Dokumentuaren akzioak
Flakezia bertute
Aurtengo edizioak, ordea, betiko formatuaren
ezaugarriak berreskuratu ditu, baina bidean bost egunetik laura igaro da
eta uztaileko lehen egunetatik martxo erdira etorri da, nahiz eta data
hauetan ekitaldi asko izaten diren: Eibarko Antzerki Jardunaldiak, Bi
Harriz lau Xori, Korrika Kulturala.... Hala ere, saio pilaketa horrek ez
dio ikuslerik kendu eta emanaldien inguruko jakin-mina eta solasaldiak
beti bezain animatuak izan dira kaleko ikusle soilen eta eskarmentu
handiagokoen artean. DFeriak hitzordu garrantzitsua izaten jarraitzen du
sektoreko profesionalentzat, eta horren lekuko dira egunotan ezartzen
diren kontaktu informal ugariak eta alboko jarduerak. Esate baterako,
aurten berebiziko ikusmina sortu du Besteok izeneko plataformaren
aurkezpenak.
Hala ere, euskaldunon aspaldiko kezka da euskarak
dFerian duen pisu urria. Donostiako euskarazko programazioa aztertuta,
feriaren aurreko eta osteko asteburuetan euskarazko bi lan programatu
dira —Baginaren bakarrizketak eta XL town— eta hilaren amaieran Errautsak
antzeztuko da Victoria Eugenia antzokian. Beraz, ezin esan euskarazko
lanik ematen ez denik, baina aldi berean, deigarria da feria barruan
programatu ez izana.
Horretarako argumentu nagusia izaten da
dFeriara Espainiako programatzaile asko etortzen direla, baina aurten
Koreako Cho-in Theatrek korear hutsez ekarri du bere lana eta Teatro de
Marionetas do Portok ingelesez eta portugesez aurkeztu du berea. Lehena
euskarazko zein gaztelaniazko goi-tituluekin ikusi zen eta bigarrenean
hori ere ez da behar izan. Beraz, eta Espainiako lagunek hizkuntzak
ulertzerakoan jaiotzetiko arazorik pairatu ezean, guztiz posiblea da
euskarazko emanaldiak goi-tituluekin ematea. Gainera, nik uste dut
oraingo flakeziari buelta emanda, bertute ere bihurtu ahal dela: gure
feriak bere alde ditu giza ekipoaren gaitasuna eta dedikazioa, eta baita
ere programazioaren antolamendua eta espazioen egokitasuna. Baina,
esandakoaz gain, nortasun plus bat lortu ahalko luke euskarazko
produktuen kalitatea jatorrizko bertsioan eta beren itzulpenekin
aurkeztuta.
Azkenik, aurtengo programazioari begira, argi daukat
hautu okerra egin nuela Etxepare Institutuaren aurkezpena galtzean
astearteko emanaldi makalak ikustearren, baina trukean, kalitatezkoak
edo interesgarriak izan dira beste proposamen asko. Haien artean
bereziki aipatuko nituzke Dantzaz konpainiaren Mintzo eta Tanttakaren No me hagas daño, bata zein bestea orriotan aspaldi komentatuak, eta baita ere Natxo Monteroren Carni di prima qualitá harrigarri kementsua, Noemi Vianaren Menu del día artegagarria eta, nola ez, Portokoen Wonderland zoragarria. Beste guztien gainetik, ordea, korearren Hotel Splendid
nagusitu da, II. Mundu Gerran 200.000 neskatok japoniarrengandik
jasandako sexu-esklabotza era poetiko eta soilduan eszenaratzeagatik.
Emanaldiaren amaieran ikusle askok zutik txalotu zuten lanaren
bikaintasuna. Beste asko, ordea, besaulkitik altxatu ezinik geratu
ginen, gaiaren benetako gordintasunak jota.
Cho-in Theatreren Hotel Splendid. / -- / BERRIA
Dokumentuaren akzioak