Dokumentuaren akzioak
Folklorearekin hitzordua
Portugaleteko Elai-Alai elkarteak antolaturiko jaialdiak urteekin emanaldi sare zabala eratu du
Bolivia, Bulgaria, Buriatia, Kolonbia, Filipinak, Peru, Polonia eta Euskal Herriko dantza tradizionalak bat eginik. Herrien arteko lokarri izateko xedearekin jaiotako Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdia hasi da motorrak berotzen. Aurtengo deialdia, gainera, esanahi berezia du antolatzaileentzat Elai-Alai sortu zenetik berrogei urte igaro baitira. Horregatik, ekitaldi ofizialaren doinu, argi eta kolorearekin batera, zenbait ospakizun izango dira bihar hasi eta abuztua bitartean. Elkartearen historia laburbilduko duen argazki erakusketa, erromeria, hitzaldiak, afariak, Elai-Alairen kide izandakoen omenezko meza... Portugaletek nekez ahaztuko dituen egunak izango dira.
Baina, zalantzarik gabe, Elai Alaikoentzat azken hogeita zortzi urte hauetan folklore jaialdiak lorturiko arrakasta handia da egin ziezaieketen oparirik onena. Horretara bideratuko dituzte beren indar eta eginahal guztiak. Oraingoan, gainera, aurreko deialdietan hainbat udalerrirekin hitzarturiko akordioak direla-medio jaialdia inoiz baino zabalagoa izango da. Guztira hogeita zazpi herri bisitatuko ditu, iragan ostiralean Getxon hasi eta bi aste barru Azpeitian amaitzeko. Portugaleten bertan hilaren 25etik 28a bitartean egingo da. Carlos VII etorbideak jasoko duen munduko dantzen erakustaldiak zabalduko du ekitaldia, eta hurrengo egunetan Zubi Alde kiroldegiak dantza saioak hartuko ditu. Lehen eta azken egunetan Solar plazako kioskoak nazioarteko musiken saioak jasoko ditu.
Zortzi talde, hamaika kultura
Bolivia, Bulgaria eta Euskal Herriko taldeek jarriko dute abian Portugaletek folklorearekin duen hitzordua. Lehen herrialdetik Cochabamba etorriko da, 1974an sorturiko taldea eta gaur egun Boliviako Kultura Ministerioaren esku dagoena. 1986an Argentinako Zilarrezko Erretilua jaso zuen, Hego Amerikan folklore talde batek lor dezakeen saririk garrantzitsuena. Duela hiru urtetik Cochabambak bere eskola du, eta, bertan, umeei folklorearen berezitasunak irakasten dizkiete. Portugaleten Cochabambak Mayas musika taldeak lagundurik dantzatuko du. Bulgariako Naiden Kirov, berriz, 1960an sortu zenetik aberriko tradizioa Europara zabaltzen aritu dira. Ivan Donev da zuzendaria, eta bere kideek dantzatu ez ezik abestu eta musika jo ere egiten dute. Kavala, gaita, danborra eta Bulgarian ohikoak diren musika tresnak, herrialdeko zonalde bakoitza definitzen duten jantziak, apaingarri ikusgarriak...
Bigarren egunean Filipinak, Peru eta Polonia igoko dira Zubi-Alde kiroldegiko agertokira. Asiako uharteak Karangahan konpainiak ordezkatuko ditu. Mendeetan zehar Filipinek jasan dituzten inbasioen eraginez japoniarrak, txinatarrak, kaukasiarrak zein espainiarrak, hango folkloreak hamaika kulturaren tradizioa biltzen du. Peruko Identidad Taller de Danzas taldeari dagokionez, 1991tik herrialdeko tradizioa ikertzen, babesten, irakasten eta herritarren artean zabaltzen ahalegindu da. Beren dantzetan nekazaritza munduari lotuta dauden erritoak agertzen dituzte. Poloniako Nowa Hutak aberriaren historiari lotuta dauden dantzak interpretatuko ditu.
Buriatiako Badma Sesegek, Kolonbiako Ekobios Danzasek eta Euskal Herriaren izenean Elai-Alaik berak itxiko dute Portugaleteko jaialdia. Siberiaren hegoaldeko errepublika txikia da Buriatia, baina duen folklore aberatsak handi bihurtzen du herrialdea. Handik igaro diren tribuen ekarpenaren adibide da Badma Seseg. Ekobiosek adiskide esan nahi du, eta, izenak adierazi bezala, Kolonbiakoak Hego Amerikaren eta Afrikaren arteko lokarriak dira.
Dokumentuaren akzioak