Dokumentuaren akzioak
[Galeria] Jantziaren Zentroa larunbatean zabalduko du Iraultzak
Jantziaren Zentroak Iraultza Dantza Taldearen jatorrizko jantzien bilduma jasotzen duen erakusketa dela esan du Mendiburuk. 1971. urtean sortu zen Iraultza eta 1986. urtetik jantziak biltzen eta jasotzen aritu direla azaldu du, “bilduma handia jaso dugu urte hauetan guztietan eta udalarekin harremanetan jarrita, berari esker lortu dugu zentroa zabaltzea”.
Iraultzak urte askotan zehar egindako lanaren ondorio dela proiektua esan du Julen Mendoza alkateak, “udalak parte hartu behar zuela erabaki genuen 2012. urtean abiatu genuen parte hartze prozesuaren barruan. Plan estrategikoa diseinatu genuen 2025 urtean gure herriak nolakoa izan nahi duen markatzen du horrek, eta apustu handia egin nahi zen kultura eta ekonomia kreaktiboan, herria eraldatu nahi zela garbi azaldu zen. Proiektu estrategikoen artean honakoa kokatu zen eta hortik dator udalaren parte hartzea”.
Zentroa hartzen duen eraikina berritu dute, 375.000 euroko inbertsioa egin du udalak lanetan. Eskerrak eman dizkio Mendozak Iraultzari, “urte guzti hauetan egin duzuen lanagatik, eta gure herrian kokatzegatik. Guretzat ohore bat da”. Aitortza egin dio Iraultzari, “gaur hau posible bada, beraien egoskorkeria baten ondorioz delako. Zentroak gure herriari norabide bat emango dio, orain arte markatu dugun norabide horretan beste proiektuekin batera, eta zentzu horretan apustu egiten du udalak halako zentroak arrakasta izan dezaten, gure herrira jendea erakar dezan eta baita ere gure historiara eta gure memoriara ibilaldi bat egiteko aukera izan dezan”. Zentroa ekarpena dela Errenteriarentzat, baina baita Euskal herri osoarentzat ere gaineratu du.
Jantzi originalak
Jantziaren Zentroaren gaineko zehaztapenak eman ditu Garciak. Lehenengo solairuan Euskal herriko jantzi originalak erakutsiko ditu Iraultzak. 1850 urtetik 1.900 urtera artekoak bilduko dituzte bertan. Gipuzkoa, Bizkai, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako hamalau jantzi dira, hamabi emakumeenak, eta bi gizonenak, “baserritar jantzi bezala ezagutzen ditugunak ikus daitezke, san Tomas egunean edota fandangoa eta arin arina dantzatzeko erabiltzen ditugun horien jatorria direnak”. Herri jantziak biltzen dituen aretoaren sarreran, Xanti eta Maialen daude. Bertakoak, Errenteria-Oreretako lehen erraldoien buruak dira 1919. urtekoak. Horien jantziak eta egurrezko egiturak 1984. urtekoak. Gainera, XX. Mende hasierako fabriketan egindako objektu edota bertako fakturak ikus daitezke: Lino, manta Fabrika, Olibet, Esmalteria, Fabril Lanera, eta Perfumerias Finas SA enpresenak, besteak beste.
Bigarren solairuan, jantzien bilakaera bildu dute, “modaren historia munduan ezagutzeko balioko du. 1770. urtetik 1920. urtera arteko hamasei jantzi bildu dituzte bertan, hamalau emakumeenak eta bi gizonenak. Bertako hiru jantzi daude, Donostiako bi eta Bilboko bat bigarren solairu horretan, beste guztiak, Frantzia, Ingalaterra eta Ameriketako Estatu Batuetakoak dira”.
Jantziekin batera, zapatak, esku poltsak, abanikoak, belarritakoak, brotxeak, eta bitxikeria gisa Donostiako Gran Casinoko kartak eta fitxak ere badaude.
Erakusketa sei hilero aldatuko dute, eta une honetan bildutako jantzi guztien %20 bat jarri dute erakusketan.
Jantziaren zentroa larunbata, igande eta jai egunetan zabalduko dute. Larunbatetan goiz eta arratsaldez 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik; igande eta jai egunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da, eta horretarako telefonoz deitu beharko dute interesdunek turismo bulegora (943 49 45 21) eta erreserba egin. Hilabeteko lehen igandean bisita gidatua euskaraz egingo dute, eta bigarrenean, gazteleraz.
Aste Santuaren hurbiltasunari erreparatu dio Mendizabalek: “Egun horietan jende asko etortzea espero dugu. Gainera, hamar laguneko taldea osatzen bada bisita gidatuak egiteko aukera ere izango da, Ostegun Santuan euskaraz, Ostiral Santuan gazteleraz, igandean euskaraz eta astelehenean gazteleraz. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da deitu eta erreserba egitea”. Sarrerak 3 euro balio du, eta bost urtetik beherako haurrek doakoa izango dute.
Dokumentuaren akzioak