Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Flamenkoaren txalotan, maskulinitatea auzitan

Dokumentuaren akzioak

Flamenkoaren txalotan, maskulinitatea auzitan

Ursula Lopez flamenko konpainiak emango dio hasiera Donostiako 85. Musika Hamabostaldiaren Viktoria Eugeniako zikloari. 'Izenbururik gabeko komedia. Dantza eta flamenkoa Federico García Lorcaren berpizkundean' ikuskizuna aurkeztuko du, gaur 20:00etan.
Egilea
Garazi Karrera Lopetegi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/08/06
Lotura
Berria
Ursula Lopez flamenko dantzaria Viktoria Eugenia antzokiko prentsaurrekoan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ursula Lopez flamenko dantzaria Viktoria Eugenia antzokiko prentsaurrekoan, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

«Goiaingeruak, faraladun soinekoak goratzen dira zerura», idatzi zuen Federico Garcia Lorca poetak Izenbururik gabeko komedia (1936) antzezlaneko hirugarren eta azken ekitaldian. «Eta, hain zuzen ere, hor hasten da Garcia Lorcaren lanean barrena eramango gaituen dantza emanaldia, flamenkoak eragindako dantzatik, erbesteko flamenkotik», azaldu du Ursula Lopez koreografo eta zuzendari artistikoak. Ursula Lopez flamenko konpainiak Izenbururik gabeko komedia. Dantza eta flamenkoa Federico Garcia Lorcaren berpizkundean ikuskizuna aurkeztuko du gaur Viktoria Eugenia Antzokian (Donostia), 20:00etan.

Lopezen hitzetan, «antzerki sozialaren, auto sakramentalaren eta esperimentu literarioaren arteko nolabaiteko nahasketa» izango da konpainiak gaurko emanaldian eskainiko duena. «Erbestean zein frankismopean sortu eta garatutako flamenkoak biltzen ditu ikuskizunak. Eta, eszenaratze horretan, elkarrekin bizi dira Galdes nahiz Farrucoren dantza puruak, besteak beste. Horiei, Lorcaren dramaturgiak batzen zaizkie, flamenkoa munduko eszenatoki abangoardistenetara eraman zituzten dramaturgia horiek». Koreografoak azaldu duenez, gizonaren eta maskulinoaren munduan jartzen dute arreta: «Kontraesana emango luke nolabaiteko gizontasun homosexualean pentsatzeak, baina hori bera da gure irudi flamenko askotako protagonista. Urte horietako flamenkoa maskulinitate berriaren kontraesan laborategi bat bihurtu zen».

Garcia Lorcaren lanaz gain, beste hamazazpi piezatan oinarrituta sortu du Lopezek ikuskizuna; horien artean dira Gabriela Ortegaren Lorcaren poema (1936-1977), Vicente Escuderoren Seguiriya / Ballet de la seguiriya (1940-1942), Jose de la Vegaren Lorca e il Flamenco (1936-1977) eta Rafael Aguilarren El rango / La casa de Bernarda Alba (1936-1977). Koreografoak adierazi duenez, zerak harritu du gehien, artistek sorkuntzarako «askatasuna» zutela: «Egun baino modernoagoak eta apurtzaileagoak ziren garai hartako artistak. Sortzeko orduan askeak ziren, ez zuten ez beldurrik ezta taburik ere. Horregatik, sortu dugun materiala ederra eta hunkigarria da». Lan horiek ikuskatzean, «esentzia» mantentzeko, orduko koreografiak errespetatzea izan da garrantzitsuena Lopezentzat.

'Tximeletaren sorginkeria'-ren jarraipena

Hirugarrenez arituko da dantzan Lopez Donostiako Musika Hamabostaldian. Pozik eta eskertuta azaldu da koreografoa, eta esan du «pribilegio» bat dela jaialdian parte hartzea. «Proiektua aurrera ateratzeko, izugarrizko laguntza eman dio Hamabostaldiak», gaineratu du. Tximeletaren sorginkeria Andaluziako Ballet Flamenko konpainiaren buru zela taularatu zuen 2022ko Musika Hamabostaldian, eta gaurko ikuskizuna horren jarraipena dela azaldu du.

«Tximeletaren sorginkerian emakumeei zegozkien koreografiak eta eszenaratzeak ez dute inolako zerikusirik, Izenbururik gabeko komediarekin alderatuta; areago, oraingoa, niretzat, guztiz kontrakoa dela esango nuke, alde negatiboa lantzen du», nabarmendu du Lopezek. Kasu honetan, poeta hil osteko obrak baliatu dituztenez, «zorigaitzez» betetako narrazioetan oinarritzen dira, baina «bihotza hunkitzen» dute. «Ez da erakustaldi soil bat, energia kontu bat ere bada. Jendeari beste zerbait emateko dago dantza», esanez amaitu du prentsaurrekoa gaurko protagonistak.

Lopezek ikuskizun honetan lankide izango ditu Benvido Fonseca (koreografoa), Pedro G. Romero (gidoia eta dokumentazioa), Alfredo Lagos, Juan Jimenez et Antonio Moreno (musika), Maria de la Camara (argiztapena), Belen de la Quintana (jantziak) eta Juan Jose Cañadas (soinu espazioaren diseinua). Bestalde, Julia Acosta, Aitana Rousseau, Miranda Alfonso, Manuel Jimenez, Federico Nuñez, Ivan Orellana eta Jesus Hinojosa izango dira dantzan. Zuzeneko musikaren arduradunak Perrate eta Sebastian Cruz (flamenko kantariak), Alfredo Lagos (gitarrista), Juan Jimenez (saxofonista) eta Antonio Moreno (perkusioa) izango dira.

85. Musika Hamabostaldiaren antzokiko zikloari hasiera emango dio emanaldiak, eta, horren ostean, Alexandra Dovgan pianoan entzuteko aukera izango da abuztuaren 19an. Hurrengo egunean, Krystof Harant idazle eta konpositore bohemiarraren bidaia musikala oholtzara eramango dute Vojtech Semeredek, Kiya Tabassianek eta Ramon Bareak. Egia ala geRuzak, Easo abesbatzaren eta Easo Sinfoniettaren lanak, osatuko du Viktoria Eugeniako egitaraua, hilaren 26an.

Dokumentuaren akzioak