Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Folkirrika, zer ote?

Dokumentuaren akzioak

Folkirrika, zer ote?

Egilea
Ander Machain Blasco
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2024/10/25
Lotura
Berria

Atzean laga dugun asteburuak Kuartangora eraman nau, Arabako herri txiki batera, Folkirrika jaialdiaren hirugarren ediziora. Whatsapp aplikazio bidez heldu zitzaidan gonbidapena, audiobidez eta, geroago, jaialdiak izango zuen kartela ikusi nuen. Kartela oso polita zen, artista paregabe batek egin zuen ziurrenik baina, kartela izaki, ezin zuen Folkirrika jaialdia den guztia adierazi formatu kontuek dituzten mugak direla medio.

Folkirrika Balfolk bat da baina, zer da Balfolk-a? Bada, Balfolk-a munduko kultura ezberdinetan dauden dantzak elkar trukatzeko espazio bat da. Bertan, publikoa ez da publiko pasibo bat izan ohi musikariek publikoa parte-hartzaile izatera eramaten baitute, dantzara bultzatuz. Hala ere, zer gertatzen da norbaitek dantzaren bat ezagutzen ez badu? Horrelako kasu asko egon ohi dira eta zinez diot hori ez dela jaialdia ez gozatzea eragingo duen ezer, Balfolk-a jakintza elkartruke bat ere badelako, dantza ezagutzen dutenek besteak gidatzen baitituzte eta, gainera, estilo librea beti da ongietorria.

Hala ere, aurreko paragrafoa teoriari bakarrik dagokion informazioa da. Folkirrika, gainera, C.S. Lewis idazlearen Narniako kronikak sagako bigarren liburuan agertzen den armairuaren antzeko zerbait da: beste mundu batera sarrera. Gidoi oso zurrunek antolatzen duten bizitzetan, atsedenik hartzen ez duten epaiketa sozialek eragiten dituzten konplexuen garaian eta pertsona oro etiketatu behar dela dirudien momentu honetan, horri guztiari ezetz esateko lekua aurkituko du armairuaren atea gurutzatzeko ausardia duen zorionekoak. Gorputzari aske izaten uzteko lizentzia osoa emango zaio Folkirrika komunitatera elkartzen zaion edonori. Inork inori barre egin gabe, denok aske, izan baldar, dantzari bertutetsu, beterano edo mundu honetan berri, artista musikari zein entzule soil... Finean, kulturei, tradizioei eta folkloreei egiten zaien omenaldi moduko bat da, hein batean behintzat.

Gainera, kontzertu-dantzaldiak eta jam session-ak gaueko kontuak besterik ez dira; egunean zehar ere egon ohi da zereginik Folkirrikan: askotariko tailerrak, ikastaroak, yoga saioak... ere egoten dira eta, norbaitek gainontzekoentzat interesgarria izan daitekeen zerbait eskain dezakeela uste badu, antolatzaileak espazio bat eskaintzeko bide bat egiten saiatu ohi dira ezer promestu ezin badezakete ere.

Bada dibertsitatea elkarbizitzarako muga bat dela pentsatzen duenik; bada, Folkirrikak (nahita edo nahi gabe) hori ez dela horrela frogatu du: Folkirrikara hemengo eta hango jendea etorri ohi da beraz, hemengo eta hango hizkuntzak entzun (eta praktikatu) daitezke (irribarre bat marrazten da nire aurpegian honetaz pentsatzen dudanean). Mutil-mutil/neska-neska dantza-bikoteak ikus daitezke eta baita neska-mutil bikoteak ere, baita honi garrantzirik eman gabe lehengo harrapatzen dutenarekin dantza egiten dutenak ere. Ezezagunekin edukitzen diren elkarrizketak ere bikainak dira, entzute-aktiboz beteak, eta tonu atseginekoak, izan adostasunetik zein desadostasunetik, baina beti eroso.

Azkenik backstage-az hitz egitea besterik ez zait geratzen. Folkirrikak antolatzaile nagusi paregabe batzuk baditu ere, auzolana ere baliatzen du guztia ahal bezain ondo atera dadin. Bertan jende zoragarria ezagutu ohi da, zorionekoa ni Dani, Arantza, Tamara... eta beste hainbat ezagutu baititut horri esker. Bertan egin dudan lanaren ordainsaria horrelako jendea ezagutzea bada, jar nazatela asteburuero 30 pertsonarentzako oturuntzak egiten! Hau guztia esan eta gonbidapen bat egitea besterik ez zait geratzen, irakurle paziente maitea: etor hadi Folkirrika IV-ra gazte zein ez hain gazte! Eta, ahal badun/k, izan hadi boluntario taldeko parte!

Dokumentuaren akzioak