'Tocar a un hombre'
Ideia eta zuzendaritza: Julio Ruiz.
Koreografo eta dantzariak: Julio Ruiz, Javier de la Asunción.
Lekua: Dabadaba aretoa.
Eguna: Azaroaren 16a.
Joan den astean, Donostiako Tabakaleran —eta Egia auzoko Bukowski tabernan nahiz Dabadaba aretoan— Labo XL: Donostiako Espazio eta Hizkuntza Eszeniko Berrien 5. jaialdia egin zen. Gorputza eta mugimendua ardatz duen lengoaia eszeniko orori lekua eman nahi izan dio jaialdiak: dantza garaikidea, antzerkia, zirkua… Tokiko eta nazioarteko artisten topalekua izan da, emanaldien erakusleihoa izatetik harago, formakuntzarako eta bilgune profesionalerako tartea ere eskaini diguna. Proposamenaren atzean Node kultur elkartea izan da, sorkuntza eta sortzaileak erdigunean jartzen dituen diziplina anitzeko konpainia. Jardunaldiok izan duten jatorri eta helburua ezagututa, aipagarria da kultur ekosistemari eskaintzen dioten arnasa; eta, ikusle gisa, esan beharrean nago aurkeztutako lanen kalitatea ere bikaina izan dela.
Julio Ruiz Almeriako dantzari eta koreografoaren Tocar a un hombre ikuskizunean izan nintzen, «flamenko garaikide» gisa aurkeztu zutena. Emanaldiaren amaieran, halere, ados egon ginen kidea eta biok: testigu izan ginen hori dantza baino askoz gehiago izan zen. Bi gizonen arteko harremanaz, maitasunaz, pasioez, eta muga zein zailtasun humanoez aritzen den lan honek mugimendua, antzerkia, musika eta testu poetikoa lantzen ditu; modu guztiz organikoan bateratuta, gainera. Narratiba arrazional edo linealetatik ihesi, irudi poetikoak, sinbolikoak sortu dituzte, ikuslea gora eta behera, ezker-eskuin eramaten duen errusiar mendi batean. Zaurgarritasunetik eta haragitik ari da Ruiz, haren sorkuntza prozesuak ondo erakusten duen bezala: Javier de la Asunción dantzariarekin ukimenetik abiatu da, elkar ukitzeak nora eramango. Artistak poema batean dio ez dakiela gizonak ukitzen, eta guk, ikusle gisa, adierazi beharra daukagu: gu, behintzat, ukitu gaituela… sakon ukitu ere.