Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka folklore story

Dokumentuaren akzioak

folklore story

Antzerkia, dantza, bertsoa, bideoa eta kantua nahasten ditu Mattin Irigoienek zuzendutako lanak; egungo bizitzaren gorabeherak oinarrian, euskal kulturaren folklorizazioa salatzen du

Egilea
Nora Alberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2004/06/17

Horrela esplikatuz, aferak laster hartzen du pastoralaren itxura. Artetik erraiteko, pastorala baino garestiago aterako da bere 100.000 euroko aurrekontuarekin.



Baina hori bai, ez da pastorala bat. Ez da ere tobera bat, ez kabalkada, ezta antzerki soil bat ere. «Horiek guztiak gogoratzen ditu aldarteka», esplikatu zuen Pette Irigoin, ikusgarria muntatzeko sortu duten Pika elkarteko lehendakariak. «Mattinkeria» bat dela zioten irriz ikusgarriaren bultzatzaileek. Mattin Irigoienek baitu ikusgarria zuzendua, Iñaki Etxelekuren laguntzarekin. Hark du ikusgarriaren hari gorria den antzerkia idatzia, baita kantuak ere. Ikuskizunaren mamia bera, Bunuztar Xoriak dantza taldearen istorioa da. Sortu denetik, 30 urtez taldeak eraman bidea. Denboran errinte eta apezek zuten sortu. Euskal kultura folklorizatzea zuten xedea, bizitik ateratzea. Eta lortu ere. Gaurko egunean zinezko dantza talde bat baino «dantza eskola bat bilakatua da. Kultura folklorea bilakatua da. Euskara galtzen den bezala, kultura bizitik ateraia da», damutu zen Xabi Elgart taldearen lehendakaria. Halabehar horretatik jalgitzeko, ikusgarriak folklorizazioa salatu eta hats berri bat aldarrikatzen duela, ikusgarria bera berritasunez josia da. Dantza, kantu, bertso, musika eta bideoa nahasten dituela.



Ideia eta hats berriak



Vade Retro Zutanaz apezen dantzaren gisara, sorkuntzak leku handia badu ikusgarrian. Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantzen ikuspegi berri bat eskaintzen du nolabait. Gaur egungo bizian oinarritua, minak, arazoak eta pozak taulagaineratu dituzte. Beti «bazter so batekin, trufa anitzekin, baina langunarteko giroan» azaldu zuen irriño batekin Irigoienek. Alabaina, nork bere buruari burla egiteak leku handia badu ikusgarri honetan, tituluan agertzen den bezala. «Eztabaidak izan ditugu testuaz. Errealitatetik anitz hartzen baitut. Lan honen idazteko, herritarrekin mintzatu naiz. Oztibarreko giroa nireganatzen entseatu naiz». Irigoien berez amikuztarra baita.



Herritarrek dutela ikusgarriaren ideia izan, «horrelako gauzak antolatzean iduritzen zait norbera bere euskalduntasuna xekatzen ari dela, nolabait taulagainean euskaldun bezala agertzeko behar batek puxaturik edo», zioen Irigoienek. Arriskua «atzoko ustezko tradizio mitifikatu horretan mugatzea da. Gure kulturaren turistak bilakatuak gara. Horrela ez da gehiago aitzinatzen. Gauzen zentzua gaurko bizian hartu beharra dela da lan honen mezua». Horretan Oztibarrek badu mitotik. Alabaina, Oztibarre, Izura, Bunuze, Larzabale, Hozta, Donaixti-Ibarre, Ibarla, Arantsusi eta Jutsik osatu eskualdea da, aski berezia da. «Hiririk gabeko ibarra izanik, birjintasun eta euskalduntasun higaezin bati identifikatzen da maiz. Irudi hori, alta, faltsua da, hemen ere euskalduntasuna galtzen ari da». Baina ororen buru arazo hori ez da Oztibarrena bakarrik. West Ibarre hitz jokoarekin, Pirinio Atlantikoetako mendebaldea deitua dela gero eta gehiago Ipar Euskal Herri hau gogoraratzeko begi keinua da. «Geografia nahi dugun bezala ikusten dugula, euskararen galera dela, folklorizazioaren gai horiek oro, Euskal Herria osoan atzematen diren arrangurak dira horiek. Gure errealitatearen begirada desberdinak ikusteko gomita bat da ikusgarria», bururatu zuen Irigoienek.

Dokumentuaren akzioak