Dokumentuaren akzioak
Gaita doinuak garaile aurtengo Herri Uzta festibalean
Urriaren 8tik 11ra, Uztaritze, Kanbo, Ezpeleta, Luhuso, Basusarri eta Arrangoitzeko herriak Herri Uzta festibaleko eszenatokiak bilakatuko dira. Aurten, euskal ondarea sustatu eta transmititu nahi duen ekimenak protagonismo berezia eskainiko dio gaitari.
Herri Soinu elkarteak antolatzen duen Herri Uzta festibalaren helburua "musika eta dantzaren bitartez, euskal kultur ondarea eta sorkuntzak sustatzea eta transmititzea" da. Urriaren 8tik 11ra Errobi herri elkargoko sei herriek Euskal Herriko zein Europatik etorritako ikusgarriak errezibituko dituzte. Ipar Euskal Herriko dantzari eta musikariak biltzen dituen Bilaka kolektiboak bere lehen dantza ikusgarria proposatuko du.
Aurtengo edizioak protagonismo berezia eskainiko dio gaitari. Euskal Herritik eta Italiatik etorritako musikariek bat eginen dute instrumentu horren inguruan. Hain zuzen ere, urriaren 10ean ospatuko den Gaitaren egunean Stephano Valla eta Daniele Scuratik italiar musika joko dute.
"Gure helburua da Europatik ere soinulariak ekarraraztea, haiek ere beren kultur ondarea transmititzeko xedea dutelako", gehitu du Herri Soinuko kidea den Uhaina Azpeitiak. Azaldu duenez, Iruñeko konpartsaren 50. urteurrena ospatu nahi izan dute. Horretarako, Iruñeko Gaiteroak taldearen sortzailea den Javier Lacunza gonbidatu dute.
Hiru begirada
"Herri Uztaren helburua tokiko herritarrek dituzten kultur proiektuak aurkeztea da", esplikatu du Azpeitiak. Horren harira, berriki sortu den Bilaka kolektiboak bere lehen emanaldia eskainiko du Luhusoko Harri Xuri Aretoan urriaren 10ean. Bilaka, Etorkizuna taldeak osatzen zuten dantzariek sortutako koreografia gunea da.
Taldeko kidea den Peio Labeyriek azaldu duenez, Euskal Dantza Federazioak beren egitasmoarekin bat egitea proposatu zieten. Geroztik hogeita hamar bat dantzarik euskal dantzaren ondarea aztertzen dute. "Gazte kolektibo bat gara eta gure kultura gaur egun bizitzea nahi dugu", esplikatu du.
Proposatuko duen ikusgarria hiru zatitan banatua izanen da, ondoko hiru euskal koreografoek sorkuntzan parte hartu dutelako: alde batetik, Gari Otamendik "Zaharrak berri" pieza sortu du, bestalde, Jon Mayak "Abbadie" eta azkenik, Mathieu Vivierrek "Negua" atala asmatu du. "Hiru giro, hiru pieza; euskal dantzan oinarritutako hiru begirada dira", zehaztu du Labeyriek.
Hamabi elkartek Herri Uztan parte hartzen dute.
Dokumentuaren akzioak