multzo ezberdinetan ez dute dantzari guztiek parte hartuko; izan ere, Zabalak esan duenez, «22 dantzarirentzako koreografiak sortzea nahiko zaila da». Joanes Zubia eta Arrate Goikoetxea dira dantzarietako bi, eta esan dutenez, «urduritasun puntu batekin», baina jendaurrean aurkezteko «gogoz» daude. «Nondik gatozen badakigu, eta dantzatzen dugun hau orain dela urte batzuetako kontua dela jakitea polita da eta hori ikusleari eskaini ahal izateak ilusioa egiten du», esan du Goikoetxeak. Zubiak ere ideia bera du: «Gure guraso edo aitona-amonen bizitza izan daiteke dantzatzen duguna, eta hori oholtzara eramatea hunkigarria ere bada». 

Arrate Goikoetxea: «Dantzatzen dugun hau duela urte batzuetako kontua dela jakitea polita da, ilusioa egiten du»


Musika aukeratzea ere ez dela lan erraza izan esan du dantza irakasleak: «Emanaldian hari batek jarraitu behar du, ez nuen oso gorabeheratsua izatea nahi». Garai bateko egoerak irudikatu eta dantzatuko dituztenez, gaur egungo musikan zentratu gabe, atzera egin eta aurreko garaiak girotzeko musika hautatu duela kontatu du.

Emanaldiko multzo bakoitza pertsonaia batekin irudikatzen saiatu dira eta jantziak ere horren arabera hautatu dituzte. «Alurr dantza taldeak aspalditik jasota dituen jantziak erabiliko dituzte dantzariek; jantzi horiek hartu eta detaile txiki batzuk sartu dizkiegu», esan du Zabalak. Bizpahiru entsegu egin dituzte arropak jantzita. Zubiak azaldu duenez, entseguetan erabiltzen dituzten arropak «beti dira erosoak eta arinak», baina «dantzako trajeak ez dira beti hain erosoak izaten, pisua dutelako edota ez direlako hain elastikoak».

Emanaldian, multzotik multzora, beraz, jantzi aldaketak egin beharko dituzte, eta hori ere «beste lan bat gehiago» izango dela dio Zabalak.



Entsegu gelatik aretora

Laia ikuskizuna Tolosako Topic aretoan estreinatuko dute. «Antzoki batek eskaini eta sortzen duena, plaza batek sortzen duenarekin alderatuta oso desberdina da», dio Zabalak. Biak probatu ditu berak, dantzaria ere badelako. «Zortez, mundu hori probatzeko aukera izan dut eta saiatzen naiz dantzariei helarazten zer sentitu daitekeen, sortzen diren beldurrak, emozioak, urduritasunak... probatzea da aukerarik onena». Izan ere, Alurreko dantzariek lehen aldiz eskainiko dute emanaldi bat Topic bezalako areto batean.

Aste honetan pare bat entsegu bertan egiteko aukera izan dute. Horrela, gaurko saioa «lasaiago» egingo dutela aitortu du Goikoetxeak. Orain arte egin dituzten emanaldietan, lokalean egiten zituzten entseguak azken egunera arte, eta bertako erreferentziak hartuta joaten ziren plazara gero. «Topic-en entseguak eginda, erreferentziak hartu ditugu, erdia non dagoen, oholtzako zein aldetatik sartu eta atera behar dugun... guretzat lagungarria da, ez gaudelako ohituta horrelako aretoetan dantza egitera», esan du Zubiak.

Eguna gerturatu ahala, urduritasuna «gehitu» egin zaiela dio Zubiak. «Dantza batean pausoren bat ez bazaigu ondo ateratzen, hori praktikatu nahi izaten dugu behin eta berriz, baina momentuz, ondo prestatuta goaz, emanaldiak itxura ona du», gehitu du.

Lehen aldia

Nola Zabalarentzat, hala dantzarientzat, «lehen aldia» izango da horrelako emanaldi bat sortu eta oholtzara eramango dutena. «Aurrez koreografiak eta dantzak sortu izan ditut, talde gazteentzat, baina horrelako emanaldi edo ikuskizun bat inoiz ez», esan du Zabalak. «Lan polita da, baina berea eskatzen du, denbora eskaini behar zaio; izateko moduak ere badu zerikusirik hor, nahiko perfekzionista naiz eta detaileak ondo lotzea gustatzen zait». Alurreko juntako kideen laguntza zein dantzariena ere izan duela aitortu du.

«Sortze prozesu horretan, dantzariei eskua luzatu diet, edo eskua luzatu baino, laguntza eskatu diet, zenbait erabaki hartzerakoan». Dantzarien eta irakaslearen arteko harremana «oso gertukoa» izan dela esan du Zabalak, eta dantzariak emanaldiaren «oso parte» direla.

Emanaldia ez du egun batetik bestera sortu. «Egunez egun, ideia desberdinak etorri zaizkit burura, eta klase bakoitzeko ideia ezberdin bat eramaten nuen eta hori proposatzen nien dantzariei». Probatzen joan dira ondoren. Koreografiak sortzeko garaian, lehen ideia hori plazara beste modu batera iristen dela dio koreografoak: «Buruan duzuna praktikan jartzeak gauzak birmoldatzea eskatzen du askotan, edota beste zenbaitetan, irudikatzen duzun hori ezin ezin izaten da aurrera eraman».

Eta lehen aldia izango du taldeak berak ere horrelako emanaldi bat eskaintzen. «Herri ezberdinetan bai ibili izan garela, Alurrek eskaintzen dituen emanaldietan, dantza pare bat egiten, baina emanaldi oso bat, hasi eta buka, ez dugu inoiz geuk bakarrik egin», esan du Zubiak. Goikoetxeak esan duenez, ikasturte hasieran esan zien irakasleak emanaldi bat egiteko asmoa zegoela, eta «gustura» hartu zuten erronka.

22 dantzariko taldea

«Ume-umetatik Alurren hasitako bi talde ginen; elkartu egin gintuzten gero, eta jendea dantza uzten joan ahala inguruko herrietako dantzariak etortzen hasi ziren», kontatu du Zubiak. Duela bi urtetik ari dira elkarrekin taldean. Ibarrako dantzariez gain, Bidania-Goiatz, Lezo, Altzo, Tolosa, Zizurkil edota Zaldibiakoek osatzen dute taldea. Momentu honetan, Alurr dantza taldeak duen bigarren talde nagusiena da.

Talde «gaztea» da, gehienek 15 eta 18 urte artean dituzte, urte batzuk gehiago edo gutxiago dituzten batzuk egon arren. «Bakoitzak bere pertsonalitatea du, eta dantzari batek edo besteak duen exijentzia maila ez da berdina, baina perfekzionistak gara, saiatzen gara behintzat», esan du Zubiak. Taldean dantza egiteak lasaitasuna ere ematen dietela aitortu dute dantzariek, baina bakoitzak bere onena ematen ere ahalegintzen direla dio Zubiak: «Taldean egiten dugu dantza, eta horrek ematen du nolabaiteko segurtasun bat, baina geure buruari begira ere jartzen gara eta hoberena ematen saiatzen gara». 

Joanes Zubia: «Taldean egiten dugu dantza, eta horrek ematen du nolabaiteko segurtasun bat»


Eta hoberena ematen saiatuko dira gaur iluntzeko emanaldian ere. Topic betetzea dutela helburu diote, eta aurreikuspenak «onak» direla. «Jendea apropos gu ikustera etorriko da, sarrera erosi dute horretarako, eta guretzat hori motibazio puntua da», dio Zubiak. Gaurko emanaldiaz gain, bizpahiru emanaldi ere lotu dituzte dagoeneko, eta herri gehiagotara iritsi nahi dute, Laia emanaldia eskaintzera.

Dokumentuaren akzioak