Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Galera, aukera

Dokumentuaren akzioak

Galera, aukera

'Memorias de una pulga'

Zuzendaritza eta koreografia: Sol Pico. Dantzariak: Sol Pico, Valenti Rocamora, Carlos Fernandez Fuentes. Aktorea: Joan Manrique Lekua: Barakaldoko antzokia. Data: Azaroak 15.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/11/17
Lotura
Berria

Goitik zetorren argi mehe batek agerian utzi du iluntasuneko golf jokalaria hondamendi eremu batean aurkitzen zela, eta irudi sinboliko horrek eman dio hasiera Sol Pico koreografo eta dantzari katalanaren azken sorkuntzari. Hiru dantzariak ere zabortegi itxurako eremu desolatu horretan azaldu dira, panel batean Espainiako zezen famatua mila puskatan lehertu ostean, eta gurpilak, bidoiak eta latak inguruan zituztela.

Zaila da benetan hiruren janzkera surrealista deskribatzea, baina nahikoa izango dugu bi gizonen gonak eta hiruren galtzerdi luzeak aipatzearekin. Argi diseinu landu baten pean eta Carles Lopez Campamany-en soinu-paisaia konplexuan bilduta, eskutik helduta eta pauso arinetan mugitu dira dantzariak, eskola garaiko jolaslekuan gomarekin soka-saltoan ibiliko balira bezala, inguruko giroa goibela eta artegagarria izan arren. Bide horretatik, garrantzi handia eman diote hanka eta oinen mugimendu pultsatuari, eta noizean behin libre sentitu dira beso eta eskuekin barrenak askatzeko, baina egiatan, dantzaren diseinu abstraktua era miresgarrian elkartu da gainontzeko elementuekin, eta guztien artean ederto islatu dira inguratzen gaituen munduaren desolazioa eta galera.

Etengabeko jarduera fisiko horren erdian denetariko gauzak gertatu dira, hala nola hainbat herri-dantzetan oinarrituriko pausoak, oreka zaileko jarrera estatiko estrainioak eta akrobazia mailako ariketak, Sol Picoren gorpuzkera txikia aprobetxatuz. Laugarren pertsonaiak, bitartean, golfean jarraitu, xurgagailua pasatu, latak haize-kanoi batekin uxatu eta arropak erantzi ditu beste dantzariek jantzi zitzaten, eta anabasa zoragarri horren erdian, solo labur bat eskaini digu Picok, bere kemen paregabea eta lirismoa ezin hobeto uztarturik.

Emaitza eszenikoa hain da aberatsa, ezen nik uste dut bizpahiru aldiz ikusi beharra dagoela, bere baitan dauden osagai guztiez jabetzeko eta haien arteko elkarreraginak antzemateko. Momentuz, baina, oroimenerako gordeko ditugu proposamenaren umore tragikoa eta azken eszenako irudia, non gizakiak mezu desesperatu bat bidaltzen duen, azken aukera baten eske.

Dokumentuaren akzioak