Dokumentuaren akzioak
Galdeiozu Mikel Aranburu-ri
Mikel Aranburu, Folklorista
- Inauterietan gure benetako izaera agerian uzten dugula esan ohi da. Hala uste duzu?
Pello Leiza (Iruñea)
Ez behintzat modu zehatzean. Joera eta ezaugarri psikikoek eta moralek egiten dute pertsonalitatea, eta inguruko eraginei erantzuten dieten jokabideekin adierazten da. Inauterietan, berriz, gure ohiko erantzunak baldintzatzen dituzten arauak ez dira desagertzen, baina beste batzuengatik ordezkatuak dira. Eta haiek bezain zorrotzak izan daitezke gainera. Arau horietara egokitzeak pertsonalitatearen ezaugarriak agerian utz ditzake (jairik gabeko inguru batean ez dira agerian geratuko). Izatearen kontzientzia gizartean ez da aldatzen, baina ezin dugu hitz egin benetako pertsonalitate bakar batez, baizik eta egokitu edo islatu egiten diren ezaugarri eta joerez.
- Zergatik onartzen dira jaiegun eta egun berezietan eguneroko bizimoduan gaitzesten diren ohitura asko?
Mertxe Atorrasagasti (Donostia)
Biak osagarriak eta bateragarriak direlako ordenari eusteko kaosaren kaltean. Ezarritako ordena neurriz iraultzea da jaiaren helburua. Egunerokoak eta jaiak, batak bestea behar du, eta indartu egiten dira. Antropoliarentzat, jaiak errito eta elementu sinboliko ugari ditu, eta horiek islatzen dute gizarteak bere buruaz duen ikuskera, eta horko kideen artean eta horien eta naturaren artean dauden harremanak. Horien artean daude egunerokotasunak baztertzen dituen harremanak, baina jaian beharrezko askatasun gisa hartzen direnak. Festa gabe, egunerokotasunean pilatutako tentsioa bortizkeriaren bidez askatzen da.
- Zerbait aldatu nahi ez denean maiz esaten dugu ohitura dela. Zer da ohitura? Ezin al dira aldatu? Antonio Alberdi (Gasteiz)
Behin eta berriz egiten diren ekitaldiak dira ohiturak. Ondorioz, ekitaldi sozial garrantzitsu bilakatzen dira. Ohiturak gizarte kontrolerako tresna gisa funtzionatzen du, eta ohiturei aurre egiten dietenak zigortu egiten dira. Tradizioaren modura, herri baten pertsonalitatea azaleratzeko gaitasuna dute ohiturek eta, horrenbestez, sarritan tradizioarekin nahasten dira. Ohituren aldaketa prozesua mantsoa da eta herritarren arteko kontsentsuan oinarritzen da. Gizartea, aldiz, azkar ari da aldatzen. Ondorioz, sarritan, gizartea eta ohiturak aurrez aurre jartzen dira. Kontuan hartzekoa da ere, ohituren aldaketak, sarritan, identidade kolektibo ezberdinen arteko eraso tresna direla.
- Euskaldunok afari eta bazkaritan asko pentsatzen dugu. Nondik datorkigu kultura hori? Gorka Viana (Iruñea)
Gure kulturan elikadurarekin kezka handia dago. Ohitura hori beste garai batzuetatik datorkigu, hain justu ere ekonomia nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan oinarrituta zegoenetik. Izan ere, komunitate horiek iraupeneko ekonomian oinarritzen ziren, Europako beste zenbait lekutan gertatzen zen modura. Kasu horietan, bizi iraupenak baldintzatzen du kultura.
- Zer funtzio betetzen dute inauteriek egungo gizartean? Gizartea aldatzearekin bat zertan aldatu dira inauteriak? Joseba Lagasabaster (Durango)
Gizartea aldatzearekin bat, jai hauetako hainbat arlo indartu egin dira eta beste batzuk indargabetu. Ezkutatzearekin, ongi pasatzearekin... loturiko arloak mantendu egin dira. Indar naturalei loturiko erritualak, berriz, folklorizatu egin dira. Inauteriak antolatzeko modua ere aldatu egin da, lehen parte-hartzea zena orain errepresentazioa baita. Baina, oinarrian, inauteriek beti gizakiaren kezkak azaleratzen dituzte.
- Gizarte globalizatu batean zer garrantzi du folkloreak? Eta bere nortasun ezaugarriei modu naturalean eusten dien herri batentzat? Nerea Lertxundi (Iruñea)
Herri batean ondasun kulturalaren parte da folklorea. Hura ikertzeak eta ezagutzeak geure burua interpretatzen laguntzen digu, eta nortasun kolektiboa berresten du. Baina, aldi berean, sormen bizia da folklorea, aldakorra, eta giza talde baten identitatea azaltzeko gaitasuna du. Gizarte globala harmonikoki egin dadin, folkloreak aniztasun kulturala gordetzen laguntzen du. Bestalde, ez dut uste herri batek naturalki eusten dionik bere nortasunari. Euskal Herriak bezala nortasun desberdindua dutenek beren borondate eta ahaleginari esker lortu dute.
Dokumentuaren akzioak