Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Floriturak eta estrukturak

Dokumentuaren akzioak

Floriturak eta estrukturak

Egilea
Luis Aranberri 'Amatiño'
Komunikabidea
Enpresa Bidea
Tokia
Eibar
Mota
Iritzia
Data
2025/03/27
Lotura
Enpresa Bidea

Orain hirurogei urte inguru-edo, Eibarko euskal kultura-ekimenetan ari ginen pare bat lagun deituak izan ginen bilera izan genezan Ordizia aldean, non, ezustean, ETArekin lan egiteko aukera eskaini ziguten. Artean gertatzear zen Txabi Etxebarrieta, Iñaki Sarasketa eta guardia zibilen arteko tiroketa eta ezezkoa eman bagenien, ez zen izan lankidetzarik nahi ez genuelako, eskaini ziguten lan-mota ez zitzaigulako aproposena iruditu baino.

Aukeran nahiago izan genuen gure herri-mailako ekitaldi xumeak bezain zehatzak antolatzen jarraitu (dantza eta txistu-taldeak, kantaldiak, bertso-saioak, euskara-ikastaroak, euskal jaiak…), proposatzen zizkiguten oihartzun handiagoko zarata eta abarretan jardutea baino. “Floritura” haiek ez zirela guretzako modukoak esan eta etxera itzuli ginen inozo asko. Orduan hurrengo bost hamarkadetako hondamendia sumatu izan bagenu, seguru gero ez genuela sekula “floritura” hitzik aipatuko. Baina, ziur aski, beraiek ere ez zekiten, artean, zer eskaintzen ari zitzaizkigun.

Honetaz guztiaz gogoratu naiz, Txillardegi hizkuntzalari saiakeran (Markos Zapiain. Elkar, 2024) irakurri dudanean, euskaralari donostiarrak "euskararen aldeko borroka, aurrena, abertzale faltsuen aurka abiatu behar izan zuen, hizkuntza adierazpen folklorikotzat jotzen zutenen aurka, dantzaren, txistuaren, pilotaren, sukaldaritzaren edo abarken eta kaikuaren maila berean”.

Ez dakit zein neurritan zilegi ote den benetako abertzaleen eta faltsuen arteko bereizketa egitea, baina ez dut uste inondik ere justua denik Francoren diktadurapeko lehen belaunaldia horren estu hartzea. Frankismoak utzi zuen aukerarik bakarrenetakoa “peculiaridades regionales” delakoa izan zen, eta lapiko horren barruan egosi ziren 1960eko hamarkadaren amaiera arteko ekimenik gehienak, apaizen babespean batez ere: dantza, txistu eta antzerki-taldeak; bertso, otxote eta abesbatza-jaialdiak; erdi ezkutuko euskarazko klaseak, euskal kantak, lehen disko eta aldizkariak.

Urrutiegi joan gabe, eta lagin gisa baino ez, ez dut batere zalantzarik gure ingurua nabarmen beranduago iratzartu izango litzatekeela baldin Bizkaian Olaeta eta Dindirri taldeak izan ez balira; Deban Lehen Euskal Jaia eratu izan ez balitz edo, Eibarren, Lehen Umeen Euskal Jaia. Historia besterik izango litzateke, Elgoibarko Izarrik izan ez balitz, Ondarroako Kresala elkarterik, Zarauzko Oleskariak edota Zornotzako Udabarri dantza-taldearen egoitzan “Kili-kili” haurrentzako aldizkariaz lan egin izan ez balitz.

Hiru hamarkada haietan berrehundik gora dantza-talde aritu ziren mendebaldeko hiru euskal herrialdeetan, eta hartara hurreratutako neska-mutilik gehienak ez ziren talde haietan aritu euskara adierazpen folklorikotzat zutelako, ezpada giro hartan aurkitzen zutelako faltan sumatzen zuten joera lehenik eta tirakada gero, euskara tarteko, 1950eko zein 1960ko hamarkadetan dantzari izan ginenok lekuko.

Lehen estrukturak

Txillardegi hizkuntzalari estrukturalistak gogoan zuen 1968ko maiatzean marxistaren batek idatzi zuela Sorbonako Unibertsitatearen arbelean: “Estrukturak ez dira karrikara jaisten”. Alegia, Jacques Lacan psikoanalista, filosofo eta hizkuntzalari estrukturalistari garrasika gogoraraziz, estrukturek baino gizakiek egiten dutela historia: “Jendea zegoen karrikan! Estrukturek ez zuten poliziaren zartakorik pairatu!”. Eta Lacanek ziztu bizian erantzun: “Hain zuzen, estrukturak karrikara jaitsi direla erakutsi dute maiatzeko gertaerek, zerbait erakutsi badute!”.

Lacan maisuaren ubera beretik, Francoren diktadurapeko hamarkada luzeetan, euskal munduarekiko kontzientzia bizirik eutsi eta transmititzeko tresna eraginkorrak izan ziren, besteak beste, dantza eta txistu-taldeak. Euskara eta euskal kultura bultzatzeko gizarte-egitura eraginkor eta bakarrenetakoak herri askotan, batere zalantzarik gabe gerra ostean kalera jaitsi ziren lehen euskal estrukturak.

“Floriturak” aipatzen hasi gara eta, geroztik gertatua gertatu, aitortu ere aitortu beharko, ez zela hitz hura azken zazpi hamarkadotan bizi izan duguna adierazteko modurik aproposena. Baina, paradoxa bada ere, argigarri Eñaut Elorrietak kantatutako Joseba Sarrionaindiaren poema: “Agian hasieran bertan ekibokatu ginen mundura euskaldun sortzean. Eta gero ez genuen iraultzaren borrokatik apartatzen jakin. Esna-kantu bat abestu genion sehaska hutsari”.

Hain zuzen, sehaska hutsari esna-kantua abestea ez ote hutsaren hurrengoa, floritura samarra alegia? Edo, floriturak ote, ondoriozko hainbat eta hainbat hiletatako lore-koroiak? Eta, ukroniarik asmatzekotan, Txillardegik aipatu nahi ez arren, inor hiltzen tiroka jardun beharrean… dantzan egin izan balute?

Dokumentuaren akzioak