Dokumentuaren akzioak
Folklore azoka prestatzen ari dira Portugaleten
Hainbat elkartek euren lana aurkeztuko dute maiatzaren 6an eta 7an
Nazioarteko Folklore Jaialdiaren antolaketak
ematen dion eskarmentu eta gaitasunean oinarrituta, erronka berriari
heldu dio Elai-Alaik. Gorka Saez, Elai-Alai Kulturuneko
koordinatzailearen esanetan, «folklore alorrean lanean dihardugun
elkarte eta sustatzaile bakoitza geure aldetik gabiltza urtean osoan
zehar, eta azokaren bidez, urtean behin besterik ez bada, ahalik eta
lagun gehien bildu eta gure lanak aurkeztu ahal izateko espazio bat
sortzea da asmoa». Jarduera biziko alorra dela diote Elai-Alain eta,
horregatik, toki handia behar zuten azokarentzat. Portugaleten bertan,
hornidura-azokan aurkitu dute gune egokia. Proposamenak berehalako
erantzuna izan du bai alor horretan lanean dihardutenen aldetik eta
baita erakundeen aldetik ere. Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera,
Metrobilbao, Euskaltel, BBK eta Bilboko Portu Autonomoak babestuko dute
azoka.Dagoeneko hainbat elkartek baieztatu du folklore azokan bere
lanak erakusteko interesa. Bertan izango dira Euskal Dantzarien
Biltzarra, Ikerfolk, Bertsozale Elkartea edo Getxoko udaletxeko Kultura
Saila besteak beste. Iruñeko San Lorentzoko dantzariek abuztuko
jaietarako orain urte batzuk sortu zuten dantza sorta erakutsiko dute
azokan eta Jesus Pomaresek dantza horien sorreraren nondik norakoak
aurkeztuko ditu. Horiez gain, Portugaleteko Elai-Alaiko dantzariak,
Ezkerraldeko hainbat dantzari txiki talde, eta Tapia eta Leturiaren
erromeria eta Kukuma taldearen emanaldia eskainiko dira. Hitzaldien
artean aipatzekoa da folklore adituak arituko direla, besteak beste,
Juan Antonio Urbeltz, Emilio Xabier Dueñas edo Patxi Laborda izango
baitira bertan.

Folk lehiaketa

Portugateleteko I. Folklore Azokan folk musika taldeen lehiaketa egingo
dute. Azokaren agertoki nagusian egingo dituzte emanaldiak musika
taldeek eta lehiaketaren irabazleak disko bat grabatzeko aukera du sari.

Bertsolaritza tailerrak egingo dira, herri musika tresnen ingurukoa
eskainiko du Juan Mari Beltranek, albokakoa Ibon Koteronek, eta
perkusio, kanta tradizionalak, txalaparta, dantzak eta jolasak ikasteko
tailerrak eskainiko dira. Kale animazioa izango da, Aritza Bergara eta
Iker Diez txalapartariak, pertsonaia mitologikoen kalejira Orritz
taldearekin, Ibon Koteronek gidatutako albokari taldea, Hala Dzipo,
Bizkaiko trikitixa elkartea, eta Euskal Herriko hainbat txokotik
hurbildutako fanfare, gaita jotzaile, trikitilari eta musika taldeen
eskutik.
Dokumentuaren akzioak