Lesakako Tantirumairu ikastolak Intxaurrenea eraikin berria ofizialki inauguratu zuen urriaren 21ean. Inaugurazio hau izan zen, hain zuzen, ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko egin zen lehenengo ekitaldia. Apirilaren 13an eta ekainaren 22an ospakizunekin jarraituko dugu bertze bi jardunaldirekin. Gai hauei eta bertze batzuei buruz solastatzeko, Gaizka Sarasola (Lesaka, 1974) elkarrizketatu dugu 6. mailako ikasleak.
Zer da zuretzat Tantirumairu ikastola?
Tantirumairu Ikastola ni hazi nintzen lekua da. Bertan ikasi nuen eta bertan egin nituen nere lagunak. Familiatik aparte, nire gurasoen etxetik aparte, gaur egun naizena izaten lagundu didan lekua da. Azken finean, hazten, ikasten eta bizitza ulertzen lagundu didan ikastetxea da.
Ikastolako laugarren promozioko ikaslea zara. Zer oroitzapen dituzu ikastolaz?
Lehen oroitzapenak, ttikia nintzeneko garaikoak dira. Garai haietan amarekin etortzen nintzen ikastolara. Gero, koxkortzerakoan, anai zaharrenarekin hurbiltzen nintzen. Oroitzapenak eraikinetakoak dira batez ere, ikastolak izan dituen eraikin desberdinen oroitzapenak ditut. Lehenik eta behin, ni hemen egon nintzen, Otxogorrienean, zuek orain zaudeten eraikin honetan. Baina, desberdina zen. Oroitzen naiz bazegoela gela bat denetarako erabiltzen zena, “txorizo gela” deitzen geniola oroitzen naiz. Gero, koxkortzerakoan, ttikienak hemen gelditu ziren eta gu orain Beti Gazte Elkartearen lokala dagoen Alhondigara mugitu ginen. Aspaldi-aspaldi, ez gure garaian, bazegoen ate bat mutilak sartzeko eta bertze bat neskak sartzeko. Guk ez genuen hori ezagutu, ikastolara denak elkarrekin sartzen ginen eta gelan ere, elkarrekin ginen. Lagunak ditut gogoan, irakasleak ere, baina, batez ere, ongi pasatzen genuela gogoratzen dut.
Ikasle izatetik, ikastolako antzerki irakaslea izatera pasa zinen. Kontaiguzu zerbait antzerki irakasle gisa ikastolan duzun esperientziaren inguruan.
Antzerkia erakusteak lortzen duena da nire denbora guztian sormena bizitu behar izatea. Azken finean urtero sortu behar dut lanen bat eta talde guztiak desberdinak zarete, talde bakoitzean ere jendearen izaera desberdina da. Orduan, testua moldatu behar izaten da taldearen arabera eta agertzen diren ideien arabera. Talde bakoitzarentzat testu bat edo antzerki lan bat prestatu behar da. Honek ekartzen duena da irudimena denbora guztian martxan edukitzea eta hori, nere ustez, mesedegarria da. Antzerkia eman behar izateak, lan bat da, baina abantaila bat du, nire burua martxan eduki behar dudala.
Ikastolak bere 50. urteurrena ospa-tzen ari da eta zu ospakizunak antolatzen ari den lan-taldean zaude. Zein izan da antolatu duzuen lehen ekitaldia? Zer moduz joan zen?
Hasierako urte haietako guraso, irakasle eta bultzatzaileei omenaldi ttiki bat egitea zuen helburu lehen ekitaldiak. Horiek zerotik sortu zuten ikastola. Zuek orain hemen zaudete, zuen guraso batzuk hemengo ikasleak izan dira, bertze batzuk ez, oraingo irakasleak martxan zegoen ikastola batera etorri ziren, baina zerotik zerbait sortzea gauza hagitz zaila da. Irudimena eta indar handia behar da horretarako. Horregatik egin zen horrelako omenaldi bat eta nik uste dut polita joan zela eguna. Omendutako jendea ongi sentitu zen, egun hori beraiena zela sentitu zuten nolabait ere.
Zer irudikatzen du Tantaiak?
Tantaia zerotik zerbait ateratzea da. Leku aunitzetan, oraindik, herriko gazteak elkartzen dira bestetan eta altxatzen dute arbol bat, hortik heldu da Tantaiaren ideia. Eta orduan hasten da besta. Tantaiak irudikatzen du hasierako indar eta koordinazio hori. Arbol bat paratzeko koordinazioa behar da, irudimena behar da eta horregatik irudikatzen du ikastolaren sorrera: elkarlana, irudimena, teknika, koordinazioa, pazientzia… Hortik sortu da ikastola eta, beraz, Tantaiak ikastolaren sorrera irudikatzen du.
Hurrengo ospakizunei buruz zerbait aitzinatzen ahal duzu?
Ospakizunak ongi daude baina niretzat garrantzitsua da ospakizunak zergatik egin behar ditugun pentsatzea eta ospakizunei zentzu bat ematea. Hasierako ospakizunak bazuen zentzua arbol handiarekin, Tantaiarekin. Tantaia edo arbol handi hori altxatu zen eta, normalean, arbol handi horietatik adarrak sortzen dira. Bigarren ospakizunean guk irudikatu nahi duguna da, guk, ikasle ohiak garenok, hemen jolastu genuela, hemen dantzatu genuela makilekin, Santa Agedan kantatzen genuela, makilekin batzutan borrokatzen genuela… Gure helburua da ikasle ohiekin besta bat egitea ikastolako garaiak irudikatzeko. Beraz, lehendabiziko egunean arbol handia agertu zen bezala, bigarrenean makilak edo adarrak agertuko dira. Ikasle ohiekin dantza, antzerki… denetik izanen duen sormen besta bat edo emankizun bat egitea da gure helburua. Eta azkenean, hirugarrena. Tantirumairuk hiru duen bezala, ospakizunek ere hiru etapa izanen dituzte. Hasierako sorrera, ikasle ohiak eta azkena, zuek, oraingo ikasleak. Pentsatu behar dugu zer zentzua duen oraindik ikastolak, batez ere euskararen su hori bizirik mantentzeko. Eta hasieran enbor handia den bezala, gero makilak eta azkenik zuek izanen zarete makil horietatik ateratzen diren bertze adaxkak, euskararen sua bizirik mantentzeko. Beraz, hirugarrenean, zuek izanen zarete protagonistak.
Antzerkigile, musikari, aktore, irakasle… Gizon polifazetikoa! Zein diziplinatan zaude gusturago?
Ez nuke bat aukeratuko. Azkenean gauza batek eramaten zaitu bertzera. Batez ere, ni txistularia naiz eta nere oginbidea musika irakastea da, txistua jotzen irakastea. Txistuak eraman ninduen dantzan gehiago sakontzera. Dantza taldean ibiltzen nintzen eta saiatzen ginen gauza berriak sortzen. Eta dantzak, gorputzaren mugimendua denez, eraman ninduen antzerkira. Antzerkian ere gorputza erabiltzen dugu, ahotsaz eta testuaz gain. Antzerkia egiteak eraman nau gero antzerkia erakustera. Beraz, ez nuke bat aukeratuko. Sorkuntzan dena lotuta dago.
Zenbat liburu idatzi dituzu?
Idatzi gauza bat da baina, gero, kontua da zer argitaratzen den. Nik bi liburu argitaratu ditut, bi antzerki liburu. Batean hiru antzezlan daude eta bertzean bi.
Zertan ari zara orain? Eta hemendik aitzinera, zeintzuk dira zure etorkizuneko proiektuak?
Alde batetik, antzerkiarekin segitzen dugu. Orain, abenduan, nik idatzitako antzezlan bat estreinatuko dugu non antzerkia eta dantza elkartzen diren. Herriko dantzariek eta Led silhouette dantza garaikideko dantzariek parte hartuko dute. Antzerkia eta dantza elkartuko ditugu. Bertzetik, beka bat eman zidaten narrazio bat, ipuin luze bat idazteko. Idatzia dago eta orain hori nola musikaren bidez jendeari azaldu pentsatzen ari naiz. Azkenik, bertze antzerki bat ere hasia naiz idazten. Beti burua martxan!l