Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gamerear-zihigarren azken kobla?

Dokumentuaren akzioak

Gamerear-zihigarren azken kobla?

'Ligetx Koblakaria(k)' pastorala bigarren aldiz eman zuten gamerear-zihigarrek, atzo; azken aldia ere izan zuten. Ikusleek pastoral eguneko tradizioari jarraiki diote, betiko gisan, zuberotar koblakarien inguruan zerbait ikasirik.
Egilea
Leire Casamajou Elkegarai
Komunikabidea
Berria
Tokia
Gamere-Zihiga
Mota
Albistea
Data
2024/08/04
Lotura
Berria

Pastoral gunea Gamereko soro batean antolatua zuten herritarrek. BERRIA

 Pastoral gunea Gamereko soro batean antolatua zuten herritarrek. BERRIA 

Pastoraleko arizaleen desfilea atzoko 11:00etan omen zen, 10:00etako meza urrendu ondoan. Gamereko herriaren sarreran bildu zen jendea, elizaren eta pastorala ematera zihoazen soroaren artean hor nonbait, eta igurikatu, elizatik jinen zirelakoan aktoreak, horien arrastiriko kargurako jantziekin. Baina igurikaturik ere, nehor ez zen agertu, laguntzaile bat salbu: «Zer zarete? Desfilearen aiduru? Deus ez duzue ikusiko orduan, Zihigan dira». Hau ezustekoa.

Herriaren izena Gamere-Zihiga (Zuberoa) da, biak bat, baina kasu, hori edonori ere ez zaio erran behar; zenbait gaitzitu litezke. Halere, alde biak batu dira berriz aurten, pastorala muntatzeko: Ligetx Koblakaria(k). Zihigan bizi izana zen Luis Ligetx, gainera, protagonista bietarik bata. Benat Larrorik idatzia da pastorala, eta Xantiana Etxebestek eraman ditu taularen zuzendaritza lanak. Biendako lehen aldia izan da kargu horietan.

Atzokoa bigarren aldia zuten gamerear-zihigarrek, bai eta azkena ere. Orotara, lau mila bat jendek deskubritu ahal izan du Luis eta Madalena Ligetx anai-arreben istorioa, Basaburuko eskuin ibarreko herriak azken urtean egin lanari esker. Eta, nahiz lan anitz izan den, beharbada, izan dute ordainsaria: Euskal Herriko zazpi lurraldeetarik jendea bildu zaie; horietariko batzuendako urteroko ohitura bada pastorala ikustera jitea. Jose Ignacio Arrizabalaga Andrinuga, adibidez, bere Durango (Bizkaia) aldeko lagun taldearekin jina zen, eta aspaldian uda oro berritzen duten esperientzia da Zuberoako trajeriaren ikustera jitea: «Urteroko zeremonia dugu. Hori aprobetxatzen dugu hona etorri eta asteburua pasatzeko».

(ID_14135586) (/EZEZAGUNA) soroan

15:30ean tanko, arizaleak musikaren erritmoan abiatu ziren, tempoa ezkerreko zangoaz markaturik. BERRIA

Zenbaitek desfilea huts eginik ere, ez zuten eguna galdua. Ondoko urratsa Ikastolaren bazkaria zen, betiko gisan. Margita Keheille gazte barkoxtarrak bertan jan zuen atzo eguerdian: «Hori ere pastoralaren tradizioaren parte duzu osoki. Gero, orain, herri bakoitzak hautatzen dizu ea Ikastolarendako egiten duenez edo herriko eskolarendako —joan den astean, adibidez, igandearekin, Altzaiko [Zuberoa] eskolak egin zuen bazkaria—. Baina baduzu zerbait, hemengo elkarte, eskola eta ikastolen biziarazteko gogoa, eta hezkuntzarekiko ere bai, erran nahi dizu inportantzia bat emanik zaiola pastoralari».

Ligetx anai-arrebak

Luis Ligetx, eta Madalena Ligetx. «Hamabi aurridetarik biga ditugu hautatu», idatzi zuen Larrorik lehen peredikuan, eta horiei buruz erran: «Luis Ligetx da famatua, ez merezi zuen bezain beste/ Madalena bere arrebak, ez du fama mikorik txeste». Luis Ligetx, dudarik gabe, bertsolaria izan zen; koblakaria, zuberotarrek erratea gustuko duten gisan. Eta baliteke Madalena haren arrebak ere zenbait bertso ilki izana. Baina, horretaz ez da segur idazlea: zenbait idatzi historikotan oinarritu zen emazte horri ere elearen dohaina ematea deliberatzeko, Ligetx arrebetarik batek bertsotan eraunsten zuelakoan.

Lehen peredikutik landa aitzina, Ligetx anai-arreben istorioa kontatu zuten gamerear-zihigarrek bigarrenez: Lehen Mundu Gerla, anaia baten galtzea, gerlaren bukaera, bertso saio bat, puntuka, Euskaldunen Biltzarra Atharratzen, edo Luis Ligetxek Pierre Bordazarre Etxahun Iruri ezagutu zuenekoa... Etxahun Iruriren izena oroen burura heltzen da aise, baina ez da kasua Ligetxendako. Keheillek ere aitortu du deus ez zuela ezagutzen Luis Ligetxi buruz: «Justu badakizut koblakaria zela, eta arrastiri honetan deskubrituko dizut». Anitzetan, ikuslearendako, pastorala parada ona da ezezaguna zaion pertsonaia bati interesatzeko. Honako honetan, Etxahun Iruriren izena gogoan, jendea ohartuko zen Luis Ligetx bera izan zela haren kobla irakaslea.

Eta egunak aitzina jarraiki zuen, ez baita pastoral eguna ikuskizunarekin urrentzen. Pastoral eguneko tradizioak beti bera izan ohi da: meza, desfilea, Ikastolako bazkaria, pastorala, eta antxerak. Atzokoa herri ttipietako eskandaluen heinekoa izan zen: Altzai-Lakarri (Zuberoa) Gamere-Zihigako auzo herriak erosi zituen antxerak 3.300 euroan. Barkoxerekin (Zuberoa) lehian egon ziren, zeren Barkoxek ere antxeren erostea aurreikusi baitzuen, eta hori aspaldian, horiek baitute heldu den urteko pastorala emanen. Eta beti da hola, edo kasik: bi asteburuetarik batean aitzineko urteko pastoralaren herriak erosten ditu antxerak, eta, beste asteburuan, ondoko urteko pastoralarenak. Baina tradizioak noiztenka hautsiak izateko dira hor, iduri du.

Eguna pastoral ondoko bestarekin bukatu zen, gaur goiza arte iraunen zuena, zeren gamerear-zihigarrek pastoraleko azken bertsoa atzo eman bazuten, horien azken kobla ez zen izan, agian.

Dokumentuaren akzioak