Dokumentuaren akzioak
Flamenko berria
Eva Yerbabuenaren baletak 'A cuatro voces' eta 'Eva' ikuskizunak eskainiko ditu Iruñean eta Bilbon
Arrakasta ikaragarria izaten ari da konpainia. Lau ikuskizun egin ditu, eta lauak aldi berean eskaintzen ditu munduko txoko batean zein bestean. Atzo Bogotatik (Kolonbia) itzultzen ari zen, gaur Iruñean A cuatro voces eskainiko du, eta Aste Santuko oporren ondoren Eva taularatuko du Bilbon.Gure galderei autobusean lo kuluxka egiten ari zen bitartean erantzun die.
Eva
eta A cuatro voces ikuskizunek ez dute elkarren artean zerikusirik. Bata konpainiako lehena da, 1998koa, eta bestea konpainiako azkena, 2004koa. Eva Yerbabuenak ere bien arteko ezberdintasunak nabarmendu ditu: «Bien arteko ezberdintasuna agerikoa da. Azken lana osatuagoa da, esperientzia handiagoarekin egindakoa, urteetako eskarmentuak emandako segurtasunean oinarrituta egindakoa».Gaiak ere erabat bestelakoak dira: «Eva-n aurkezten dugun gaia flamenkoa da. Oso ondo landuta eta ordenatuta dago, baina azken finean flamenkoa da haria. Fandangoak, buleria, jotak, tangoakÉ Flamenkoa forma guztietan agertzen da». Esan daiteke, ikuskizuna bera autobiografiko samarra dela. La Yerbabuenak dantza egiten duenean sentitzen duen askatasuna eta gozamena islatzen ahalegindu da.A cuatro voces
ikuskizuneko abiapuntua bera da. «Izan ere, flamenkoa da niri gehien gustatzen zaidana, hori da ni dantzatzeko harrapatu ninduena, eta, beraz, hori erakutsi nahi diot jendeari». Hala ere, emanaldi horretan, koreografia eta dantza estiloa lantzeaz gain, sormen lan garrantzitsua egin du konpainiak beste hainbat alorretan ere. «Ikuskizunaren oinarria guri asko gustatzen zaizkigun lau poeta dira. Federico Garcia Lorca, Blas Otero, Miguel Hernandez eta Vicente Aleixandreren olerkiak dira kontakizunaren narratzaileak. Oro har, oso ikuskizun ederra da, oso osatua, asko sentiarazten duena».Egun gutxitan Kolonbian, Euskal Herrian, Espainian, Japonian, Frantzian eta Estatu Batuetan egingo ditu saioak Eva Yerbabuenaren baletak. Granadakoak flamenkoa lehen mailako dantza dela erakusteko sortu zuen proiektua, eta, emaitzak ikusita, badirudi bere ustea errealitate bihurtzen ari dela: «Nik ez dut horretan zalantzarik, eta munduko antzokietan jendea erotzen ateratzen dela eta txalo zaparrada ikusgarriak jasotzen ditugula ikusten dugunean, gure pentsamendu horretan are gehiago sinesten dugu».Herri kultura izanda ere flamenkoak masa kulturan leku bat egitea lortu du. Eva Yerbabuenak uste du arrazoia bakoitzak bere sustraietan sinestean datzala: «Sekretu bakarra bakoitzak bere sustraiak sentitzea, bere kulturan sinestea eta benetan sentitzen duen maitasun hori adieraztea da».Azken garaian, Euskal Herrira munduan barrena ezagun egin diren flamenko konpainia ugari iritsi dira. Rafael Amargo, Joaquin Cortes, Antonio Canales, Sara Baras, Cristina HoyosÉ Horien guztien artean bere lanaren berezitasunak adierazteko eskatuta, halaxe dio Yerbabuenak: «Ez da erraza, baina uste dut ikusleek berehala nabarituko dutela ezberdintasun handi bat. Bakoitzak flamenkoa ikusteko modu bat du. Nik esan dezakedan bakarra da ni flamenkoa helarazten saiatzen naizela. Ni maiteminduta nago flamenkoarekin».
Emanaldiak
Gaur: 20:00etan Iruñeko Gaiarre Antzokian 'A cuatro voces'
Apirilaren 21ean eta 22an: Bilboko Arriaga antzokian 'Eva'
Dokumentuaren akzioak