Dokumentuaren akzioak
Galdeiozu Jon Maia
Jon Maia, Dantzaria
2002-06-11
Bosgarren txapela irabazi duzu aurten, zenbat gehiago Errenteriara? Lehenengoak adinako poztasuna ematen al du bosgarren txapelak?
Nekane Iraeta (Donostia)
Espero dut gure herrira txapela gehiago joatea, gainera horrela izango dela uste dut. Eta ez diot niregatik. Gustatuko litzaidake bat edo beste gehiago janztea, baina ni ez banaiz ondoren datozen gazteek txapela eskuratzeko aukera handiak dituzte, indartsu datoz. Bestalde, txapela bakoitzak badu bere xarma, unean-unean guztiak dira bereziak. Lehena eta azkena ilusio berarekin hartu ditut.
2002-06-12
Upeletan Erronka ikuskizuna asko gustatu zitzaidan. Zer moduzko esperientzia izan zen zuentzat? Ba al duzue esku artean antzeko beste proiekturik? Josune Fernandez (Donostia)
Esperientzia oso polita izan zen. Lau lagun elkartu eta besterik gabe saio bat egitetik hirurogei saio egitera pasa ginen, Estatu Batuetan ere aurkeztu genuen, eta oso gustura aritu ginen.
Gaur egun ohiko jardunari eusten diot. Azken urteetan bezala, herriko dantza taldean jarraitzen dut, baina, horretaz gain, Kukai taldea sortu nuen, herriko beste sei dantzarirekin batera. Orain arte gauza txiki batzuk egin ditugu, baina hilabete gutxiren buruan gauza politak egiteko moduan izango garela uste dut.
2002-06-13
Azken boladan koreografia eta ikuskizun berriak nagusitzen ari dira. Dantza tradizionalak bide horretatik jo behar al du aurrera egiteko? Jon Ruiz (Donostia)
Historikoki dantza tradizionala beti hor egon da, eta garai bakoitzean, moda berrien arabera, bide berriak hartu izan ditu. Aurrerantzean ere gure oinarria tradizio bezala ulertu duguna izango da eta garai bakoitzeko dantzariek saio berriak eta beren ekarpenak egingo dituzte. Ondo eginda eta lan hori ongi aprobetxatuta, baliagarria izan daiteke, baina betiere tradiziotik erabat urrundu gabe.
2002-06-14
Urteak daramatzazu euskal dantzaren munduan. Nolako diagnosia egingo zenuke egungo egoeraz? Maider Zabaleta (Hernani)
Dantza, arte moduan, eta euskal dantza, kaleko kultur adierazpide den aldetik, apur bat desprestigiatuta daudela uste dut. Jende gehiegik ikusten du bigarren mailako zerbait balira bezala. Hori aldatzeko gauza askori eman behar diegula bira. Dantzariok, adibidez, saioak tentu handiz, mimoz zaindu beharko genituzke, gure jarduna erakargarri bihurtu... Gauza txukunak egitean jendeak ere badaki estimatzen.
2002-06-15
Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa jokatuko da asteburuan Seguran. Txapelketek ez al dakarte dantzaren estilo bateratze bat aniztasunaren kaltetan? Jon Elizalde (Donostia)
Modu batean bai, txapelketetan eredu zehatz bat bultzatzen baita. Bestalde, txapelketan epai bat egiteko beharrezkoa da gutxieneko bateratze bat. Hori da afera. Hala ere, estiloen aniztasuna eta dantaztzeko modu ezberdinak herri bakoitzean eta talde bakoitzean mantendu beharko lirateke. Lan horrek txapelketakoarena baino indartsuago behar du izan, besteak beste askoz ere masiboagoa delako.
2002-06-16
Udan herrietako festetan geroz eta gutxiago programatzen dira dantza taldeak. Zer adierazten du horrek? Iñaki Bereziartua (Donostia)
Eta programatzen denean, gainera, oso baldintza eskasetan, azpiegitura eta aurrekontu kaskarrekin. Horrek gabezia handi bat adierazten du. Kultur sustapenerako zer den beharrezkoa, zein ekitaldi bultzatu behar diren eta abar galdetu behar da hor. Baina, dantzariez gain, beste sektore batzuek ere mintzatu behar dute hor. Kontua da ea gai ote garen dantzaren politika bati buruz hitz egiteko, eta benetako beharrak izendatzeko. Eta, noski, behar horiei behar bezala heltzeko.
Dokumentuaren akzioak