Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garai bateko toreroak, tradizioaren berbak eta prestigioaren ernamuina

Dokumentuaren akzioak

Garai bateko toreroak, tradizioaren berbak eta prestigioaren ernamuina

Prestigioaz, Durangoko Gogoetaren Plazan. Izen propio bat izatearekin lotu badaiteke, Ruper Ordorikak eta Jon Mayak badute prestigiorik euskal kulturan. Belaunaldi desberdinetako sortzaile bi, kasik elkarrekin kontakturik ez duten eremu bitan lanean. Badituzte, ordea, gune komunak. Oholtza bera izan daiteke bata. Bestea, langiletzat jotzen dutela beren burua eta ez dutela prestigioa behar baino distira handiagoz artatzen. Tradiziozko lana da biena.
Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Gara
Tokia
Durango
Mota
Kronika
Data
2015/12/09
Lotura
Gara

Prestigiorik ba ote duen euskal kulturak, horrek dakarren aitortza eta errekonozimendua nondik edo zerk ernatzen duen eta sortzaile baten bidean uneren batean bidaide astuna izan daitekeen. Izen handikoak asko ditu euskal kulturak, eta prestigiodunak ere bai. Baina alde biko txanpona izan daiteke hori ere. Jon Mayak eta Ruper Ordorikak ezaugarri komunik baldin badute, oholtza da hori. Dantzaren esparruan bata eta musikarenean bestea. «Omen prestigioa dator latinezko berbatik eta lehendabiziko azepzioa omen zen trukoa, iruzurra. Kantuan hasi nintzen, besteak beste, zegoen gauzarik debekatuena hori zelako, kantuan egitea, eta gainera euskaraz. Prestigioaren ideia hori oso urrunetik bizi izan dugu herri musikariok gehienetan», esan zuen Ruperrek atzo Durangoko Azokako Gogoetaren Plazaren azken egunean kulturaren prestigioaren gaia hizpide hartuta. Errekonozimenduaren partearekin geratzen da musikari oñatiarra, nahiz eta herri musikak ez duen benetan hortik edan. «Star sistemarekin hasi zen gehiago prestigioaren ideia zabaltzen, baina beste paper batean ibili garela iruditzen zait».

Prestigioa=motibazioa. Hori Mayaren definizio ekuaziozkoa; «prestigiotzat hartzen badugu zure aurrean jendea izatea, motibazio puntu gisa hartzen da, sabelean tximeletak jartzen dizkizun hori da».

Oholtza bada bi generoek konpartitutako guneetako bat, kamerino komun bat. Baina ez bakarra. Euskal kantu zaharrak eta dantza tradizionala; iraganeko kulturatik edaten duten sortzaile bi dira Ordorika eta Maya. Belarri bat eta hanka bat atzean dituzte, tradizioan iltzatuta. Kukairekin tradiziotik garaikidetasunerako zubia eraiki du Mayak azken urteetan eta, hain zuzen ere, zehaztasun horrexegatik dago taldea Euskal Herrian eta nazioarteko jaialdietan. Berriki Max Sarietan saritua izan da “Gelajauziak” lanagatik eta Xabin Bikandi taldekideak sari ematean bota zuen tradizioa ez ote dagoen gutxietsia. «Tradizioa klixe moduan jasotzen dugu, oso egun puntualetarako elementu konkretu bat bezala, baina horretan geratzen gara. Oso azaleko elementu batzuk jasota, eta gero ez zaio benetan duen pisua ematen», aitortu zuen Maiak.

Ordorikaren aburuz, betierekoa izango da tradizioaren bueltan sortutako gatazka hori, bere gutxitasun horretatik eratorritako eztabaida. «Aurrekoei asko zor diegu, aurreko kantariek ez zutelako kontrajarri tradizio hori», aipatu zuen. Urteak pasatu dira Durangoko Azokara etortzen hasi zenetik; auto-stopez egiten zuten orduan bidea eta aurretiaz osatutako zerrendarekin gerturatzen ziren Azokara. Bertso liburuak haietako asko, Gabriel Aresti hasi baitzen bertso moldean idazten, ordura arte arloteen gauza zena. «Kantu zaharra beti da niretzat inspirazio iturri handia». Baita Mayarentzat ere. «Talka hori beti egongo da eta egon behar du neurri batean. Tradiziotik datorren hori ez da inoiz izango masa kultura, baina hor dago, eta badu jarraitzailerik, artistarik hortik edaten duenik. Gakoa da hori gure egunerokotasun arruntean biziaraztea. Tradizio garaikidea da eta gizarte garaikidean lekua izan behar du».

Izpiritu kritiko prestigio gabea

Altxatu dira berriki ahots batzuk euskal kulturan kontserbadurismorako joera badagoela baieztatzen dutenak, hots, lau hamarkada atzerago idazle zirenen izpiritu kritikoak etena izan duela diotenak. Atxaga eta Pott Banda 70eko hamarkadan. «Kultur sormena kontserbadorea bada, analisi sakonago bat eskatzen du horrek. Hori ere gizartearen ispilu bat da, beraz, gizartea ere halakoa izango da kasu horretan», baieztatu zuen Mayak. «Gauzak gertatzeko testuinguruak behar dira», esan zuen. «Animaliak habitat bat behar du eta gauzak kasualitatez bakarrik ez dira sortzen. Baldin badago kontestu bat eta habitat natural bat sortzailea bizitzeko, harremantzeko, sorkuntzak plazaratzeko, eztabaida pizteko... hortik askoz modu naturalagoan jaio daitezke sorkuntzak».

Testuinguruarekin ados Ruper Ordorika. Ezin daiteke konpara, bere hitzetan, duela 50 urteko azoka, elizpean egiten zen hura eta gaur egungoa, «munduak ere ez baitu zerikusirik». Kritika labur bat. «Euskaldunen mundua asko ‘normalizatu’ da, erakundeetan sartu gara, egitura handi bat egin da. Maiz pentsatzen dut egitura hori ez ote den jende gehiago bizi dela euskaratik euskara sortzen baino, ez ote den desoreka bat». Eta testuinguruari heldu zion berriro, kontestuaren garrantziari. «Aterako zen Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete edo Natxo de Feliperena bezalako belaunaldi bat ikastolen sorrera gertatu izan ez balitz eta herri guztia mobilizatuta ez balego?». Eta Pott Bandara itzuli da une batez. Sarrionandia, Iturralde, Atxaga, Ertzilla, Juaristi... Denbora hartan aritu zirenek sormenean jarraitu dute, aurten ere sorkuntza berriak argitaratu dituzte, «eta horrek ematen dio hari momentu hartan ez zeukan itzal bat». Testuingurua goitik behera eraldatu bada ere, «talento handia dabil eta eskaintzak eskaera baino handiagoa izaten jarraitzen du».

Hizkuntzaren klabea

Euskaraz kantatzearen hautua irmoa izan da Ruper Ordorikaren ibilbide osoan eta Kukaik berak ere, hizkuntza beharrean gorputz lengoaia erabili izanagatik, ez dio hizkuntzari uko egiten. Eta Mayak ez du horretan, ez prestigioan ez zabalkundean mugarik atzematen. «Zenbat kantu entzungo ote ditugu atzerriko taldeenak hizkuntzarik jakin gabe... Ramstein. Ez dakit diren azaleko aitzakiak edo muga hori hor daukagun. Agian muga handiena da herri bezala ez garela jarri klabe horretan».

Irratiaren aurreko musikara joan da Ordorika. Euskal Herritik munduratu ziren musikarietara, Julian Gayarre, kasurako. Edo gerora, diskoak hasi zirenean, espainolez edo frantsesez nazioartera zabaldu zirenen haietara, Luis Mariano edo Mocedades. «Komeni da zooma aldentzea», esan zuen. «Ikusten ditugu gure arazoak munduko denak erreproduzituko bagenitu bezala eta komeni da pentsatzea Calatayudeko pianista bat gu bezain marjinatua izan daitekeela bere estiloagatik. Homologatua ez den hizkuntza batean kantatzea estilo bitxi bat hartzea da eta hori radarrak ez du harrapatzen. Kontua da norainoko traba daukazun zure eginkizunean, euskara ote den putzu agortu bat ala nire kasuan bezalatsu, zenbat eta gehiago egin urrunago ikusten duzun noraino joan zaitezkeen».

Prestigio horretan hedabideek duten erantzukizunaz, Mayak entseguetan irudikatzen dutena bota zuen. «Demagun entseatzen amaitu, dutxatu eta ateratzerakoan hogei kazetari ditugula inguruan egunero. Eta galderetan etengabe aritzen direla: Zer moduz joan da entsegua? Honek hanka bihurritu du? Bestea bigarren lerroan jarri duzu?». Komunikabide askorentzat kultur sorkuntza «anekdota» baino ez da bere hitzetan.

Musikariaren eguneroko bizitza ezin aldenduago dago prestigioaren ideiatik musikari txantxikuarraren aburuz. «Ofiziozko interpretea baino lantegi apalagorik ez dago gure gizartean». Ordainari buruz ari zen –«badakit euskaldunak ez duela horretaz hitz egin behar»–. Indibidualtasunaren ofizioa; «ez dugu elkarterik eta ez dugu izango». «Musikaria da lehengo toreroa bezala. Iristen zen trenez ondoko herriraino eta han alokatzen zuen Mercedes bat, zeren maisua iritsi behar da plazara maisu bezala».

Euskal irratiak sortu aurretik, ahoz aho zebilen transmisioari edo helarazpenari eusten zioten garaiko sortzaileek. Eta euskal sortzaileen kantuak jartzen ziren nazioartekoen parean. Rod Stewart eta Ruper Ordorika izan zitezkeen pareko uhin haietan. Euskal irratiak hasi zirenean, ordea, «trasbase» bat egon zen. «Eta gaur egun prentsan antzeko zerbait gertatzen da, euskal gauzak euskal hedabideentzat. Aitzol, Orixe, Lauaxeta... Orduko jeltzaleek zuten mundu kultural hura eraman zuen gerrak eta erbesteak eta oraintsu maila politiko gorenetan ez dago garbi zer den kultura herri honetan, ze hizkuntzekin pentsatu behar den, behar den babestu edo ez», aipatu zuen.

Hedabideez harago, sariek prestigiorantz bultzatzen ote duten norbait, dela Max Sariekin Kukairen kasuan edo Adarra sariarekin Ordorikaren izenean. Batzuentzat motorra, bestearentzat istripua. Baina jaso, biak jasotakoa, prestigioarekin edo gabe, izen bat bai baitute egun kulturan, hizki larriz.

Monitoreetan
Ruper Ordorika: «Euskaldunak izugarrizko zamarekin dabiltza mundu honetan, denekin kunplitu beharra. Jendeak egiten du ahal duena eta gu babesten gaitu ikaragarri. Politikan, baina, kulturan jartzen dute askotan monitoreetan sekula sonidorik egin ez duena».

Motiboa / Muga
Jon Maya: «Lehenengo premisa kalitatea da. Motiboa izan daiteke hizkuntza, baina ez muga. Sarrionandiaren testuekin egin izan dugu lan eta aurkeztu gara nazioartean. Berdin dio nongoa zaren, pieza hori gustatzen da edo ez, funtzionatzen du edo ez».

Prestigioa
Jon Maya: «Ez nioke hainbesteko balioa emango hitzari. Zure baitan baino hartzailearen esku dagoen zerbait da prestigioa. Langile huts sentitzen gara honetan ari garen guztiak eta hala behar du izan».

Ekimenez
Ruper Ordorika: «Ez dago aparaturik prestigioa sortzen duenik. Egile baten izen ona ekimenetik dator. Pott-ekoek idazten jarraitu ez balute nekez gogoratuko zen ekimen hura, ber gauza Ez Dok Amairuri buruz».

1209_kul_ruper

Dokumentuaren akzioak