Dokumentuaren akzioak
Galaiaren gorabeherak
Ballet Biarritz. Hurrengo astean obra klasiko baten interpretazio berri bat egingo du Ballet Biarritzek.
Don Juan Balleta 1761. urtean Vienan estreinatu zenetik hamaika aldiz taularatu dute. Dantzaren historiako obra klasikoetako bat da. Urrezko mendean Espainian sortutako pertsonaia horrek hamaika bertsio eta protagonista izan ditu mundu osoko konpainien eskutik. Nijinski berak ere, dantzari gisa obra horretan egin zuen debuta 1907. urtean.
Zalantzarik gabe, Thierry Malandainek orain osatu duen bertsioak zerikusi gutxi izango du XVIII. mendean sortu zen harekin. Ballet Biarritzen estilo neoklasikoa ezagututa eta Malandainek obra klasikoak jorratzeko duen modua kontuan hartuta, berrikuntzak nabariak izango dira. Malandainek berak aitortu du Don Juan pertsonaiaren ezaugarri nagusiei eutsi diela, baina kontakizunari itxura eguneratuagoa gehitu diola. Koreografo frantziarrak maite du pertsonaia: «Maite dut emakumeen bidez emakumea bilatzen duen pertsonaiaren ideia. Zentzuzkoena bera, une batez, maiteminduta geratzea izango litzateke. Don Juan, ordea, ez da zentzuzkoa, ez baitu ez inor eta ez ezer errespetatzen, blasfemaria da. Hala ere, mistikoa iruditzen zait, gelditasunean estasia ezagutzen ez duena; eta horregatik, beti korrika ari da, bere konkista ugariekin plazer hartzeko». Berritasunak berritasun, historiak Don Juan balletaren estreinaldiko lekukotza bat utzi du, eta kontakizun horrek eragin nabaria izango du Ballet Biarritzek hurrengo astean estreinatuko duen sorkuntzan. Horrelaxe zioen 1761ean Carl Von Zinzendorf kondeak: «Don Juanek serenata bat eman dio amoranteari eta bere etxean sartu da. Komendadoreak bikotea bete-betean harrapatu du eta biak borrokan lehiatu dira, komendadorea hil eta agertokian erori arte. Komendadorea eraman dute, eta orduan Don Juan dama batzuekin sartu eta ballet bat dantzatu du. Gero afaltzen hasi direnean, komendadorearen estatua agertu da. Gonbidatu guztiek alde egin dute, baina Don Juanek burla egin eta bere mugimendu guztiak imitatzeari ekin dio. Mamuak alde egin du eta bat-batean infernua agertu da. Bertako suziriek Don Juanen inguruan dantzatzen dute, hari sufriaraziz. Atzealdean su-artifizial ederrak ikusten dira infernua irudikatzen. Azkenean, deabruek Don Juan eraman eta sutara botako dute. Guztia oso ondo egina zegoen eta musika oso ederra zen». Malandainen balletean hiru dantzarik irudikatuko dute Don Juan, Komendadore bat egongo da eta Elvira... Elvira dantzari guztiak izango dira, emakumearen bilaketa horretan, dantzari guztiek parte hartuko baitute. Richard Coudray Ballet Biarritzeko dantza maisuetako bat da, eta oso gertutik jarraitzen ari da sorkuntza prozesu guztia. Orain arte ikusi duen guztiaren artean oso interesgarria iruditu zaio Malandainek dekorazioaren eta lanaren garapen koreografikoaren artean sortu duen harremana: «Garapen koreografikoak eta dekorazioaren eboluzioa bat eginik doaz. Dekorazioak adierazten du Don Juanen buruan gertatzen ari den guztia». Halaber, berezia iruditzen zaio balletaren egituraketa. «Binakako dantza ugari dago (Elvira eta Don Juanen artekoa), eta tartean dantza taldea ageri da antzinako koruen gisa zer gertatuko den azalduz».
Ekintza balleta
Tirso de Molinaren kondairetatik sortutako pertsonaiak aldaketa ugari jasan ditu, sortu duen inspirazioaren arabera. Hala, De Goldonik, Molierek, Mozartek, Byronek, Baudelairek neskazale ero honi esker sortu dituzte hainbat lan. Nolanahi ere, 1761. urtean estreinatu zen balleta Angilioniri eta Glucki zor diegu. Gainera, lan hau musikaren eta dantzaren historian funtsezkoa izan da. Izan ere, dantza ekintzaren lehen balleta izan zen hau. Richard Coudrayek dioenez, «ordura arte, dantza plazer hutsa adierazteko erabiltzen zen, inoiz ez ezer aldatzeko. Baina Gluckek eta Angilionik hori aldatu nahi zuten». Hala, Don Juan obra izan zen aro berri bati hasiera eman zion lehen ikusgarria, dantza ekintza dramatiko bat azaltzeko egin zen lehenengo balleta.
Klasiko bat berregiteak eta lan hori garrantzitsua izateak, ardura berezia ipini beharrean jarri ditu Ballet Biarritzeko arduradunak. «Hala ere», dio Coudrayek, «Malandainek oso gogor egin du lan». Gainera, Don Juan hau lanaren lehenengo urratsa izango dela adierazi dio Berriari, azaroan Orfeo eta Euridice opera ezaguna prestatzen hasiko baita Malandain. Orfeo eta Euridice-ren kasuan opera dantzatu bat sortu nahi du. Biarrizko estreinaldian, Let Petit Reins lanarekin batera antzeztuko da Don Juan, eta etxean aurkeztu ostean, Italian, Frantziako iparraldean eta AEBetako Los Angelesen eskainiko ditu emanaldi gehiago Ballet Biarritzek.
Dokumentuaren akzioak