Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Flamenko ona

Dokumentuaren akzioak

Flamenko ona

Cristina Hoyosen baleta

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Albistea
Data
2003/01/11

Ikuskizun erakargarria eskaini ziguten Cristina Hoyosek eta berak zuzentzen duen talde flamenkoak. Andaluziako meatzarien bizimodua drama bihurtu zuten gero oholtza gainean flamenkoaren bitartez adierazteko. Argumentua ahul xamarra izan arren, asmatu dituzten dantzei, musikei eta kantuei dramatismo handia darie, bai lur gaineko langile txiroen bizimodua kontatzerako orduan, eta baita lur azpiko meatzetan lan neketsuan diharduten langileen bizimodua kontatzerakoan ere. Kasu guztietan lur erauztearen mehatxuak sortzen duen ezpata moduko estualdia ongi islatu zuten.



Gorputzaren poesia



Ziragarriak ziren hori guztia lortzearren gizonezko dantzariek irudikaturiko laneko erritmoak, zapateatuen bitartez eginiko dantzak edota kantaoreak bere ahots apurtuarekin kantatu zuen meatzari kantua. Dramaren tentsioa flamenkoarenak diren erritmo oparo, markatu eta indartsuetatik ere bazetorren, eta talde diziplinatuak egoki islatu zuen, bai jai giroan —sevillanetan— baita emakumezkoen hausnarketetan ere — oso polita izan zen kriskitinekin eta besoekin konpondu zuten eszena—. Hor, Cristinak beso eta eskuekin egiten duen poesia eskaini zigun; arabeskoz beteriko irudia zen, errealitate gordina zein ametsetakoa aldi berean, liraina.



J.L.Rodriguezen musika ederra da, eta primeran interpretatu zuten hiru gitarristek. Halaber, taldearen perkusioa oso aberatsa eta zehatza izan zen: txaloak, kriskitinak, atzamarrak, taulak eta zapatak. Sarao betean, talde osoaren alardearekin bukatu zuten antzezpena.



Bilboko Arriagako eszenatoki ia biluzian, egon zen osagai eta argiztatze minimalistarik. Baina beharbada, ez zen beharrezkoa halakorik egotea. Emanaldiaren indar guztia baletaren indarrean eta musikaren poesian baitzegoen.

Dokumentuaren akzioak