Dantzak bizi du Askoa Etxebarrieta Lasheras (Gasteiz, 1976). Eta bizi behar horretan bizitzen ditu hitzak oinen erritmora: abailan, eta sendo. Igandean dute berak eta Miren Amurizak Gorria ikuskizunaren beste emanaldi bat, Gasteizen.
Zer zerikusi dute flamenkoak eta bertsolaritzak?
Herriaren kultura dira nola flamenkoa hala bertsolaritza. Bulerien erritmoak eta egiturak, esaterako, bertsoenen oso antzekoak dira, eta horretaz ohartu ginen Miren [Amuriza] eta biok lanean hasi ginenean. Baina lotura garrantzitsuena horixe da: herritik sortutakoak direla biak.
Biek dituzte jolaserako elementuak.
Jolaserako, eta inprobisazioarako. Berdin juerga flamenko batean edo bertso saio batean. Berdin du gitarra jolea den edo dantzaria den, edo bertsolaria den. Ikuskizunetan badago koreografia bat, gidoi bat... baina inprobisazioaren funtsa hor dago bietan.
Zuen ikuskizunean ere bai?
Hitzak lotuta eta prestatuta daude gurean, mezu bat eman nahi dugulako, zerbait kontatu nahi dugulako, gure sentipenen berri eman. Badago horren inguruko lanketa bat; bai hitzena, bai koreografiena. Gero gerta daiteke niri ahaztea eta inprobisatzea, hori ere bai [barrez].
Gorria izena, zergatik?
Gorriak gauza asko izan litezke. Izan liteke pasioa, izan liteke emakumearen kontrako indarkeria... horregatik jarri genion.
Nola sortu zen ideia?
Mirenek posta elektronikora idatzi zidan behin, esanez nire emanaldi bat ikusi zuela eta gustatuko litzaiokeela elkarrekin zerbait egitea. Bitan pentsatu gabe esan nion baietz. Gustatzen zaidalako gauza ezberdinak egitea, jende ezberdinarekin, asko ikasten dudalako horrelakoetan. Esan zidan proiektua aurkeztuko zuela Lankun, eta beka eman ziguten. Asko lagundu digute.
Eta zer moduz Mirenekin?
Super pozik nago. Guk ez genuen elkar ezagutzen, eta emakume benetan interesgarri batekin egin dut topo, langile erabatekoarekin. Asko ari naiz ikasten berarekin.
Ari zaio jendeari gustatzen?
Harrera ona ari da izaten. Bertso programazioan sartzen da batzuetan, eta bertsozaleak joaten dira gehiago flamenkozaleak baino. Baina jendeari gustatu egin zaio. Mirenek berak esaten dit bertsolari askok esan diotela hori.
Badago Euskal Herrian afiziorik flamenkorako?
Bai, eta geroz eta gehiago. Apurtu egin da hor zegoen hesia: flamenkoa Espainiako kulturaren ikurra dela.
Eta ez da?
Francok flamenkoa hartu zuen, eta Espainiako produktu bakar gisa aurkeztu eta saldu. Horrek sekulako kaltea egin zion flamenkoari.
Esan izan duzu flamenkoa dela baztertuen eta zapalduen artea.
Herri baztertuetatik sortu zen flamenkoa. Ikerketa bat egiten ari naiz flamenkoaren jatorriari buruz. Eta harrigarria da zenbat gauza ezkutatu dizkiguten. Adibidez, Afrikako kulturak zenbaterainoko eragina izan zuen flamenkoan. Eta sekulakoa da. Antzinako Ekialdetik eta ijitoetatik zetorrela esan izan digute —eta ijitoena hala da, zalantzarik gabe—, baina Afrikakoa ez digute sekula kontatu .
Zergatik?
Espainia munduko herrialderik esklabistenetako bat izan zelako. Eta XVI. eta XVII. mendeetan Andaluzian bizi zen jendearen %15 beltza zen. Hortik dator haien eragina. Buleria bera zarabanda izeneko dantza batetik dator, eta afrikarra da hori. Mende horietan, beraz, biztanleria afrikarra, judua, arabiarra, ijitoa... nahasten dira, eta denen artean sortzen dute flamenkoa. Aldatu egin behar da flamenkoaren kontaera. Hori ari dira esaten zenbait aditu. Diote hori dena ezkutatu digutela, bere garaian Espainiari oso ongi zetorkiolako flamenkoaren ideia erromantiko hori saltzea atzerritarrei, tablaoak-eta betetzeko.
Eta zuk jarraitzen duzu fusioa aldarrikatzen. Orain bertsoarekin, baina lehen txalapartarekin.
Barruraino sentitzen naiz flamenkoa, baina euskalduna ere banaiz. Kultura hori ere edan dut, eta nonbaitetik atera behar da.
Ari zarete urtea osatzen?
Urrian lana egin dugu, eta azarorako eta abendurako ere baditugu egunak hitzartuta. Baina panorama kaskarra da kultur munduan. Batzuei ahoa betetzen zaie, baina gezurrak esateko. Begira zer gertatu den Plateruenarekin, bestela. Kultura ez da baloratzen.