Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Flamenkoak minarekin eta injustiziarekin konektatzen du»

Dokumentuaren akzioak

«Flamenkoak minarekin eta injustiziarekin konektatzen du»

Dantzaria eta irakaslea da Ruz. 1998tik gaur egunera arte flamenkoak Donostian egin duen ibilbideari buruzko disko-liburua argitaratu du: «Herrialde berde honi tantodun soinekoa jartzea lortu dugu».
Egilea
Enekoitz Telleria Sarriegi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/01/03
Lotura
Berria

JON URBE / FOKU

Zapateatu bat entzuten da goiko solairuan. Irekita dago atea. Tablao bat hutsik parez pare. Camaronen irudi bat horman, zelatari. Amara auzoan dago Soledad Ruzen (Donostia, 1972) El Duende de la Sole akademia. Ez-leku bat, leku bihurtua. Toki bat, tokiko batek egina.

Bailaora eta donostiarra, horrek ez dirudi oso flamenkoa...

Edo bai... Eta hementxe daukazu adibidea. Aitaren aldetik andaluziarra naiz, amaren aldetik galiziarra, eta ni flamenkoa eta donostiarra.

Eta Donostian eskola klandestino batean dantzan ikasitakoa?

Halaxe da. Garai hartan, flamenkoa eta politika lotzen zituztenez, egiten zuten apur hori ezkutuan egiten zuten. Margot Eskudero irakasleak sekulako lana egin zuen. Madril etorbidean jarri zuen lokal txiki bat, eskaileretan behera jaitsita, korridore bat, ez kartel, eta ez iragarki. Han biltzen zen emakume lotsati talde bat dantzan ikasteko. Umea nintzen, baina hura izan zen nire lehen harremana flamenkoarekin.

Zein da Soleren duende hori?

Bi ikaslek asmatutako izena da. Zioten badudala xarma, konexio berezi bat, flamenkoa transmititzeko.

Eta zein da Soleren lorpena?

1998tik 2022ra dantza flamenkoari esker, nire arteari esker bizitzea.

Diozunez, «tantodun soineko bat jarriz herrialde berde bati».

Kamelamos Adiquerar izeneko ijito elkartearekin hasi nintzen lanean. Elkarteko presidente Monchok beti erabiltzen zuen esaldi hori: «Herrialde berde honi tantodun soineko bat jarri behar diogu». Transmititu zidan, eta uste dut lortu dugula.

Ulertzen da flamenkoa Euskal Herrian?

Bai, eta oso ongi ulertzen duen jendea dago, baina gutxiengo bat da. Eta gutxiengo horrek flamenko tradizionala kontsumitzen du. Baina beste asko nahastuta daude.

Zerekin daude nahastuta?

Andaluziako folklorearekin, sevillanekin... eta horrek ez du zerikusirik beste flamenko mota horrekin.

Gipuzkoa baino plaza hobea omen dira zuentzat Nafarroa eta Ipar Euskal Herria.

 

 

Sanferminak, zezenak... flamenkoari lotuta joaten dira, eta hori gertatu da Nafarroan. Hori, eta Sabicas gitarra jolea Iruñekoa izatea. Aldiz, Baionan, Donibane Lohizunen, Miarritzen... Andaluziako etorkin asko dago, eta ijito asko ere bai. Hori ezin dugu ahaztu.

Diskriminatua sentitu zara inoiz?

Bai, askotan.

Zer zentzutan?

80ko eta 90eko hamarkadetan askotan entzun behar izan nuen: «Ijito zantar hau!». Flamenkoa bigarren mailakoa zen orduan. Sevillanak, aldiz, goi mailakoak, Donostiako jende dirudunarenak, Feriara joaten ziren haienak —eta joaten dira oraindik ere—.

Aurreiritzirik badago oraindik?

Ez. Jende gazteak ez dauka halako pentsamolderik. Nik hemen 15-16 urteko neska euskaldunak dauzkat, eta flamenko eske datoz.

Indarkeria matxistaren biktimekin, SOS Arrazakeriarekin, Agifesekin... kolaboratzen duzu. Flamenkoak eta bazterrekoek ongi ulertzen dute elkar?

Flamenkoak badu sentsibilitate berezi bat babesgabeekiko. Flamenkoa herria delako; herriarena da, eta herriaren sustraietan dago. Horregatik konektatzen du minarekin, emozioarekin eta injustiziarekin.

Euskaraz badakizu?

Bere garaian nahiko ongi hitz egiten nuen, baina galduz joan naiz. Ulertu ongi egiten dizut. Ama galiziarra zenez, ikastola klandestino batean sartu ninduen euskara ikasteko.

Berriz ere klandestinitatean?

Hori da [barrez]. Herreran zegoen ikastola. Amak bazeukan gazteleraz gain beste hizkuntza bat, eta nik ere eduki nezan nahi zuen.

Zer da ondu duzun Flamenca de Sal disko-liburua?

1998tik gaur egunera arte flamenkoak Donostian egindako ibilbide bat, nik bizitakoaren bidez.

Kolaborazio garrantzitsuekin.

Tomatito eta Jesus de Rosario gitarra jole ezagunak, Kilino eta Kelian Jimenezen ahotsak, Saul Quirosen eta Rafita de Madriden ahotsa... Fods Recordsekin eman dugu argitara, plataformetan ari da tokia egiten, aurkezpen gehiago egingo ditugu, eta ikuskizuna udaberrian.

Dokumentuaren akzioak