Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Frantziar iraultza dantzan

Dokumentuaren akzioak

Frantziar iraultza dantzan

Herve Koubi, Blicke eta CNN Nantes

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Biarritz
Mota
Kritika
Data
2009/09/20

Les Supremes izenekoak erreferentzia egiten dio abeslari talde ezagunari, eta honetan ere nagusitu zen alaitasuna, batez ere lau gizonen arteko giro jostagarriagatik eta haietariko batek mikrofonoaren aurrean azaldutako bizipen bereziengatik. Azkenik, Bref sejour chez les vivants-ekin mundu misteriotsu batean sartu ginen, eta azal zurbil eta arropa zuriko sei dantzarien jarrera geldoek kontraste bitxia eragin zuten goitik eskegita zeuden prisma txiki eta koloredunekin. Proposamena, ordea, nahiko hermetikoa izan zen, eta ikusle batzuek gogoz hartu zuten, baina beste batzuk txalorik egin gabe geratu ziren.

Ostiraleko lehen saioan -Io sono Je suis Ich bin- Pina Bauschen taldean ibilitako Enrico Tedde bakarlari agertu zen koloretako hariz zeharkaturiko agertoki batean. Tedde italieraz, frantsesez eta alemanez mintzatu zen, eta bere gogoeta pertsonal eta filosofikoak objektuen erabilera mekanikoarekin eta harien arteko zeharkaldiekin apaindu zituen, baina proposamena interesa galtzen joan zen eta artistaren ahalegin fisikoak ezin izan zuen emaitza guztiz jaso.

Nolanahi ere, hiruretan nagusia Nantesko Zentro Koreografikoarena izan da. Claude Brumachonek duela hogei urte sortu zuen Folies Frantziar Iraultzaren 200. urtemuga ospatzeko, Versaillesen gaineko Emazteen Martxa gogoratuz, eta taula gainean garai hartako miserableen janzkera daramaten zortzi gizon eta zazpi emakume daude. Hasiera batean beren jarrera estatikoetan ez zen ia aurrerapenik igartzen, baina geldotasunetik abiatuta Versailleseranzko ibilbidea osatzen joan ziren, batzuetan tinko, beste batzuetan estropezuka, eta askotan adiskide zaurituak edo hilak lurretik jasoz eta lepoan hartuz, urre koloreko argi baten pean eta Christophe Zurfluhren musika kementsuak lagunduta.

Sortzaileak kutsu kolektibo handia eman zion lanari eta koreografiak ahalegin eta engaiamendu pertsonal handia eskatzen du dantzariengandik. Horren adibiderik garbiena da Benjamin Lamarche koreografo laguntzaileak urte guztietan dantzatzen duela pieza epiko hau eta, kolektibotasunaren izenean, ez du bere burua nabarmentzen, rol nagusietariko bat ukan arren.

Dokumentuaren akzioak