Dokumentuaren akzioak
Frantziako Iraultzako doinu berrituak, dantza eginez gozatzeko
Frantziako Iraultzan galdutako doinu eta dantzen «bertsio modernoak» egin ditu Oskorri taldeak Dantza kontra dantza
disko berrian (Elkar), eta dantzarako moduan utzi, Baztango Dantzarien
laguntzaz. Natxo de Felipe taldeko kideak adierazi duenez, hiru urtez
egon dira doinu horiekin lanean, eta horren emaitza da «Oskorriren
proiekturik landuenetakoa den hau».
Guztira, hamalau abesti berri
prestatu dituzte, «jendeak erraz dantzatzeko modukoak». Estudioan
grabatutako CDaz gain, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean
dantzariekin grabatutako DVDa ere plazaratu dute. Horretan, proiektuaren
nondik norakoak azaltzen dituen erreportajea eta dantzen pausoak
ikasteko ikastaroa biltzen dituzte. Bideoak grabatzeko, Oskorri Dantza
Taldea sortu zuten, eta dantzariek mezu elektronikoz eman dezakete
izena; De Felipek azaldutakoaren arabera, mila dantzarik baino gehiagok
osatzen dute dantza taldea, eta horietatik 500 inguruk hartu dute parte
bideoen grabaketetan: «Disko atera baino hilabete batzuk arinago izan
genituen 500 dantzari, dantzak ondo ikasita, grabazioetara etorri
zirenak; horregatik pentsatzen dugu musikarekin batera hau fenomeno bat
bihurtuko dela eta jende asko animatuko dela musika horiek entzuten eta
dantzatzen». Aipatu bezala, DVD-ak proiekturen inguruko erreportajea ere
badakar; lan horretan, taldekideek beren informazio iturriez eta
proiektuaren gauzapenaz egiten dute berba.
XVIII. mendeko partiturak
«Oskorriren
lanik sakonenetarikoa da, musikalki lanik gehien eskatu digun proiektua
da, hain zuzen ere, hasierakoak oso melodia landugabeak zirelako; oso
zaila izan zen ñabardurak ateratzea. Hori dela eta, musikalki oso pozik
gaude». De Felipek behin eta berriro nabarmendu du lan berri hori
dantzan egiteko proposamena bada ere kontuan hartu beharra dagoela
«funtsean Oskorriren diskorik sakonenetarikoa dela».
Diskoa
prestatzen hiru urte eman badute ere, lan berriak askoz istorio luzeagoa
du atzetik; taldeak bildu berri dituen abestiak orain urte asko lagun
batek emandako partitura zahar batzuetako doinuen birmoldaketak dira.
«Hasiera-hasieran lagun batek eman zizkigun partitura zahar batzuk,
eskuz jarritako ohar batzuekin, eta hor gelditu ginen, horien aurrean,
ze demontre ziren jakin gabe», azaldu du De Felipek. Urte batzuk geroago
konturatuko ziren esku artean zituzten horiek Juan Ignacio Iztueta
(1767-1845) dantza maisuaren partiturak zirela. Zaldibian (Gipuzkoa)
sortu zen Iztueta, eta bizitza osoa eman zuen dantzari lotuta. «Oso
egoera historiko garrantzitsua egokitu zitzaion, entziklopedismoa eta
Frantziako Iraultza. Garai hartan sartu ziren dantza moda berriak, eta
dantza zaharrak modu erradikal batez galdu ziren».
«Oskorriren erara»
«Dantza kontra dantza
diskoarekin aspaldiko dantza galduak erreibindikatu eta haien lekutxoa
berreskuratu nahi dugu, bertsio berrien bitartez, modu natural batean»,
adierazi du De Felipek. Diskoa osatzen duten abestiak moldatzean,
«Oskorriren erara» egin dutela argitu du. Doinuak errespetatu dituzte,
baina erritmoarekin eta harmoniekin jolasean, «bertsio modernoa» egin
dute. Dantzak egitean ere, ez zaie bururatu «galdu ziren modu hartan»
berreskuratzea, inolako aldaketarik egin gabe, eta «musika berriarekin
bat egingo lukeen moduan» birmoldatu dituzte.
Guztiontzako
dantzak direla argitu du Bixente Martinez Oskorri taldeko kideak.
«Dantzan oso ondo egin behar dugulako ideia galdu behar da; dantza
egitearen edertasuna ondo pasatzean dago». Ondo pasata ere, gero eta
dantza eta kanta gutxiago egiten da gaur egun kale eta plazetan,
Martinezen aburuz. Argindarrak eragina izan du horretan, izan ere,
argindarrak erraztu baitu musika edonora helaraztea. «Musikak, nola edo
hala, argindarraren beharra dauka. Iraganean, argindarra askoz ere
eskasagoa zenez, herriko musika bandak igandero jotzeak dantzan egiteko
eta musikaz disfrutatzeko aukera ematen zion jendeari».
Oskorriko musikariak, atzoko aurkezpenean, Bilboko Elkar aretoan. Ezkerretik eskuinera: Bixente Martinez, Natxo de Felipe, Gorka Eskauriaza, Xabier Zeberio eta Anton Latxa. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak