Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Folkloretik lan egiten dut, baita akuilatzetik ere; mugak jarri gabe"

Dokumentuaren akzioak

"Folkloretik lan egiten dut, baita akuilatzetik ere; mugak jarri gabe"

Egilea
Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2024/03/11
Lotura
Alea
Rodrigo Cuevas. Argazkia: Ricardo Villoria

Abangoardiaren eta nota tradizionalen artean, Espainiako musikaren ahots garrantzitsuenetako bat bilakatu da Rodrigo Cuevas. Principal antzokian, umoretik, kritika sozialetik, ironiatik eta sentsualtasunetik eraikitako ikuskizuna eskainiko du. 

Kultura eta musika tradizionala doinu elektronikoekin apainduta, ikuskizun irekia, beroa, alaia eta dantzagarria eskaintzeko asmoa du Rodrigo Cuevas artistak (Oviedo, 1985) datorren martxoaren 14ean, Gasteizko Principal antzokian. Jostalari agertzea gustatzen zaio diziplina anitzeko artista asturiarrari, eta folklore akuilari bezala definitzen du bere burua: "Mugatzen ez nauen etiketa burrunbatsu eta ozena da", esan dio ALEAri elkarrizketan.

Rodrigo Cuevas. Argazkia: El Cohete

La Romería ikuskizunarekin zer dakarzu?

Manual de Romería diskoaren abestiak aurkeztu nahi ditut jai batean. Edozer gauza gerta daitekeen jaia izango da. Jendea gonbidatu nahi dut poltsan petaka bat ekartzera; jantzi eta bitxi onenak janztera; eta ondo pasatzera etortzeko.

Manual de Romería diskoan herriko kantak abesten dituzten lurralde ezberdinetako pertsonen ahotsak integratu dituzu. Bitxia da. Zergatik egin duzu?

Herri horietako pertsonak jarri nahi nituen diskoan, publikoak erreferentzia bat izateko, gauzak nondik datozen erakusteko, benetan nola abesten den eta nola jotzen den ikusteko. Amorru handia ematen dit folklorera hurbiltzen den jendeak, taberna batean, herri batean, dantzaldietan, jotzen duen jendeak, pandereta jotzen duen jendeak edo abesten duenak taldeen bertsioak kantatzea. Zer egiten ari naiz? Musika tradizionalaren alde ari naiz edo erabat perbertitzen ari naiz? Horregatik pertsona horien ahotsak jarri nahi izan ditut diskoan, jendeak ikusteko benetan nondik datozen kanta horiek; iturrietara jo behar dugu, hori delako politena musika tradizionala zer den jakiteko. Nirea eszenatokiko proiektu bat da, ez da musika tradizionala. Jendeak hori horrela ulertzea inportantea da, eta kantatzeko erreferentziak beste batzuk direla jakitea. Egitura aldetik ere diskoaren barruan oso ondo enkajatzen dute pertsona horien ahotsek.

"Jendea gonbidatu nahi dut poltsan petaka bat ekartzera; eta ondo pasatzera etortzeko"

Diskoak alde politikoa duela esango zenuke? Dime ramo verde abestian, adibidez? Edo asturieraz eta gaztelaniaz kantatzea, bi hizkuntzak arazorik gabe nahastea? Hori politikoa da?

Bai. Uste dut proposamen guztiek bere alde politikoa dutela, zuriak izan nahi dutenak ere politikoak dira, jarrera politikoa delako ez bustitzea eta, nolabait, adierazi nahi izatea ez duzula iritzirik. Niri beste jarrera bat interesatzen zait, baina egia da batzuetan bustitzeaz ere damutzen naizela. Dena den, uste dut diskoak oso jarrera ironikotik eginda dagoela, umorearekin, isekarekin… Uste dut hobe dela gauzak ondo pentsatzeko denbora izatea, gauzak hobeto esaten dituzulako, eta diskoan horrela izan da; bestela, elkarrizketa batean, adibidez, segun zer galdetzen dizuten agian berotu eta pentsatu gabe botatzen dituzu gauzak eta gero pentsatzen duzu: zergatik esan dut hori horrela? Hobe da gauzei garrantzia kentzea.

Gauza garrantzitsuak erromeriaren doinuekin nahastea?

Hori da. Azkenean askoz potenteagoa da hortik egindako diskurtso bat, dogmatik eta haserretik egindako diskurtso bat baino.

"Gaztea nintzenean patxanga txarra edo rocka besterik ez zegoen, eta sufrimendua zen"

"Rodrigo Cuevas Espainiako musikaren bitxietako bat da" jarri dute Gasteizen emango duzun kontzertuaren aurkezpenean. Zer deritzozu?

Kar-kar-kar. Arrazoia dute. Programatzaile guztiek oso ondo tratatzen naute, oso maitatua sentitzen naiz. Euskal Herrira joatea ere asko gustatzen zait, asko maite dut Euskal Herria, eta publikoak beti oso ondo tratatzen nau.

Harritu al zaitu zure proiektuak izan duen arrakastak? Espero zenuen?

Nik uste dut inoiz ez dituzula espero pasatzen zaizkizun gauzak. Artistaren ibilbidea beti da iragarrezina. Batzuetan, arrakasta izango dutela uste duzun gauzek porrot egiten dute, eta beste batzuetan, berriz, kontrakoa gertatzen da. Cómo Ye abestiarekin gertatu izan zait; zalantza handiak izan nituen diskoan sartzeko, ez nuen sartu nahi, lotsa ematen zidalako, eta orain Spotify-n gehien entzuten den abestia da, beraz inoiz ez dakizu. Eta zalantza hori izatea ondo dago.

Herriko musikaren erreferentziak, musika tradizionala eta folklorea funtsezkoak dira zure musikan. Zergatik?

Dugun ondarea da, oso aberatsa, oso polita, eta gainera musika hori asko iristen zaio jendeari, eta asko iristen zait niri. Kantatzeko eta jotzeko orduan, musika hori da gehien jartzen nauena. Iruditzen zait botere izugarria duela, eta asko gustatzen zait hori guztia aprobetxatzea eta erabiltzea.

Eta nondik jaso duzu tradizio hori? Etxean abesten zenituzten kanta horiek?

Nire etxean batez ere asturianadak abesten ziren: Erritmo libreko kantuak dira, eta aitonak maiz abesten zituen, oso ondo gainera. Baina dantzarako musika pixkanaka ikasten joan naiz; toki desberdinetan bizi izan naiz, Galizian, adibidez, eta bertan oso bizirik dago dantza. Ni beti nabil dantzarako jotzen den tokietan, eta asko gustatzen zait dantzan erabiltzen den musika hori oso indartsua delako.

Kultura asturiarraren suspertzailea sentitzen zara, dibulgatzailea?

Dibulgatzailea bai, berreskuratzailea ez, ez dut uste hainbeste naizenik. Badago jendea benetan berreskuratzeko lan hori egiten ari dena; eta ni, berriz, kultura tradizional hori zabaltzen ari naiz, buelta ematen diot proiektu eszeniko bat osatzeko, baina ni ez nabil gordetzen edo ikertzen. 

Agian puristaren bati ez zaio gustatuko nola "perbertitzen" ari zaren musika tradizionala?

Nik ez dakit nortzuk diren purista horiek. Kokoa bezalakoak dira; beldurra sartzeko erabiltzen dituzte puristak, baina inork ez ditu inoiz ikusi, kar-kar.

Erabiltzen dituzun erritmoak ezagunak dira toki askotan. Hori gakoa da?

Jotak, muñeirak, pasodobleak, arin-arinak oso erritmo herrikoiak dira eta oso ezagunak. Musika tradizionala ezagutzen ez baduzu, ez dituzu ezagutuko, baina oso ezagunak dira eta toki guztietan jotzen ditugu jotak edo fandangoak. Horregatik, oso erraza da partekatzen ditugun kode horiekin elkar ulertzea eta musika tradizionalarekin lurralde desberdinetara iristea.

Zeintzuk dira zure erreferente musikalak? Zer musika mota gustatzen zaizu?

Denetarik entzuten dut: musika elektronikoa, reggaetoia, musika tradizional asko, noski; baina bereziki jendeak sortzen dituen gauza berri guztiak entzutea gustatzen zait, nahiz eta nigandik urrun egon.

Egungo panorama musikalean ba al dago atentzioa eman dizun zerbait? Zer entzuten ari zara?

Asko gustatzen zait Ralphie Chooren azken diskoa, oso bitxia da, eta uste dut hurrengo bost edo sei urteetako joera markatuko duela. Kalitate eta gustu handiarekin egindako diskoa da.

Baina ez omen duzu rocka gustuko.

Kar-kar-kar. Tira, ez da ez zaidala gustatzen, baina ez dakit, nire erreferenteen artean ez dago rocka. Ni gazteagoa nintzenean rocka besterik ez zegoen Oviedon: patxanga edo rocka; eta niretzat hori sufrimendua zen, nazkatuta nengoen, gauza onak dantzatu nahi nituen! Eta aukera bakarra patxanga txarra dantzatzea zen, edo rocka jartzen zuten tabernetara joatea, non inork ez zuen dantzatzen. Dantza urte asko galdu nituen rock-aren erruz, eta horregatik uste dut gorroto dudala pixka bat, kar-kar-kar.

Orduan, askoz gusturago zaude herriko erromeria batean?

Jakina. Herrira joaten nintzenean dantza egiten nuen, herrietako dantzaldietan topera egiten nuen dantza.

Folklore akuilari bezala definitu duzu zure burua. Zer da hori?

Nire buruari jarri diodan etiketa bat da, mugatzen ez nauen etiketa burrunbatsu eta ozena. Definitzen nauen etiketa da, baina mugatzen ez nauena, folkloretik lan egiten dudala adierazten du baita akuilatzetik ere, baina ez du zehazten zertara dedikatzen naizen, dantzara, musikara edo programazio kulturalera.

Hain zuzen, zure herrian, L’Infiestu-n, antzoki zahar bat eraberritzen ari zarete eta La Benéfica Espaciu Cultural sortu duzue bertan.

Bai, orain dela hiru urte pasatxo herriko antzoki zaharra erosi genuen lagun batzuen artean, eta berreskuratzen ari gara pixkanaka. Bertan, denetariko ekitaldi kulturalak antolatzen ditugu, gauza asko egiten ari gara. Une honetan geldirik dago, obretan gaudelako berriz, baina proiektua martxan dago.

Liburu bat ere idatzi duzu: 'La xorda. Nuevos cantares de chigre'.

Abesten, edaten eta jaten den parranda da xorda, eta kantutegi bat egin dut tabernako abestiak bilduz, hamalau orduko xorda bat laguntzeko. Parrandaren egoera guztietatik pasatzeko, xorda on bat egiteko, gutxienez hamalau ordu behar direnez, ordu bakoitzari kanta bat jarri diot, eta horren inguruko azalpen txiki bat. 

Dokumentuaren akzioak