Dokumentuaren akzioak
Formatu txikiko bi ikuskizun eskainiko ditu Dantzaz konpainiak
Noemi Viana, Eneko Gil eta Kontxi Lopez koreografo gonbidatuen bi pieza emango dituzte Donostian
Txalaparta da Makilen dantza koreografiaren oinarria. Eñaut
Muñoa ariko da tresna jotzen, eta txalapartaren makilek eta dantzarien
gorputzek inprobisatzen, jolasean, elkarri entzuten jardungo dute.
Emanaldi berean Anna Jirmanova dantzari txekiarraren Dokola
pieza aurkeztuko du taldeak, Yann Tiersenen musikak lagunduta. Beste bi
koreografiarekin osatu du konpainiak emanaldia. Rene Aubryren doinuak
hautatu ditu Mireia Gonzalez katalanak Sciamuzza ontzeko eta
sinpletasuna bilatzeaz jarduteko. Marine Sanchezek, berriz, bidaia
batean aurkitutako txoko batek sortu zion zirrara islatu du Manantial del silencio koreografian. Thomas Newmanen musika aukeratu du dantzari frantziarrak bere pieza laguntzeko.
Beste lau pieza azaroan
Bizitzak ematen dituen birak eta bira bakoitzean aurkitzen diren gauza berriak ditu ardatz Kontxi Lopez donostiarraren Sofía se fía. Koloreen teoria piezak. Lopezek, Olatz Perezek eta Iñaki Santosek interpretatuko dute koreografia, Santosen jatorrizko musika oinarri dutela.
Beste hiru pieza prestatu ditu konpainiak azaroko ikuskizunerako. Raphael Canet frantziarraren Rupture
lanean Yann Tiersenen doinuak izango dituzte berriro ere lagun, eta
Armand Amar nahiz Coldplay-renak entzungo dira Marine Sanchezek ondutako
beste pieza batean, El cielo volverá azul lanean, hain zuzen. Anneleen Dedroog belgikarrak ondutako Play Ground koreografiarekin itxiko dute ikuskizuna.
Dokumentuaren akzioak