Dokumentuaren akzioak
Flamenkoaren mundura bidaia
Madrilen flamenkoa ikasten ari den herritar bat dagoela
jakiteak bat baino gehiago harrituko du, ziur aski. «Euskal Herrian
flamenkoa arraro xamarra da. Gehiago esango dut: Madrileko ijitoei ere
arraroa egiten zaie euskaldun bat flamenkoa ikasten egotea», zioen Isaak
Aranberrik pasa berri diren santelmotan. «Izena ere galdu dut. 'El
vajco' deitzen didate han, Madrileko hizkera propio horrekin»,
gaineratzen zuen barrezka. Madrilen bizi bada ere, laister gurean izango
da, izan ere, Soledad Ruz dantzariak abian jarri duen 'Engarabi'
ikuskizuneko partaidea da Isaak. Ikuskizuna maiatzaren 21ean aurkeztuko
da Donostian.
Hainbat urtetan euskal dantzen munduan aritua (Zumaiako
Musika Eskolako euskal dantzen irakaslea izan da), 2008ko irailean hasi
zen flamenkoa ikasten Soledad Ruzek Donostian duen flamenkoko dantza
eskolan. «Engantxatu egin nintzen», onartzen du. «Ikasten ari nintzen
bitartean, buruan zuen prestatu nahian ari zen ikuskizun baten berri
eman zidan Solek. Bere bizipena azaltzeko gogoa zuen; bertako kulturekin
elkar lotzeaz gain, berak flamenkoa nola bizi duen kontatu nahi zuen».
Ikasturte horretan bertan erabaki zuen Isaakek kanpora
irtetea dantza desberdinak ikastera, horien artean flamenkoa. «Zumaian
lanarekin eta euskal dantzekin ez nuen behar adina denbora beste dantza
motak ikasteko. Beste dan-tza batzuk egiteko gogoa nuen eta horretarako
onena Madrilera joatea zela gomendatu zidaten». Asko pentsatu gabe,
eszedentzia eskatu zuen lan egiten zuen Maria eta Jose ikastetxean eta
Madrileko bidea hartu zuen. 2009ko iraila zen.
Madrilen dagoenetik, aurrerapen handiak eman dituela dio:
«Diferentzia handia dago astean bitan ordubeteko klaseak izan edo
eguneko 24 orduak dantzarako izatea». Flamenkoaz gain, dantza klasikoa,
jazza (dantza lirikoa eta funky-a) eta tangoa ikasten ari da. «Horrek
laguntza handia ematen du mundu honetan».
Pasa den azaroan Soledad Ruz berriro jarri zen
harremanetan Isaakekin. «Proiektu honen berri eman zidan eta nirekin ea
kontatzerik zuen galdetu zidan». Partaide bakoitzak kontrolatzen dituen
zatiak landuz eman zitzaion hasiera proiektuari. «Ikuskizun berezia
izango da. 25 lagunek hartzen dute parte eta bakoitzak lan handia egin
du. Flamenko puroa egongo da, flamenko fusionatua, euskal dantza
tradizionala, euskal dantza fusionatua, poesia, pintura... Musikak ere
era desberdin batean entzuteko aukera izango da», argitzen du
dan-tzariak.
«Hasiera batean arraroa egin badaiteke ere, jendeari
gustatuko zaiolakoan» da Isaak. «Hasieratik garbi izan dugu dantza hauek
kultura desberdinetakoak direla eta bakoi-tzaren nortasuna mantendu eta
errespetatu beharra zegoela. Horretan ibili gara».
Dokumentuaren akzioak