Dokumentuaren akzioak
Galdeiozu: Aiert Beobide
2001-07-24 tik 2001-07-30era
2001-07-24
- Gustatzen al zaizu euskalduna zarela adieraztea? Antonio Zuñiga (Mexiko)
Dantza edozein kulturaren adierazgarri denez, euskal dantzak beti izango dira euskal kulturaren zati garrantzitsu bat. Niri dantzatzea ikaragarri gustatzen zait, baita dantza tradizionala ez dena ere, baina euskal dantzak askoz ere gustukoagoak ditut, nire herriko dantzak baitira. Azken finean, euskal dantzak egiten ditudanean euskalduna naizela adierazten dut, eta horretaz oso harro nago.
2001-07-25
- Zenbait dantzarik askotan esaten duzue txapelketak ez direla dantza bultzatzeko era egokiena. Ordea, bertan parte hartzen duzue eta horrek ematen duen izenaz baliatzen zarete. Zuei dantzarioi baliagarriak zaizkizue lehiaketak? Ba al dute funtziorik? Mikel Iturrioz (Ordizia)
Ez nuke esango, eta inoiz esan badut zuzendu nahiko nuke, txapelketak dantza bultzatzeko era egokia ez direnik. Aldiz txapelketak eta hauek nola funtzionatzen duten askotan kritikatu izan dugu dantzari askok. Alde batetik, aurresku txapelketak dantza egiteko era bakar batera bultzatu ditu dantzariak zonalde ezberdinetan zeuden dantza moduak desagertzera bultzatuz, bestalde txapelduna gehiegi onetsi eta besteak inor ez balira bezala tratatzen dira eta honek dantzari asko erre eta txapelketetaz aspertu arazi egiten dituzte. Baina, bai, alderdi onik ere badute, teknikoki dantzaren hobetzea izugarria da eta aurreskulari batek bere burua ezagutzera emateko era bakarra da.
2001-07-26
- Euskal dantzak garai berrietara egokitzeko ordua dela uste duzu? Maite Errandonea (Iruñea)
Bai. Euskal dantzak, beste edonongo dantzak bezala, garai berrietara egokitu behar direla uste dut. Nik duela urte batzuk daramat Aukeran Dantza Konpainian eta gure helburuetako bat hori bera da. Horrekin ez dut esan nahi Euskal Herriko dantza taldeak atzean geratzen ari direnik, talde bakoitzak ditu bere funtzioak eta denak dira euskal dantza eta azken finean euskal kulturarentzat aberastasun bat. Dantza tradizionalak diren bezala mantendu behar direla uste dut, baina beraiekin esperimentatu beharra dago eskaintza berriak aurkitu ahal izateko.
2001-07-27
Ze motatako aktuazioetan parte hartzea duzu gustuko? Maite Arzuaga (Donostia)
Oso zaila da aktuazio mota bat zehaztea. Hamahiru urte nituenetik Donostiako Eskola Dantza Taldean aritu izan naiz, eta bertan Euskal Herriko dantza ugari egiten genituen. Jende askoko ikuskizunak ziren eta koreografia handiak, jende askokoak, egiten ziren gehienbat, baina baita dantzari bakarrekoak ere gauza guztiak zirela ikusgai. Gaur egun Aukeran dantza konpainian egiten dut dantza, hau talde profesionala da eta jendez murritzagoa. Aukeran euskal dantzetan oinarrituriko koreografia berriak egiten ditugu, euskal dantzak ondo ikasi, landu eta hauekin esperimentatuz Euskal Herritik kanpora ere lehiakorra izango den dantza ikuskizun bat eratzea helburu dugula. Nire dantzari bizitzan gauza desberdin asko egin ditut eta bi hauetan egon naiz erosoen. Gauzak gehiago zehaztuz talde serioetan nago gustuen; argiak, eszenaratzea, jantziak eta ikuskizunak behar dituen aspektu guztiak zaintzen dituen aktuazio batean.
2001-07-28
Kanpoko edo hemengo agintarien aurrean dantzatu behar duzunean eroso sentitzen zara? Oihane Lekuona (Tutera)
Aurreskuak momentu askotan bere garrantzia edo bere funtzioa galdu duela uste dut. Gaur egun, aurreskua ez da zerbait inauguratzeko edo ekitaldi bati hasiera emateko dantzatzen; orain, inaugurazio edo ekitaldi horretara doazen agintari edo politikariei egiten zaie. Noski, inaugurazio baten antolatzaileak, kazetariak eta agintari jendeak ez dira dantzari batek nahiko lituzkeen ikusleak, baina dantzak dakarren lana eta esfortzua ez direnez dantza konpainia batean eta irakasle moduan ibiltzearekin ordaintzen, askotan horrelako gauzak egitera behartuak gaude.
2001-07-29
Jon Maiak aurreko aldietan irabazi izanak lagundu al dizu zure maila hobetzen? Karlos Agirre (Pasaia)
Ziur asko, bai; nire ustez, beti laguntzen du maila oneko norbaitek zu baino postu hobeak lortzea. Txapelketa prestatzeko garaian badakizu ez dela aski aurreko urteetan eman duzun maila, eta gehiago prestatzen saiatzen zara. Nire dantzari ibilbidea oso bestelakoa da, eta hainbat gauzatarako prestatzen ari izan arren, aurresku txapelketak oso bereziak dira, eta haietarako prestakuntza berezia behar da. Hala eta guztiz, orain bestelako presioa daukat, aurten lortutako txapela datorren urtean berriro eskuratzea, eta horrek txapelketarako oso gogor prestaraziko nau. Eta epaimahaikideek erabakiko dute gero.
Dokumentuaren akzioak