Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Galdaran sortutako pastorala

Dokumentuaren akzioak

Galdaran sortutako pastorala

Errejenta lanak egingo dituen Beñat Axiariren nahikari batengatik sortua da Gerezien Denbora, Zuberoatik kanpo eraikitako lehenbiziko pastorala. Hiri pastorala esan diote bere sortzaileek, baita pastoral post-industriala ere, baina nago adjektiboa zehatzagoa litzatekeela “post” aurrizkia gabe. Ez zaitzala nahasi izenak iradokitzen duen naturarekiko loturak; Gerezien Denbora fabrika batean gertatzen den istorioa da, eta bertako langileen borroka du ardatz. Edo ardatzetako bat bederen.
Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2014/06/29
Lotura
Argia

  Beñat Axiari kantari eta musikaria da aspalditik, baina bizimodua hortik atera baino lehen Baionako galdategi batean aritu zen behargin hainbat urtez. “Han bizitako esperientzia oso inportantea izan zen enetzat, han ezagutu ditut langileen elkartasuna, lan baldintza txarrak, borroka...”.

Galdategiko lana utzirik kantari bilakatu zen Axiari, baina iragan harekiko lotura sekula eten gabe. Eta bizipen horiek pastoral batean emateko grina piztu zitzaion. Naturalki etorri zitzaion bere istorioa taularatzeko forma hori hautatzea: “Zuberoako kultura biziki inportantea izan da ene bizian, Donapaleukoa naiz baina ene abizena, Axiari, Eskiulatik dator, eta beti ukan ditut harremanak Zuberoa osoko jende askorekin”. Are gehiago, bi pastoraletan aritu izan da, kantuen egile eta gidari.

Axiarik Itxaro Borda lagun minari eman zion asmo horien berri, eta Bordaren erantzuna Gerezien Denbora idaztea izan zen, Baionako Postako lantokian greban zirela profitatuz, duela zortzi urte. Azkenik oholtza gainera eramatea erabakirik, lan gehigarria izan du Bordak: hainbat pasarte erantsi behar izan dizkio jatorrizko bertsioari, “aktoreen energiak jelkaldi berriak ekarri baititu”, Axiarik berak esplikatu bezala. Ondorioz, ia hiru oreneko iraupena izango du ekainaren 29an ikusiko den Gerezien Denbora-k, 2006an idatzitako hark baino ordubete gehiago.

Izenburua ez da asmatua, bistan dena; Le temps des cerises amodio kanta ospetsuaren itzulpena da. Hori ere emango da pastoralean, Itxaro Bordak euskaraz idatzitako hitzekin. Zergatik gereziak? “Pastoral honen gakoetako bat naturarekiko errespetua izango da”, arrapostu du Beñat Axiarik. Beste gako bat: maitasuna. Langileen borroka, liskar eta greba artean, amodio istorioetarako tartea baitu Bordak idatzitako istorioak. Besteak beste, fabrikako langile baten eta nagusietako baten ezkontzak agerian utziko du pastoraletako urdinen eta gorrien –onen eta txarren– arteko bereizketan ohiko sinplismotik harago joan nahi izan dutela Gerezien Denbora-ren sortzaileek, Axiarik iragarri badigu ere alde orotatik pastoral tradizionala –“purua”, haren hitzetan– taularatuko dutela. Lapurdin sortu eta estreinatzea bada, agian, nahikoa berrikuntza lehen dosirako.

Izenburua: Gerezien Denbora.
Noiz: Ekainaren 29an, 16:30ean.
Non: Baionako portua, St Bernard kaia (eskuin ibarra).
Errejenta: Beñat Axiari.
Idazlea: Itxaro Borda.

Lapurdiko kostalde osoko parte-hartzaileak izango ditu Gerezien Denbora-k (goiko argazkian mustraka bat ikus daiteke). Horietako zenbait, bertan bizi diren zuberotarrak dira. Hain zuzen ere, arituko diren zortzi dantzarietatik zazpi  zuberotarrak dira. Je
Lapurdiko kostalde osoko parte-hartzaileak izango ditu Gerezien Denbora-k (goiko argazkian mustraka bat ikus daiteke). Horietako zenbait, bertan bizi diren zuberotarrak dira. Hain zuzen ere, arituko diren zortzi dantzarietatik zazpi zuberotarrak dira. Jean-Pierre Recalt Altzabeheitiko dantza-maisu ospetsuak ere jarriko du aletxoa, hala Beñat Axiariri errejent lanetan laguntzen nola dantzariak prestatzen.       

Dokumentuaren akzioak