Dokumentuaren akzioak
Foruen plaza dantza giroan
Aurten emakumezko batek hartu du lehen aldiz ikurrina, agintariena dantzan
Iruñeko lehen suziriaren ondoren, festa giroa izan zen nonahi.
Txupinazoa bota eta ordu eta erdi geroago, Iruñerriko dantza taldeek
Foruen plazako giroa alaitu zuten gaitero eta fanfarrearen laguntzarekin
batera.
Aurtengo ekitaldian agintariena dantzak berezitasun nabaria izan
du; izan ere, 30 urtetan lehen aldiz, emakumezko batek -Oberena dantza
taldeko kide batek- ibili zuen ikurrina airean. Iruñerriko hainbat
dantza taldek parte hartu zuten jaialdian, besteak beste, Ardantzetak
(Noain), Amaiurrek, Muthiko alaiak taldeak, Oberenak, Dugunak, Iruña
taldeak, Mikelatz dantza taldeak eta Txori Zuri dantza taldeak
(Berriozar).
Iruñerriko berrehun dantzari inguruk parte hartu zuten atzo
eguerdian Foruen plazako ikuskizunean, eta sanferminetako lehen egunari
giro euskaltzalea eman zioten zinez.
Ikurrinari eginiko agurrarekin eta agintariena dantzarekin hasi
zen jaialdia. Txalo zaparrada jaso zuten Iruñerriko dantzariek saioa
hasi bezain laster, eta gero eta jende gehiago bildu zen Foruen plazara.
Arabako Eltziego dantza izan zen, ostera, protagonista. Dantza
taldeetako neskak izan ziren partaide nagusiak, eta katximorro
pertsonaia izan zuten gidari.
Uztai-dantza, brokel-dantza eta zortzikoa izan ziren hurrengo
dantzak, eta, orduan, berriz, mutilak izan ziren uztaien astinduen
erakusle. Iruñeko gaiteroen laguntzarekin batera, Zangozako jota zaharra
izan zen azken-aurreko dantza; larrain-dantzarekin bukatu zen jaialdia.
Ikusleen partaidetza nabarmena izan zen, batez ere larrain-dantzan.
Finean, Foruen plaza jendez beteta egon zen eguerdi partean.
Dantzarien emozioa
Ikusleen partaidetza nabarmena izan zen euskal dantzen
erakustaldian, baina, aldi berean, giro aparta antzeman zen dantzarien
artean ere. Iruñerriko taldeetako kideek zirrara berezia sentitu zutela
ezagun zuten aurpegietan. «Uztailaren 6a aparteko xarma duen eguna da»,
zioen Ardantzeta taldeko dantzari batek. Horrez gain, urduritasuna
nabari zitekeen euren aurpegietan, aurreko egunetan bakardadean
entseatutakoaren emaitza ikusteko irrikan baitzeuden.
Halere, uztaileko eguzkiak ematen duen beroagatik itota ziren
dantzariak, eta sarritan ur botila freskoak ibili ziren bueltan
dantzarien inguruan. «Bero handia pasatzen dugu, batez ere jantzi lodien
ondorioz», zioen Ardantzeta taldeko beste kide batek. Dena dela,
beroari aurre eginez, gogo handiz aritu ziren euskal kulturaren zati bat
erakusten.
Dokumentuaren akzioak