Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Folklorea bere adierazpen guztietan

Dokumentuaren akzioak

Folklorea bere adierazpen guztietan

Aurrekoetan bezala, Portugaleten ez ezik Euskal Herriko beste 27 herritan arituko dira dantza taldeak

Egilea
E. Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2002/06/12

Dantza ikuskizunak erakusteko eta kultur adierazle bihurtzeko asmoarekin hasi zen Portugaleteko Elai Alai Kultur elkartea Nazioarteko Foklore jaialdia antolatzen. Hogeita zortzi urte geroago, hasierako asmoetan sakontzen jarraitzen du. Aurtengo deialdian zerbait berezia bilatu nahi zutela dio jaialdiko zuzendari Jose Ignacio Beitiak, eta Australiako talderen bat ekartzea pentsatu zutela azaldu du. Baina agenda arazoak zirela-eta azkenean beren ametsa airean desagertu da. Ez du inporta. Ekitaldiak badu pozteko moduko albisterik, eta horren adibide da uztailaren 25etik 28a bitartean Portugaletetik igaroko diren taldeen maila. Guztira zortzi talde gonbidatu izango dira: Cochabambako Folklore Eskola (Bolivia), Naiden Kirov (Bulgaria), Badma Seseg (Buriatia errepublika), Ekobios (Kolonbia), Karangahan konpainia (Filipinak), Nowa Huta Ahots eta Dantza taldea (Polonia), Identidad Dantza Tailerra (Peru) eta Portugaleteko Elai Alai bera.



Urtero bezala, ekitalditik igaroko diren konpainiek zenbait emanaldi egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Oraingoan hogeita zazpi udalerrik parte hartuko dute Elai Alaik zabalduriko ekimenean, hala nola Getxok, Tuterak, Bergarak, Durangok edo Azkoitiak.



Hiru kontinente aurrez aurre



Europa, Asia eta Amerikako dantza tradizioek topo egingo dute Portugaleten. Lehenengo kontinentearen izenean, Elai Alai antolatzaileaz gain, Bulgariako Naiden Kirov arituko da. 1960ean Danubio ibaiaren ertzean kokaturik dagoen Rosse hirian sortu zen taldea, eta ordutik hona Ivan Donevek gidatu du. Oholtza gainean konpainiako kideek dantzatu eta abestu egiten dute, eta askotan musikariek tresnak jo ez ezik dantzariei batzen zaizkie.



Kontinente beretik baina tradizio arras ezberdinetik dator Poloniako Nowa Huta. 1953an eraturiko taldeak lurraldearen historiari loturiko dantzak taularatzeko ohitura du, eta dantzarien mailak herrialdearen mugak zeharkatu ditu. Gaur egun konpainiak grabazio estudio propioa dauka eta antzezpen zein telebista saio ugaritan parte hartu du.



Asia aldetik, Baikal aintziraren magalean kokaturik dagoen Buriatia errepublikatik Badma Seseg izango da Portugaleten. Janzkera biziki zaintzen duen talde horrek mendeetan beren lurraldetan ibilitako etnien xarma eramango dute jaialdira. Filipinetako Karanghanek, berriz, beren ohituretan zenbait kulturek utzitako arrastoa agerian utziko dute.



Boliviako Cochabamba, Kolonbiako Ekobios eta Peruko Identidad dantza tailerra dira ekitaldian parte hartuko duten beste erakundeek. Lehenengoak Maya musika talde gazteak lagundurik egongo da bere antzezpenetan. Hego Amerikako dialekto batean laguna esan nahi duen Ekobiosek, berriz, afrikar kutsuko dantzak plazaratuko ditu. Bien bitartean, Cochabambakoek nekazaritzari loturiko errituak eta kantuak eskainiko dituzte.



40. urteurrena



Ekitaldi ugari elkartearen eguna ospatzeko



Dagoeneko 40 urte igaro dira Elai Alai kultur elkarte gisa jaio zenetik hona. Denbora horretan erakundean inplikaturik dauden pertsonek hainbat gauza egin dituzte Portugaleteko kultur emaria sendotze aldera, baita ere lorturiko emaitzak kanpoan ezagutarazteko. Horregatik, orain urteurrena gertu dutela Elai Alaikoek zenbait ekitaldi prestatzea erabaki dute. Ekainaren 21ean, adibidez, elkartearen ibilbidea jasoko duen argazki erakusketa paratuko dute taldearen egoitza nagusian. Handik sei egunera 70eko hamarkadan euskal kulturaren eragile izan zirenen arteko mahai-ingurua antolatuko dute. Hizlariak kulturaren alde lan egitera zerk bultzatu zituen azaltzen saiatuko dira. Hilaren 30ean, berriz, antzinako erromerien espiritua berreskuratuko dute Abornikanotik Izarrara abiatuko den kalejiran. Ospakizunekin jarraituz, uztailaren 2an publikoari ateak zabalik arituko da elkartea eta egun horretan bertan afari bat egingo dute elkartean, parte hartu duten guztiekin. Biharamunean Elai Alaitik gertu egon eta hil diren kideen aldeko elizkizuna egingo dute.

Dokumentuaren akzioak