Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Galiziako tradizio berria

Dokumentuaren akzioak

Galiziako tradizio berria

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/06/17

Izan ere, Trebonen ikusgarria Galiziako musika eta dantza tradizionalean oinarritzen da, baina horri kutsu berritzailea erantsi nahi diote sortzaileek. «Musika eta dantza tradizionala beste ikuspegi batetik begiratu nahi dugu guk», azaldu du Sergio Cobos taldekideak. Arrazoi horregatik, Xurxo, Miguel, Berto eta Sergio bera orain dela bi urte elkartu ziren: «Ikusten genuen azken urteetan musikak aurrerapauso handiak eman zituela, baina dantza tradizionalak bere hartan, geldirik jarraitzen zuela. Eta ez soilik Galiziako dantza tradizionaletan, baizik beste lekuetan ere antzeko zerbait gertatzen dela uste dut. Oro har, dantza tradizionala 30 edo 40 urte atzera geratu da».Gogoeta horretatik abiatuta ekin zien Trebonek lehenengo entseguei. Esku artean zituzten musika tresnen, kantuen eta dantzen ohiko erabilpenei itzuli bat nola eman pentsatzen hasi ziren. «Esate baterako, danborrarekin ikusi genuen Galizian ez zela atzematen Turkian edo Grezian danbor berak jotzeko modurik. Pixkanaka-pixkanaka musika tresna horiek erabiltzeko modu ezberdinak aztertzen hasi ginen, horien artean dantzak txertatzen... Azkenean, ia bi urteko lanaren ondotik, maiatzaren 6an Santiagon estreinatu zuten ikuskizuna.



Iritzi baikorrak



Zalantzarik gabe, Trebonek egindako gogoeta eta hartutako bidea zeresana eman du Galiziako kultura tradizionalaren baitan. Sergiok onartzen du beren jarrerak ikusmira sortu zuela hasieran, «baina iritziak ere oso baikorrak izan dira». «Jendeak horrelako zerbaiten beharra zegoela onartzen duela uste dut, eta gure ikuskizunarekin denboran hiru pauso luze aurreratu direla uste dugu guk. Estreinaldian dantzari zein musikari tradizional ugari izan ziren, eta gure ikuskizunarekin asko gozatu zuten. Guk hartutako bidea ez dago tradizioarekin kontrajarria; beste formatu bat da».



Guztira, Trebonek 75 minutuko ikuskizuna eskaintzen du. «Ikusteko musika» dela diote batzuek, «tradizio garaikidea» dela beste batzuek... Kontua da protagonista nagusi perkusioa duen musika eta dantza ikuskizun bizia eskaintzen dutela. Sarritan, egunerokoan erabiltzen ditugun gailuak hartzen dituzte musika tresna gisa, Mayumana konpainia arrakastatsuak egin ohi duenaren antzera.Hala ere, dantza une oro ageri da ikuskizunean, perkusio doinuekin batera mugimenduak eta dantza tradizionalen moldaketak etengabeak baitira. Lau taldekideek, gainera, euren jatorria dantzan dute nagusiki. Sergio, esate baterako, dantza tradizionaleko irakaslea da. «Hain zuzen ere, horregatik abiatu ginen proiektu honetan. Esku artean dugun lehengaia ezagutzen dugu, baina hori berritu eta eguneratu nahi genuen». Dantzaz eta musikaz gain, Trebonek antzerkiari ere keinu bat egin dio hala ere, Sergiok agerpen horiei pisua kentzen die umorez: «Nabari da gu ez garela aktoreak».











P ERRENTERIA DANTZAN



Munduko dantzen ikuskizuna



Urtero legez, Errenteriako Ereintza Dantza Taldeak Errenteria Dantzan Jaialdia antolatu du Sanjoanen inguruan. Dantza adierazpide ezberdinak erakustea eta urtero munduko hainbat herrialdetako ohiturak eta dantzak erakustea da jaialdi horren helburua. Hala, besteak beste, jaialdia antolatu duten hamabost urteetan, bertatik igaro dira Euskadiko Baleta, Errusia, Senegal, Hegoafrika, Turkia, Israel, Polonia, Lituania eta beste hainbat herrialdetako dantza konpainiak...



Ereintza Dantza Taldeak aurten ere egitarau oparoa osatu du, eta azpimarratzekoak dira jaialdiaren hasieran zein amaieran egingo diren dantza ikuskizunak. Hasierako ekitaldia Trebon taldearen esku izango da eta amaiera emateko Kaukasotik bertako dantza konpainia etorriko da. Talde errusiarrak eta Euskal Herriko Ereintza Dantza Taldeak saio berezia eskainiko dute.



Egitaraua



Ekainak 18: Trebon taldearen emanaldia. 20:00etan Errenteria Hiria kulturgunean.Igandea 19: Dantzara, Plazara! Errenteriako Udal Txistu Taldearen dantzarako kontzertua.



Ekainak 23: San Juan bezperako ohiko soka-dantza. 22:00etan herriko enparantzan.



Ekainak 25: Dantza saio berezia. Kaukasoko Dantza Konpainia eta Ereintza dantza taldea.



Eta gainera...



Ikasleen arteko II. Mural LehiaketaErakusleihoen I. Lehiaketa

Dokumentuaren akzioak